NAIZ

Bossyk eta Pelayok garaipen ikusgarriak lortu dituzte euripean Donostiako Maratoi Erdian

Artur Bossy eta Irene Pelayo izan dira Donostiako Maratoi Erdiaren laugarren edizioko irabazleak. Euripean jokatutako lasterketa honetan 4.000 korrikalari inguruk hartu dute parte.

Bossy eta Pelayo, txapelekin, Donostiako Maratoi Erdiko podiumean.
Bossy eta Pelayo, txapelekin, Donostiako Maratoi Erdiko podiumean. (DONOSTIAKO MARATOI ERDIA)

Udazkena esatea atletismo lasterketak esatea da. Urtaro hau behin iritsita, udarako beroak eta hezetasunak alde batera utzita, lasterketak areagotu egiten dira. Hala, igande honetan Donostiako Maratoi Erdia lehiatu da. Lehenak helmugaratzen Artur Bossy eta Irene Pelayo izan dira, baina garaipena, sinbolikoa bada ere, proban parte hartu duten 4.000 korrikalariena izan da.

Bossyren garaipena ikusgarria izan da. Garaipena bere alde erabaki da azken esprintean, Iraitz Arrospide bigarren izanda. Atleta faboritoetako batek ere ez du erabaki hasierako konpasetan indartsu ateratzea, eta, ondorioz, erritmoa ez da gogorra izan, taldea oso zabala izanda. Baina, Anoetako estadioaren parean, hamabosgarren kilometroan, Arrospide izan da erritmoa aldatu duena.

Eraso handia izan da, Bossy eta Unai Arroyo bakarrik izan baitira hari jarraitzeko gai, Nicolas Cuestas, Mourad Mounim, Jaume Leiva edota Javi Menta bezalako atletak atzean utzita. Hirurak joan dira bakarrik. Arrospidek erasoari eutsi dio eta laster geratu dira Bossy eta biak bakarrik. Bossy (1h06:21), 2019an 3.000ko Espainiako txapeldun izandakoa eta oso atleta azkarra, bere abiadura aprobetxatu du Arrospideri esprintean irabazteko (1h06:22). Arroyo hirugarren izan da 1h06:50ekin.

Emakumezkoen probaren kasuan, 2023an irabazle izan zen Irene Pelayoren eta 2022an garaile izan zen Elena Loyoren arteko borroka polita espero zen. Kantabriarrak (1h13:50) lortu du garaipena, eta ia hasieratik bakarrik joan da. Pixkanaka-pixkanaka, Loyorekin tartea egin du (1h15:52), eta bigarren postua nola ziurtatzen zuen ikusi du atleta arabarrak. Hirugarren urtez jarraian, Sara Benedi aragoarra izan da hirugarren (1h18:09). Pelayok egindako denbora (1h13:50), euripean korrika egin arren, 2023an lortutakoa baina hobea izan da.

Euskal atleta onenen Decimas Sariak Iraitz Arrospiderentzat eta Elena Loyorentzat izan dira; Arrospidek berak eta Maite Arraizak irabazi dute Euskadi Low Cost Saria gipuzkoar onenaren sailkapena kontuan hartuta; eta Arraizak eta Gonzalo Fuentesek irabazi dute donostiar onenen Eroski saria.

Donostiako 2026ko Maratoi Erdiaren data zehaztuta dago jada (2026ko urriaren 4a) eta izena emateko epea zabalik dago.