NAIZ

Gasteizko Udalari Eskola Publikoaren aldeko publizitate kanpaina egiteko eskatu diote

Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak Udalari mozio baten bidez eskatu dio datorren ikasturtean eskola publikoaren aldeko publizitatea egin dezan; udalak ez du mozioa onartu. Bestalde, hilaren 29an Bilbon mobilizazioa egingo dutela aurreratu dute.

Euskal Eskola Publikoaz Harroren Gasteizko plataformaren prentsaurrekoa.
Euskal Eskola Publikoaz Harroren Gasteizko plataformaren prentsaurrekoa. (Euskal Eskola Publikoaz Harro)

Gasteizko Udaletxeko Osoko Bilkuran Euskal Eskola Publikoaz Harro Gasteizko plataformak mozio bat aurkeztu du, eskaera zehatz batekin: Gasteizko Udalak Eskola Publikoaren aldeko publizitate kanpaina egin dezala datorren ikasturteari begira. Bestalde, datorren larunbatean, hilaren 29an, Bilbon mobilizazioa egingo dutela aurreratu dute, 17:30etan ‘Segregazioaren kontra, Publikoa da bidea’ lelopean.

Plataformaren esanetan, Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak argitaratu zuen 2002an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak ikasleen jatorriaren araberako segregazio mailarik handiena zuela Estatu espainolean, eta bigarrena zela segregazio sozioekonomikoari dagokionez. Eta zehaztu omen zuen Gasteiz dela Hego Euskal Herriko hiriburuetakok hiririk segregatzaileena.

«2026-27 ikasturterako aurre-matrikula aldia baino lehen, Vitoria-Gasteizko herritarrak hiriko Eskola Publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako Institutu publikoetan, baita Udal Haurreskoletan eta Haurreskola-Partzuergoan matrikulatzera animatzea eta, horretarako, Udalaren esku dauden komunikazio bide eta sare-sozial guztiak erabiltzea», horixe plataformaren eskaera.

Jakinarazi dute, Gasteizko eskola publikoen erdia baino gehiago «ISEC bajuko ikasleen getoak» direla: «Ikastetxe kontzertatu gehienak ere getoak dira, baina ISEC altuko ikasleena. Ondorioz, eskola-segregazio handia dago Gasteizen eta segregazioa handitzen ari da gure hirian etengabe: sortzen ari gara, bi mundu ezberdinak, paraleloak eta hori injustoa da, diru publikoarekin finantzatzen ari garelako  ikasleen arteko diskriminazioa».

Eta beraien ustez, arrazoi nagusia «hezkuntza-sistema publiko-pribatu duela» dela, sistema hori ikasleak sailkatzekoo eta «estratifikatzeko» tresna dela salatu dute, «bi sareen izaera berak sortzen duelako eskola-segregazioa». 

«Udala ez dago zerbitzu publikoen alde»

Bestalde, Gasteizko Udalari zuzendutako eskariaren arrazoietan sakondu dute, «pentsatzen dugu erakunde publikoek zerbitzu publikoen gorazarrea egin behar dutela gizarteko arlo guztietan populazio gehiena hara joan dadin. Mozio honen bitartez proposatzen dugun kanpaina oso eraginkorra izan daiteke: familia gehienek irakaskuntza publikoa aukeratuko balute, segregazioa gutxituz joango litzateke».

Eta ondorioztatu dute Gasteizko Udalak ez duela zerbitzu publikoa «fedendatu nahi»: «Udal gobernua osatzen duten alderdiek (EAJk eta PSEk) osoko zuzenketa aurkeztu diote gure mozioari, eta bozketa orduan, berena atera da aurrera. Proposamen alternatibo honetan ez dago berririk: Eusko Jaurlaritzaren orain arteko politikari eusten diote gure argumentuei erantzun gabe».