
Ez da ezusterik egon. Iker Vicentek aurreikuspenak bete eta nagusitasun osoz irabazi du gaur Azkoitiako Gurea frontoian jokatu den Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala.
Lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ahalik eta azkarren moztea izan dute xede Iker Vicentek, Hodei Ezpeletak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Mikel Larrañagak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok.
Vicente laster hasi da aldea egiten. Txapelketako erdialdera heltzean minutu bat baino zertxobait gehiago ateratzen zion Txikia IV.ari, eta bi minutu Larrañagari. Hortik aurrera kontrolpean izan du lehia. 39 minutu eta 46 segundoko denborarekin lortu du bere laugarren txapela. Hala ere, ez du iazko denbora hobetu, 35 minutu eta 39 segundokoa izan baitzen.
«Urteko helburu nagusia hau da. Txapel honetan egon naiz pentsatzen urte osoan, eta hau beteta lasaitasuna eta kriston poza sentitzen dut», adierazi du txapeldunak.
Lehia bigarren posturako egon da. Gorabehera handiak izan dira. Hasiera batean Txikiak hartu du aldea, baina txapelketako bigarren partean errendimendua jaitsi du. Larrañagak hartu du ondoren bigarren postua, baina Ezpeletak atzetik gogor etorri eta aurre hartu dio azken enborrean 43 minutu eta 47 segundo denborarekin bukatuz.
Hirugarren postuarekin konformatu behar izan da Larrañaga, 44 minutu eta 9 segundoko denborarekin. Julen Alberdi Txikia IV.a laugarren izan da (45:42), Julen Gabirondo bosgarren (48:05) eta Xabier Zaldua seigarren (48:38).
Finala hasi baino lehen, omenaldia jaso dute Patxi Astibia 1968ko txapeldunak eta Joxe Mari Olasagasti 1996, 1998, 1999, 2001, 2005 eta 2010eko txapeldunak.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos

