Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hizkuntza gutxituak kontuan hartu gabe ezingo da etorkizun jasangarria eraiki, ohartarazi dute

17 dira NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak, baina 18. bat falta da, hizkuntza gutxituak hartzen dituena. Galzorian dauden Hizkuntzen Fundazioak Gasteizen antolatutako biltzarrean euskara, nahuatl, totonaco, amazig eta gaelera egiten duten komunitateetan ikusitako hutsuneak azaldu dituzte.

Ezkerretik hasita, moderatzailea, Gregory Haimovich, Ibon Manterola, Justyna Olko eta Gordan Camshron.
Ezkerretik hasita, moderatzailea, Gregory Haimovich, Ibon Manterola, Justyna Olko eta Gordan Camshron. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten komunitateen beharrak ez dira kontuan hartzen etorkizun jasangarri bat eraikitzearen aldeko pausoetan, NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuetan, esate baterako. Hau da, kapital soziolinguistikoaren balioa ingurumenaren iraunkortasunerako kontuan hartu behar da.

Hala egiaztatu dute euskara, nahuatla, totonacoa, amaziga eta gaelera hitz egiten duten komunitateetan hizkuntzak komunitatearen garapenean, garapenerako helburuetan, ur eskasiaren aurkako neurrietan edo osasun publikoan duen eragina ikertu duten zenbait linguistak. Gasteizko EHUko Letren Fakultatean Galzorian dauden Hizkuntzen Fundazioak egindako biltzarrean aritu dira.

Justyna Olko Varsoviako Unibertsitateko soziolinguistak ireki du biltzarraren laugarren saioa izan dena. Bartolomiej Chromik kidearekin batera, eleaniztuna den Sierra Norte de Pueblan, Mexikon, hizkuntza indigenek ingurumenean duten eragina aztertu dute, nahuatlaren eta totonacoaren kasuan.

Dokumentu historikoak aztertu dituzte, besteak beste. Bertan ikusi dituzte hizkuntza hauek mendeetan zehar ikusezin egin izanaren frogak eta hiztunen aurkako biolentzia, erroldetan ‘idiota’ gisa sailkatzea bezala, adibidez. Gaur egun ere diskriminazioak dirauela ohartarazi du Olkok.

Egoera hori izanda, 220 pertsonari inkesta egin zieten, nahuatl hiztunak, totonaco hiztunak eta hirueledunak barne. Horrekin, hizkuntza indigenak aiton-amonekin komunikatzeko nagusi direla ondorioztatu dute, haurrekin hitz egiteko espainola lehenesten den bitartean. Transmisioari dagokionez, gurasoengandik ikasten dira hizkuntza hauek, eskoletan ez.

Soziolinguistak azpimarratu duenez, gogobetetze ekonomiko handiena duten pertsonak hirueledunak direnak dira. «Hau ez da kointzidentzia», azaldu du, ekonomikoki aktiboak direlako eta espainolez zein hizkuntza indigenetan komunikatzen den guztira sarbidea daukatelako. Ongizate psikologikoaren eta nahuatlez edo totonacoz hitz egiteko aukeraren arteko harremana ere ikusi dute.

Ikerlariek ondorioztatu dutenez, nahiz eta ehunka urtez kolonizaziopean egon diren herriak izan, interkulturalitatea nagusi den ingurumenek hizkuntzaren eta kulturaren jarraitutasuna ahalbidetzen dute. Izan ere, gizarte sare indartsuak dituzte, belaunaldien arteko harremanak zaintzen dituzte eta bertako ingurumenari buruzko ezagutza erabiltzen dute.

Europara salto eginez, Gordan Camshron Eskoziako Highlands-eko Unibertsitateko hizkuntzalariak hartu du hitza. Ohartarazi duenez, gaelera ez dute Eskoziako garapen jasangarrirako helburuetarako kontuan hartu. 1990ko hamarkadatik energiaren banaketari eta birziklatzeari buruzko kezka, esate baterako, nagusi izan da. Baita hizkuntzari dagokiona ere, «baina ez dituzte elkarrekin kontuan hartzen».

Gaelera hizkuntza gutxituen artean «antolatuenetariko bat» da, Camshronen hitzetan, baina garapen jasangarriari dagokionean «oso azalekoa» da egindako lana. Praktikan, gainera, desberdina da, gaelerako itzulpen bat lortzeko «asteak edo hilabeteak» itxaron behar direlako.

Hizkuntza eta ingurumena lotzeko arrantzaleen adibidea jarri du. Beraien hizkuntza ez zekitenek ez ulertzeko gaelera erabiltzen zuten irratietan, eta horrek ekonomia hobetu eta hizkuntzaren iraupenari lagundu zion. Gaur egun, aldiz, ekonomikoki errentagarriak diren lanbideak Highlands-etatik kanpo sortzen dira, jatorrizko tokia atzean uztera behartuz.

Beraz, gakoa da «nork, norentzat eta ze ingurumenetan» egiten diren jasangarritasun planak, hizkuntza gutxituek «eragin zuzena» izan dezaketelako gaur egungo gizartearen aldaketetan. Hala ere, Gordan Camshron kezkatuta agertu da egindako ikerketa lanean elkarrizketatu dituen pertsonen gehiengoak adierazi zuelako ez zekitela gaeleraren biziberritzearen norantza zein den.

Transmisiotik haratago

Bestalde, Gregory Haimovich Varsoviako Unibertsitateko soziolinguista eta antropologoak nabarmendu duenez, hizkuntza gutxituen kasuan «normalean enfasia transmisioan jartzen da», baina testuinguru desberdinetan erabilera ez da kontuan hartzen. Horren adibide da osasun publikoan hizkuntza indigenak eta hiztunak kontuan ez hartzea.

Haimovichek Mexikoko nahuatlaren kasua ikertu du, San Miguel de Tenango Pueblako herrian egindako proiektu baten bidez. Bertako adineko jendearen eta osasuneko langileen artean alde handia sortzen du hizkuntzak, normalean komunitateko kideek bete behar dutena, itzulpenak egiten, kasu.

Proiektu horretan, hiztunei egindako inkesten bidez neologismoak sortu zituzten, nahuatlez idatzitako kartelak egin zituzten eta langileentzako klaseak prestatu zituzten.

Hala ere, nahiz eta indarrean dagoen osasun legeak hiztun indigenek arreta beraien hizkuntzetan jaso behar dutela arautzen duen, oztopoak izan zituzten logotipo ofizialarekin kartelak inprimatzeko eta «ez dituzte neurri praktikoak hartzen». Beraz, ondorioztatu dute erronka soziopolitikoak hizkuntzari buruzko erronkak baino zailagoak direla.

Amazig hizkuntzaren kasuan, Afrika iparraldean hitz egiten dena, hizkuntzaren inklusioak ur eskasiari aurre egiteko politiketan duen eragina aztertu dute Yamina El Kirat El Allame eta Khadija Ouhmidi Marokoko ikerlariek.

Ouhmidik azaldu duenez, arazo honi aurre egiteko Marokoko Estatuak hartutako neurriak, argitaratutako legeak eta kontzientziatzeko egindako kanpainak arabieraz edo frantsesez baino ez daude. Eskoletan eta sare sozialetan ematen den informazioaren kasua antzekoa da. Hortaz, amazig hizkuntza bakar gisa duten hiztunak «guztiz alde batera uzten» ari dira.

Hori dela eta, ur eskasiarekin amaitzeko neurriek eraginkortasuna galtzen dute, azpimarratu du Khadija Ouhmidik. Hain zuzen «Estatu marokoarrak bere esfortzu propioen ez eraginkortasunera lagundu du» eta hiztunen komunitateak, aldiz, bere hizkuntzan helarazitako informazioa eskatzen ari da, urik ez izatea ondorio ekonomiko eta sozial negatiboak izaten ari den bitartean. «Hamazortzigarren helburu bat behar dugu», erantsi du.

Euskaraz eta euskaratik, komunitatea sortuz

Euskararen kasuaz aritzeko Ibon Manterola euskal hizkuntzalaria izan da biltzarrean, Jone Goirigolzarri-Garaizar eta Belen Urangarekin batera egiten ari den ikerketa lana ardatz. Ipar zein Hego Euskal Herriko ekimen kulturalak aztertu dituzte ikuspegi holistiko batetik komunitateen garapenerako laguntzen ote duten ikusteko.

Ostegun honetako hitzaldian Aiaraldeko Ekintzen Faktoriaren kasua ekarri dute. Hurbilketa etnografikoak, dokumentazioaren analisia eta behaketa parte-hartzaileak egin dituzte, Manterolak azaldu duenez.

Hedabide bat sortzeko elkarte moduan jaio zen Laudion kokatutako ekimen hau. Gaur egun eraldaketa sozialerako prozesuak beharrezkoak direla ezarri du eta aisialdi jarduerak, udalekuak, tailerrak, argitalpenak eta elikadura burujabetzaren inguruko proiektuak lantzen ditu.

Bestalde, proiektuak tokikotasuna eta izaera eraldatzailea, eraikitzailea eta librea oinarri dituenez, euskara ez du helburu isolatu gisa, azaldu du Ibon Manterolak. «Eskualdeko biztanleen beharrizan sozialak eta ekonomikoak uztartuz gero, hizkuntza katalizatzaile bihurtzen du», gaineratu du. «Hizkuntzaren dimentsioa integratzen denean komunitatea erresilienteagoa da».