NAIZ

Mendieta ontziolan eraikitako azken ontzia Lekeitiora itzuliko da

Lau urtez baxurako arrantzan aritu ondoren, ‘Nuestra Señora de Lindes’, 1991. urtean Mendieta ontziolan eraikitako azken ontzia, Lekeitiora itzuliko da astelehenen eguerdian. Han egokitu eta eraberrituko dute, Itsasmuseumek argitu duenez, eta, ondoren, Lea ibaiaren bokalean jarriko da ikusgai.

Arrantzontzia Itsasmuseumi eman dio Bustamante Cortabitarte familiak.
Arrantzontzia Itsasmuseumi eman dio Bustamante Cortabitarte familiak. (Itsasmuseum)

1991. urtean Mendieta ontziolan eraikitako azken ontzia da ‘Nuestra Señora de Lindes’ eta orain Lekeitiora, bere jatorrizko portura, itzuliko da lau urtez baxurako arrantzan aritu ondoren. Ontzia San Vicente de la Barqueratik irten da astelehenez goizaldean, eta gau osoan nabigatu ondoren, Lekeitiora iritsiko da 14.00etan inguruan. 

Bustamante Cortabitarte familiak ontzia Bilboko Itsasmuseum-i eman dio, Bizkaiko itsas kultura berreskuratu, babestu eta transmititzeko lan egiten duen museoa baita. Museoak, besteak beste, gure kostaldeko herri arrantzaleetan, hala nola Lekeition, garatzen du bere jarduera.

Euskal Herrian egurrez eraikitako azken ontzietako bat da hau, eta horregatik, gure itsas ondare kulturalaren pieza esanguratsua da. 16 metroko eslora, 4,30 metroko zabalera, 2 metroko puntala eta 25 tonako gaitasuna ditu, museotik argitu dutenez.

Ontzia Lekeitiora iritsiko da eguerdian. Han ‘Kulixka’ yatea izango du zain, porturako sarreran laguntzeko. Lehorreratu ondoren, gainaldeko zenbait elementu kenduko zaizkio –zubiaren egitura, aparejuak eta espardela, besteak beste–, Mendietan botatako egurrezko kaskoa bere jatorrizko itxuran uzteko.

Ondoren, berritutako Mendieta Ontziolako karroan jarriko da, Lea ibaiaren inguruko ontzigintzaren interpretazio hobea eskaintzeko. Izan ere, ibai hori gure kostaldeko arrantzaleen eta erriberako arotzen jardunaren gune nagusietako bat izan da mendeetan zehar.

Proiektua Itsasmuseum, Lekeitioko Udala, Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzaren arteko elkarlanaren emaitza da. Halaber, parte hartu dute Isuntza Arraun Elkarteak (‘Kulixka’-ren jabea), Juan Antonio Apraiz Zallok (Bizkaiko itsas kulturaren aditu eta ekimen honen sustatzaileak) eta Bilboko Itsas Kapitaina, Patxi Garcia Lascurainek.