NAIZ

Barnahus ereduan oinarritutako Haurren Etxea udazkenean jarriko dute martxan Araban

Udazkenean jarriko dute abian aspalditik garapen prozesuan zen Barnhaus ereduan oinarritutako zentroa Araban. Haurren etxea izango da eta, batez ere, nolabaiteko indarkeria pairatu duten adin txikikoak artatuko dituzte bertan.

Barnahus etxeak izango duen itxura.
Barnahus etxeak izango duen itxura. (IREKIA)

Barnahus ereduan oinarritutako Haurren Etxearen proiektu pilotua Araban garatuko da udazkenean. Osasun, hezkuntza, gizarte, polizia eta justizia sistemak integratuko dituen arreta homogeneo eta koordinatua eskaintzea du helburu, Lakuako Gobernuak azaldu duenez. Aspalditik garapen prozesuan zen egitasmoa.

Erreferentziazko gune bat prestatuko dute, eta bertan hainbat profesionalen esku-hartzea bilduko da, biktimek beren testigantza errepikatu behar dutenean edo hainbat zerbitzuren artean mugitu behar dutenean jasaten duten berbiktimizazioa saihesteko.

Lakuako Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetan Osakidetzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin erakunde arteko hitzarmen bat sinatzeko, udazkenean Barnahus abian jartzeko. EAEko lehena izango da eta izenak berak dioenez, haurren etxea izango da, hori da berbak islandieraz duen esanahia. Nafarroan ere eredu hori ezartzeko lanean ari dira.

Hitzarmena testuinguru kezkagarri batean sinatu dute. Izan ere, Ertzaintzaren arabera, 2020tik 2023ra bitartean adin txikikoei egindako sexu delituengatik 1.009 salaketa erregistratu ziren. Gainera, gora egin dute bikoteek edo bikotekide ohiek neskatilei eragindako indarkeria kasuek (%25) eta sexu-indarkeria delituek (%24,2).

Estatu espainiarrean, Barne Ministerioaren datuek berresten dute adingabeak direla azken urteetan sexu-erasoen gorakada gehien pairatu duten gizarte taldea.

Haurtzaroko eta nerabezaroko sexu-indarkeriak ondorio emozional, fisiko, kognitibo eta sozial larriak eragiten ditu, eta erantzun publiko koordinatua, espezializatua eta adingabearen interes gorenean zentratua eskatzen dute, Lakuako Gobernuak ohar batean azpimarratu duenez.

Proiektu pilotua

Behar guztiei horiei erantzuteko proiektu pilotua da Araban garatuko dutena eta osasun, hezkuntza,gizarte, polizia eta justizia sistemak integratuko dituen arreta homogeneo eta koordinatua eskaintzea du helburu.

Ereduak honako zerbitzu espezializatu hauek aurreikusten dituela azaldu du Lakuako Gobernuak: «Biktimei eta haien familiei laguntza, aholkularitza eta orientazioa ematea; balorazio medikoa eta psikologikoa; esploratzeko elkarrizketa eta deklarazioa hartzea; ingurune seguru batean aldez aurretik eratutako proba, bitarteko tekniko egokiekin; esku-hartze espezializatuaren beharrak baloratzea; laguntza terapeutikoa eta tratamendu ardaztua sexu-indarkeriak eragindako trauman».

Zentrora sarbidea borondatezkoa, doakoa eta konfidentziala izango da, eta biktimen eta haien familien duintasuna errespetatuko du.