NAIZ

Bere unibertso bisualetik abiatuta ondu du Iratxe Reparazek Durangoko Azokaren spota

Durangoko Azokaren 60. edizioa hurbiltzen ari da eta spota ikusgai dago jada. «Ideia sinple baina indartsu batetik sortu da: Durango mugimenduan dago», azaldu dute arduradunek. 

«Azokaren 60 urteko ibilbidea irudikatzeko, pieza bisual bat sortu dugu, non dantzari batek, gorputzaren bitartez, bide hau zer izan den interpretatzen duen: egokitzen da eta eraldatzen da». Iratxe Reparazen hitzak dira. Berak sortu ditu aurtengo irudia eta spota.

Beltzez jantzitako dantzari batek kolorez betetako Durangoko Azokaren kartelen artean bidaia egiten du, bisitariak Azokara doanean bizi duen esperientziari erreferentzia eginez: «Dantza hizkien gainean garatzen da, lurrean marraztuta, gorputzak bere memoria aktibatuko balu bezala. Keinu bakoitzak malgutasuna, aldaketa eta martxan dagoen kultura aipatzen ditu. Hori delako Durangoko Azoka: euskal kultura ospatu, partekatu eta eraldatzen den tokia. Edizio bakoitzarekin eboluzionatzen duen espazioa, baina bere esentzia inoiz galtzen ez duena».

«Iragarkiaren kontzeptua tentsio poetikoan elkarrekin bizi diren bi ideiaren ingurukoa da: mugimendua eta irmotasuna. Izan ere, nahiz eta azoka aldatu, egokitu eta sorkuntza-modu berrietara zabaldu, bada zerbait bere horretan dirauena: garena».

Muga Ekoiztetxeak grabatu du. Aitor Aranguren arduratu da zuzentzeaz eta Iratxe Reparazek garatu du zuzendaritza artistikoa. Musika eta soinua Pello Reparazek sortu du eta spoteko protagonista den dantzaria DAB Dantza konpainiakoa da.