
Frantziar Gobernuak zor publikoari aurre egiteko agindutako murrizketen kontra protesta egiteko eguna izan zen atzokoa. Ekimen jendetsuena intersindikalak deituriko manifestazioa izan zen Ipar Euskal Herrian ere, zehazki Baionan eta Biarritzen.
Abantzu 11.00k zirela abiatu zen Lapurdiko hiriburuko Santa Ursulatik manifestazioa, eta martxaren buruan “Sakrifizioak, aski da!”(Les sacrifices, ça suffit!, frantsesez) zioen pankarta zeramaten intersindikaleko ordezkariek. Gizarte eredua bermatzeko, «aurrekontu justuagoa» galdetu zuten milaka herritarren sostenguarekin.
Hiri barneko karriken gaindi igaro ondoren, mobilizazioak Suprefeturaren egoitzaren aitzinean izan zuen helmuga eta han ere entzunarazi zituzten erosahalmenaren, zerbitzu publikoen eta erretreten defentsan martxan barreiatu zituzten aldarrikapenak. Antolatzaileen arabera, 10.000 herritar izan ziren martxan. Poliziak, aldiz, 4.000 manifestari zenbatu zituen.
«Nahikoa da langileentzako sakrifizioekin! Langileak ez dira defizitaren erantzuleak. Ez da gobernu-aldaketa kontua. Zerga eta gizarte ikuspegitik bidezkoa den aurrekontua nahi dugu», adierazi zuen Mercedes Graciet CFDTko saileko idazkariak.
Greba deialdiari dagokionez, sektore batetik bestera erantzuna ez zen berdina izan. Goizean garraioan ez zen gehiegi sumatu deialdia. Hala, Txik Txak sareko autobusak jardunean ziren eta Hendaia eta Baiona arteko aldiriko trenak ere normaltasunez ibili ziren. Goiz erditik landa lanuztea gehiago sumatu zen.
Hezkuntzan, sindikatuek emandako datuen arabera, jarraipen handia izan zuen deialdiak. Lehen hezkuntzan lau irakasletik batek greba egin zuen atzo. Eskoletako jantokietan jarduten duten langileen artean ere erantzun garrantzitsua izan zuen deialdiak. Derrigorrezko gutxieneko zerbitzuak ezarririk ere, Baionako erietxean ere nabaritu zen greba, eta botika generikoei buruz Parisko gobernuak harturiko arauaren kontra egiteko hainbat farmaziatako arduradunek jakinarazi zuten ez zituztela ateak irekiko.
BI LAGUN ATXILOTUTA BIARRITZEN
Baionako manifestazioa ez zen izan, ordea, eguneko aldarrikapen ekimen bakarra. Hala, goizeko 07.00etan Biarritzeko Irati erakustazokaren eremuan hitzordua eman ondoren, “Dena blokeatu dezagun” dinamikarekin bat, ekintza egin zuten ordubete beranduago 50 bat lagunek. Hiri bereko Hotel du Palais-en atarian manifestariak lurrean eman ziren sarrera hesitu ondoren eta afixa zabaldu zuten luxuzko hotelaren atarian, “Rendez-nous l'argent (Dirua itzul iezaguzue), edo hartuko dugu” leloarekin.
Polizia bertaratu zen atea libratzeko xedez. Tentsio uneak bizi izan ziren eta gutxienez bi lagun atxilo eraman zituzten polizia-etxera, eskuburdinak jarrita. Ekintza amaituta, manifestariek Baionarako bidea hartu zuten, bertan sindikatuek deituriko mobilizazioan parte hartzeko.
MILIOI BAT MANIFESTARI
«Milioi bat pertsona baino gehiago» atera ziren kalera atzo frantziar Estatu osoan sindikatuen mobilizazioei erantzuteko, Sebastien Lecornu lehen ministro berriaren aurrekontu-erabakietan eragiten saiatzeko xedez. Estatu osoan 260 manifestazio deitu ziren, Sophie Binet CGTko idazkariaren arabera.
Mobilizaziorik garrantzitsuena Parisen izan zen eta Poliziaren eta manifestarien artean liskarrak jazo ziren. Sindikatuen arabera, 400.000 lagunek parte hartu zuten Estatuko hiriburuko manifestazioan. Beste manifestazio jendetsuak izan ziren Marseillakoa (120.000), Okzitaniako Tolosakoa (40.000) eta Bordelekoa (35.000).
2023ko pentsioen erreformaren aurkako mugimendutik lehen aldiz bilduta, intersindikalak (CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires) erreforma horren aurkako hamalaugarren eta azken mobilizazioan baino jende gehiago batu zuen atzo. Ordukoan, 2023ko ekainean, 900.000 manifestari zenbatu zituzten sindikatuek.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
