
Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako ‘Maspalomas’ filmak eskuratu du aurtengo Sebastiane Saria. Gehituk, EAEko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak Donostiako Zinemaldiaren barruan urtero ematen du saria. Duela hogeita sei urtetik, LGBTIQA+ pertsonen balioak edo errealitateak ondoen islatzen dituen lanak, lehian direnak, saritzen ditu.
Filmak «ikusezintasunera kondenatutako belaunaldi bati begietara begiratzera» behartzen duela nabarmendu du epaimahaiak, eta gogora ekartzen duela «denok sexua garela eta praktikatzen dugula, baina ezin gaitezkeela gure sexualitatera soilik murriztu».
Vicente du protagonista ‘Maspalomas’ filmak. 76 urteko gizon honek, bikotekidearekin hautsi ondoren, Maspalomasen darama beti desio izan duen bizitza: eguzkitan etzanda, festan eta plazerraren bila. Ezusteko ezbehar baten ondorioz, ordea, Donostiara itzuli behar du. Bertan duela urte batzuk utzi zuen alabarekin topo egingo du. Han, egoitza batean dagoela, armairura itzuli eta konponduta zegoela uste zuen bere buruaren zati bat ezkutatu behar izan du. Gauzak horrela, galdera handi bati egin behar dio aurre: oraindik garaiz dago besteekin eta bere buruarekin adiskidetzeko?
Jose Ramon Soroizek gorpuztu du Vicente. Ondoan izan ditu Nagore Aranburu eta Kandido Uranga aktoreak.
Sebastiane Sariaren 26. edizio honetan Samantha Hudson, Jorge Muriel, Aritz Dendategi, Maria Fontan eta Nicolas Subiran izan dira epaimahaikideak. Euren epaian esaten dute, halaber, filmak agerian uzten duela «isiltasunak ez duela bakarrik isiltzen dena kaltetzen», baizik eta «denoi egiten digula kalte».
Sari banaketa
Sebastiane Saria emateko ekitaldia ostiral honetan egin da, Donostiako Gros auzoko Bidassoa Taproom-ean. ‘Maspalomas’ filmaren zuzendariek eta Jose Ramon Soroizek Samantha Hudson eta Jorge Murielen eskutik jaso dute saria.
Saria eman ostean Aniztasunaren Festa ospatuko da, Rita Lorenen musikak girotuta.
Gehituk Sebastiane Latino Saria ere ematen du. Aurten Diego Cespedesen ‘La misteriosa mirada del flamenco’ filmak irabazi du. Samantha Hudsonek ostiral honetan emango dio saria zuzendariari, Horizontes Latinos sailaren itxiera ekitaldian, 22.45ean, Kursaalean.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
