Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Lur kutsatuak birgaitzeko Ekoland proiektua, Hernaniko udal plenora

Hernaniko Udalaren eta Ekotrade enpresaren lankidetza hitzarmen proposamena aztertuko da hurrengo asteko plenoan. Lur kutsatuak birgaitzeko Ekoland proiektua dago hitzarmenaren muinean, eta haren jarduna eta kontrol neurriak barnebiltzen ditu.

Gorka Natxiondo Ekotradeko ordezkaria (ezkerrean) eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea.
Gorka Natxiondo Ekotradeko ordezkaria (ezkerrean) eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea. (HERNANIKO UDALA)

Hernaniko Jauregi auzoan, lehenbizi harrobia eta gero autoak desegiteko Zapiain enpresa zenaren eremuan, martxan jarri nahi da Ekoland proiektua. Lankidetza hitzarmena lehen urratsa da, ez da definitiboa, eta prozedurak luze joko duela aurreikusten da, araudien egokitzapenak beharko direlako. Eta pedagogia ona egitea ere nahitaezkoa izango da, auzotarrak aditzea, haien kezkak interpretatzea, lur kutsatuen birgaitzeko espazioa den neurrian, «kutsatu» hitzak duen estigma edo ortopedien jakitun, sortu diren kezkak kudeatu egin behar direlako. Eta ekar ditzazkeen askotariko onurak herriratu.

Hernani, oro har Euskal Herria, bezalako herri industrializatuetan lur kutsatuen inpaktoa ezin ezkutatuzkoa da. Eta noski, gizakia munduan biziko bada, mundua eraldatu egin behar du, inpaktu bat utzi behar du, ez dakigulako beste era batera bizitzen. Etxeak eraikitzen ditugu, industriak, nekazaritza behar dugu elikatzeko...

Lur kutsatu horiek (toxikoak ez diren eta arriskutsuak izatera iristen ez diren lurrak) egoki birgaitzeko, hondakin diren lurretatik lehengai diren materialak ateratzeko, tokian tokiko berrarebilpena bultzatzeko, espazio berritzailea, teknologikoki aurreratua, izan nahi du Ekoland proiektuak. Bertederoetara ez botatzeko, Nafarroara, Erriberara ez bidaltzeko. Lurren berriztatzea, bioerremediazio metodoaren bidez gauzatuko litzateke, lurrak garbitu eta birgaitzen dituzten bakterioen bitartez.

Ingurunea errespetatzen duen sistema honekin egingo duen lehen proiektuetariko bat izango da. Erabiliko diren teknologiak kantera eta zabortegi gutxi dituzten eta nahiko lauak diren Europako hainbat herrialdetan (Alemania, Herbehereak, Britainia Handia) jada erabiltzen dira. Bestalde, Europar Batasunaren legedi berriek obra eta herrilanetako materialeen %40 birziklatua izan behar duela agintzen dutela kontuan hartu behar da.

Udalak eta Ekotrade enpresak adostu duten lankidetza hitzarmenean, planta berriaren jarduna arautzeko eta inguruan izan dezakeen eragina txikiagotzeko neurriak jasotzen dira (interferentzi bisuala, soinu inpaktoak, betelanen kuota, pabelloien teilatuak…) baita Hernaniko ehun sozio-ekonomikoan eragiteko neurriak ere (besteak beste lanpostuena).

Hernaniko Udalarentzat proiektu garrantzitsua da, lanpostuak sortu eta bultzada ematen dio Hernaniko ekonomiari, herrian eta inguruan lur kutsatuekin dagoen arazoari konponbide bat ematera datorrelako, modu inklusiboan, eta Zero Zabor politiketan aurrerapausoa ere izango delako, lur kutsatuak egoki birgaitzeko guneak sortuz.