
2025-2026 ikasturteari begirako lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu astearte goizean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Joxerra Bengoetxeak. Hain zuzen, uda osteko lehenengo bilera izan du errektoretza taldeak Donostian, Gipuzkoako Campusean.
Azaldu dutenez, ikasturte berriko eskolak irailaren 8an hasiko dira. 2025-2026 ikasturtearen irekiera ofiziala, berriz, irailaren 10ean egingo da, Imanol Pradales lehendakaria eta Zientzia, Unibertsitatea eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias bertan direlarik.
Astearte goizean, Joxerramon Bengoetxea errektorearen gidaritzapean, hiru lan-ildo nagusirekin ekin dio ikasturte berriari errektoretza taldeak. Bengoetxeak iragarri duenez, entzute-birari ekingo diote hurrengo hilabeteetan: «Ikastegi guztietan izango gara, ikasle, irakasle-ikertzaile eta administrazio-zerbitzuetako langileak entzun nahi ditugulako aurrez aurre».
«Errektoretza talde honentzat lehentasunezkoa da elkarrizketa eta elkarlana, hasieratik planteatu ditugu gure marka-identitatearen egiteko modu», adierazi du Bengoetxeak. Hala, entzunaldi saioak aktibatuko dituzte eta irailaren amaieran hasiko du entzute bira errektoreak, Arabako campusean.
Aurrekontuak
Aurrekontuei dagokienez, negoziatzeko «elkarrizketa zintzo eta leiala» sustatuko du EHUko errektoreak. Ildo horretatik, 2026ko aurrekontuak prestatzeko lanetan buru-belarri ari dela aitortu du: «Funtsezkoa izango da gure lehenbiziko aurrekontuak landu ahal izatea».
Azpiegiturak, baliabide pertsonalak eta, besteak beste, burokrazia arintzeko digitalizazio plana zehaztuko direla jakinarazi dute.
EHUren estatutuak berritu nahi dituztela adierazi du Bengoetxeak: «Batez ere, unibertsitate lege berriak ezartzen dituen eskakizunei egokitzeko, baina baita inpronta berri bat eman nahi diegu, funtzionalagoak izan daitezen eta zentroen eta ikastegien autonomiari garrantzia gehiago emateko».
Euskara nagusi
Bestetik, matrikulazio prozesua oraindik zabalik egon arren, matrikulazio datuak eskaini dituzte. Unera arte, 8.751 ikaslek egin du EHUn ikasteko matrikula eta 4tik 3tan bere lehenengo hautuan matrikulatu ahal izan da.
2025-26 ikasturtean, graduko 35.100etik gora ikasle izango dira unibertsitatean ikasten, eta gradua euskaraz egingo dute 10 ikasletik ia 6k (%57,35ek, euskaraz; %42,65k, gaztelaniaz).
Campusei erreparatua, %53,72 Bizkaiko campusean matrikulatu dira, %25,24 Gipuzkoan eta %21,04, Araban.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

