
Yala Nafarroa elkarteak, ‘Udazken palestinarra’ izenpean, hurrengo hilabeteetan zehar antolatuko diren ekimenak aurkeztu ditu astearte honetan Iruñean. Ekitaldien artean Nafarroa punta batetik bestera zeharkatuko duten manifestazioak, hitzaldiak eta kirol jarduerak prestatu dituztela jakinarazi dute, urtaroan zehar Palestinaren alde elkartzeko eta palestinarren eskubideak defendatzen jarraitzeko.
Bihar bertan hasiko dira agendan dauzkaten ekitaldiak, izan ere, ‘Cycling for Gaza’ ekimenaren baitan Donostiatik bizikletaz abiatuko diren ehun bat palestinar ailegatuko dira Nafarroako hiriburura. Palestinar diasporako kideak hiru egunetan Euskal Herrian zehar ibiliko dira, ‘Itzulera’ lelopean, palestinarrek euren lurraldera itzultzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.
Yalako kideek azaldu dutenez, ongietorria 18:30ean egingo zaie, Magdalenako zubian, eta Gazteluko plazaraino igoko dira gerturatu direnekin batera. Horren ostean, parte-hartzaileek ibilbidea jarraituko dute eta Donostiara bueltatuko dira ekimena bertan amaituz, baina antolatutako jarduerei hasiera emanez.
Urria eta azaroa ekitaldiz beteta egongo direla jakinarazi dute eta kronologikoki zerrendatu dituzte: ‘Cycling for Gaza’ ekimenaren ostean, urriaren 3an, Yala Erribera con Palestina elkarteak manifestazioa deitu; Tuterako Foru plazatik hasiko da, 19.30ean. Urriaren 8an eta 9an Raji Sourani, Gazako Giza Eskubideen Zentro Palestinarraren sortzaile eta zuzendaria, Nafarroako Parlamentuan eta Burlatako kultur etxean izango da.
Urriaren 15erako deituta dagoen lanuzte orokorra ere gogorarazi dute Yalako bozeramaileek, eta deialdia aktiboki babesten dutela ziurtatu dute. Era berean, urriaren 18an manifestazioa deitu dutela jakinarazi dute, Europari Israelgo Estatuarekin dituen harremanak erabat eten ditzatela eskatzeko. Yalako kideek «hitzak ekintzen truke aldatzeko» gizarte mobilizazioaren eta inplikazioaren garrantzia azpimarratu dute eta bi elkarretaratze hauetan parte hartzeko gonbita egin dute.
Hila bukatzeko, urriaren 25ean kirol ekitaldiei hasiera emango dien lehenengo jarduera antolatuko da, izan ere, Berriozarko ‘Kirol Solidarioaren Egunean’ parte hartuko dute Yala Nafarroako kideek. Azaroaren 2an eskalada izango da Palestinaren alde egingo duten kirola, Landabengo Bihatz rokodromoan 12 orduz bertan izango baitira. Kirolekin bukatzeko, azaroaren 8an Nafarroako Atletismo Federazioarekin batera etenik gabeko 12 orduko korrika saioa egingo dute Antoniuttiko pistaren inguruan.
Azaroaren azkeneko astean hitzaldiak eta manifestazioak izango dira. Azaroaren 26an, NUP (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Palestinako eta Munduko Unibertsitate Sarea eta Mundubat fundazioarekin batera Palestinaren aldeko Nazioarteko Justizia Jardunaldien bigarren edizioa antolatuko dute. Horretaz gain, azaroaren 29rako manifestazio bat prestatzen ari direla gehitu dute.
Flotilla eta Trumpen plana
Yala Nafarroak esan du Global Sumud Flotilla aktiboki babesten ari dela eta bizi duen egoera ziurgabearen aurrean Nafarroako biztanleriari «adi egoteko» eskatu dio. Horrela, 40 nazionalitate ezberdinetako pertsonek osatutako flotillak erasoak jasoz gero hori salatzeko kalera ateratzeko prest egon dadila eskatu diote jendarteari Yalako bozermaileek.
Trumpek aurkeztu duen planaren inguruan suminduta agertu dira, izan ere, «egoerak bake prozesu bat ez duela behar» adierazi dute, «erasoak alde batekoak» baitira eta, ondorioz, ezin baita esan «gerra bat» dela, beraien ustez.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

