NAIZ

‘Gaua’ filmaren klipa, NAIZen ikusgai

Paul Urkijoren ‘Gaua’ filma ostiral honetan iritsiko da zinema aretoetara baina, aurretik, filmaren klip bat ikusteko aukera dago NAIZen: Kattalin euskal mitologian barrenako bidaian murgiltzen den unea. 

Sitgeseko zinema jaialdian arrakasta nabarmenez estreinatu eta Donostia zein Bilboko fantasia eta beldurrezko zinema jaialdietatik pasa ostean, ostiral honetan, azaroak 14, iritsiko da zinema komertzialetara Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren ‘Gaua’ filma. Aurretik, baina, filmaren klip bat NAIZen ikusteko aukera dago: hain zuzen ere, Kattalin protagonistak euskal milogian barrenako bidaian murgiltzen duen unea. 

Izan ere, filmaren abiapuntua XVII. mendean dago, sorgin-ehiza betean, Kattalinek (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihes eginda, gau betean basoan arropa garbitzen ari diren hiru emakumerekin (Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza) topo egiten duenean. Latsarria da hiru emakumeon babesleku eta, gauez arropak garbitzen dituztenaren plantak eginez, beldurrezko istorioak kontatzen dizkiote elkarri. Haiekin bat egiten dutenean asaldatu egingo da Kattalin, euren ipuinetako protagonista bera dela ohartuko baita. 

‘Errementari’ eta ‘Irati’-ren ostean, Urkijok zuzentzen duen hirugarren film luzea da ‘Gaua’, hau ere, aurrekoak bezala, fantasiazko generoan kokatzen dena eta euskal mitologia eta iruditeria baliatzen dituena. Urkijok berak NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan azaldu zuenez, filmaren zati konplexuena «iluntasuna eta gaua irudikatzea» izan zen, «gaua nola argiztatu, zer ikusten den eta zer ez, iluntasunari bizia eman nahi bagenion, noraino ilundu, ikusi ere egin behar delako».

Nogueirasen lanak ere mintzatu zen: «Protagonista, Kattalin, oso argi neukan berak izan behar zuela; ezagutzen nuen bere lana eta zuzenean jo nuen beregana, eta sekulako lana egin du, izugarria. Emozioz beteriko pertsonaia da: asko sufritzen du eta oso bidaia bizia du filmean zehar; fisikoki, oso lan potentea izan da».