‘Dubs for Palestine’: Irlandatik Euskal Herrira, Palestinaren alde
‘Dubs for Palestine’, irlandar kirolarien ekimena, Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko partida ikustera etorri zen Euskal Herrira. Talde hau, astero, Irlandako legebiltzarraren aurrean elkarretaratzen da Gazadako genozidioa salatzeko.

Irlandan jokatzen den futbol gaelikoaren bi mito daude ‘Dubs for Palestine’ ekimenaren atzean, Dublineko taldeko jokalari onenak izandakoak aspaldi luzean: David Hickey eta Mickey Whelan. Eta haiei gehitu zitzaizkien oso oso ezagunak diren beste zenbait kirolari: Trevor Horgan –Gazara joan zen flotillan murgildu zen– eta Pat Gilroy futbol gaelikoko izarra.
Iñaki Laskurain errugbi jokalari euskalduna aspaldian bizi da Euskal Herria eta Irlanda artean. Dubs 4 Palestine ekimena ezagutu zuenetik, beraien lagun eta kide ere bada. Iragan asteburuan, Irlandatik etorritako 25 kirolariekin batera, Euskal Herrian izan dugu bera ere eta berak azaldu dizkigu ekimen honen egitekoak, eta gure artean izan diren kirolarien maila, konpromisoa eta ardura.
GAA Gaelic Athletic Asociation kirol elkartea sortu zuten aspaldi irlandarrek, irlandar kultura babesteko ingelesen zapalkuntzaren aurrean. Eta gero eta garrantzia handiago hartu dute denboran zehar kirol irlandarrek irla osoan. ‘Dub 4 Palestine’ ekimeneko kirolarietako asko futbol gaelikoan urte luzez aritutako dublindarrak dira. Eta orain ere ez daude geldi egoteko.
Iñaki Laskurainek Dublinen kokatu gaitu: «Dublin Bilbo bezalako hiri bat da, eta ibaiaren alde banatan ezker ibarra eta eskuin ibarra. Langileak, oro har, ibar ezkerrean bizi dira, eta futbol zaletasuna izan da nagusi historikoki. Errekaren beste aldean, berriz, errugbia, golfa, kriketa, hockey eta horrelako kirolak dira nagusi, maila sozialaren arabera, nolabait esatearren».
David Hickey, adibidez, ogibidez medikua da eta kontzientzia sozial handikoa izan da beti: «Transplanteak egiten munduko onenetako izan da medikua dublindar hau eta urte luzez futbol gaelikoko izar bat Dubline. Bere garaian herrialde ezberdinetan lan egindakoa da; Kuban, esaterako, eta material asko eramaten zuen hara Irlandakako ospitaleetatik».
Irlanda eta Palestina
Britainiar inperioaren menpe egondako bi nazio dira Irlanda eta Palestina eta horrek, nolabait, elkartasun harremanak sendotu izan ditu. Britaniarren menpe Irlandak jasandako gosetea ez dute ahazten; patata zen irlandar xeheen elikagai nagusia eta izurritearen ondorioak latzak izan ziren. Inperialismoa, hizkuntzaren debekua, jazarpena... Hori guztia zer den ondo dakite irlandarrek. Eta ostean Palestina ere luzaz Britaniarren menpe egonik, arrazoi gehiago zapalduen arteko lotura sendotzeko.
Iñaki Laskurain eibartarrak ‘Michael Collins’ filmeko ingeles gobernuaren poliziak ekarri ditu gogora; ‘Black and tans’, beltz eta kakiak. «Bertako zipaioak ziren Irlandan, lehen mundu gerran aritutako militar beterano eta erretiratuek osatu zuten, hauetako askok gerra hartako izugarrikeriak eta ankerkeriak ikusi eta jasan, eta oraindik oroimenen bizi-bizirik zituzten. Sarritan arrazoi hori aipatu izan da irlandar zibilekin burututako euren izugarrikeriak azaldu asmoz».
XX. mendean sekulako jazarpena jaso zuten irlandarrek, mespretxua, zapalkuntza, irain eta isekak… denetarik. «Kolonizazio prozedura bera izan da irlandarrek jasan zutena eta azken hamarkadetan sionismoa Palestinan egiten ari dena», zehaztu du Laskurainek.
Asteazkeneroko hitzordua
Israelgo enbaxadaren aurrean pankartarekin jartzen hasi ziren astero eta urtebeteren buruan itxi egin zuten. Geroztik, Irlandako Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzen dira. «Dublinen nagoenean ni ere bertaratzen naiz. Duela bi urtetik, astero batzen dira kirolariak bertan, eta megafono batekin Gazako egoera salatzen da». Israelen genozidioaren, Estatu Batuen eta Europaren konplizitatearen kontra agertu ohi dira dublindar kirolariak. Batzutan musikariak hurbildu eta abestu egiten dute. Eta horrela bi urtez jarraian.

Laskurain ‘The basque comrade’ da beraientzat, kamarada euskalduna, eta inoiz hitz egitea ere tokatu zaio jendaurrean. «Gogoan dut nola Gerar Murillo Ipar Euskal Herriko entrenatzaileak esaten zidan bizitzatik bi modutan pasa daitekeela: trenari behiak begiratzen dion moduan edo bizitzaren trenera igo eta aurrera eginda». Bizitzan eta errugbian «hitz gutxiago eta ekintza gehiago egitearen aldekoa» da Iñaki Laskurain eta horregatik, harro kontatzen ditu Irlandako kirolari komunitatearekin sendotu dituen harremanak.
Urrian aipatu zien Iñaki Laskurainek gainontzeko kirolari eta lagunei Euskal Herrian Euskal selekzioak Palestinaren kontra jokatu behar zuela. «Gure artean gauzak komentatzen ditugu sareko talde baten, albisteak partekatu, gertaeren berri eman eta nik Euskal Selekzioaren partidaren aipatu nien, nola ez!».
Victor King, ‘Dubs 4 Palestine’ taldeko kideak aipatu zuen une aproposa zela Euskal Herrira etorri eta guztia bertatik bertara ikusteko. Aitzol King bere semea da eta ezaguna egin zen 20 urtez azpiko Sei Nazioen Torneoan Irlandako selekzioarekin Ingalaterrari sartu zizkion bi entseguen bideoa. Ikurrinarekin atera ziren bideo eta argazki eta bideoak lau haizetara zabaldu ziren.
Egun historikoa Euskal Herrian
Ostiralez etorri eta igandera arte Euskal Herrian egoteko prestatzen hasi ziren. Euskal Herriko logistikaz arduratu zen Laskurain bera eta Victor King hegaldiaz eta beste kontu batzuetaz arduratu zen.

Euskal Herrian ondo jan, Bilbo ezagutu, Gernikako Bakearen museoan 1937ko bonbardaketaren berri izan, orduko babeslekuak ezagutu, argazkiak egin, garagardoak edan, Gernikako arbola bisitatu eta ondo bazkaldu ostean, Euskal Herria eta Palestinaren aldeko manifestazioan ere parte hartu zuten, San Mamesera joan aurretik: “Egun historikoa, asteburu bikaina, Palestinako banderak ikusi dituzte etxeetako balkoietan, giroa kalean, sekulako manifestazioa, San Mames osoa beterik; Euskal Herriaren zein Irlandaren nazio eskubideak aldarrikatzen, futbol selekzioaren ofizialtasuna, eta bereziki elkartasuna lantzea, ozenki eta ez burumakur, sekulakoa izan da beraientzat».
Eta San Mames zelaiarekin txundituta geratu omen ziren irlandarrak. «Bai zelaiarekin, bai aurretik zegoen giroarekin, oso hunkituta», nabarmendu du Iñaki Laskurainek.

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo

Una testigo confirma que Amaya Zabarte recibió una patada de la Ertzaintza

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da
