«Sakelako telefonorik ez, baina bideojoko matxistak bai?»
Estibaliz Linares «nerabezaro, teknologia, indarkeriaren prebentzio eta hezkidetzan» aditua da. Egun, ikerlari nagusia da Deustuko Unibertsitatearen ekimenez garatzen ari diren «Cyber-Resistance» ikerketan; haurrek ziberindarkeriak nola jasotzen dituzten aztertu dute eta lehen emaitzak jaso dituzte.

Indarkeria matxistaren inguruko kontzientzia handitu egin da jendartean, baina mota askotakoak daude eta batzuk oharkabean pasatzen dira. Indarkeria matxistak mundu digitalera salto egin du eta hor denak gaude arriskuan, bai helduak, baita nerabe eta haurrak ere.
Estatu espainolean egin berri den ikerketa baten arabera, sexting gutxiago gertatzen da gaztetxoen artean, baina ziberindarkeria matxistak ez du behera egin.
Sextinga ere, nik ulertzen dudan bezala, ziberindarkeria matxista da, eta, beraz, ez nituzke bereiziko. Txosten bat lantzen nabil, non aztertzen den zein motatako indarkeria matxistak gertatzen diren mundu digitalean, eta zehazki emakume feminista eta aktibisten kontra, eta ziberindarkeria sexuala, hau da, gure sexualitatearen eta gorputzaren kontra gertatzen diren indarkeriak ere badira, eta hain justu horiek dira gehien sufritzen ditugun indarkeria digitalak. Beraz, nik ez nuke konparaziorik egingo modu kuantitatiboan, zeren badaude indarkeria mota asko oso normalizatuak daudenak.
Gainera, zeri deitzen diogu sexting? Badaude ñabardura asko. Kualitiboki azter daiteke, zein indarkeria forma berri gertatzen diren ikusteko.
Beraz, zer da ziberindakeria matxista?
Aterki beraren azpian sartzen ditut heteroarauaren kodeak eta arauak apurtzen dituen edonork jasotzen dituen indarkeriak. Eta hor sartzen dira ziberindarkeria intrageneroak, sexualak, sexistak, genero indarkeriako egoera batean gertatzen den ziberkontrola... mundu digitalera transferitu dira indarkeria mota guztiak; offline gertatzen diren indarkeriak plataforma digital eta sare sozialen bidez proiektatzen diren kodeak dira.
Zein adin tartetan gertatzen da batez ere?
Askotan foku guztia nerabeengan jartzen dugu, eta, gainera, badaude oso diskurtso eta narratiba negatiboak horien inguruan. Badirudi haiek besterik ez dituztela egiten indarkeriak.
Edozein adinetan gertatzen dira; ez dago adin tarte bat bereziki gehien sufritzen dituena, baizik mota desberdinak. Helduak ere hor gaude, eta gure umeak kontrolatzen ditugu eta kontrol hori normalizatzen dugu txiki-txikitatik. Badaude gero eta heldu gehiago euren ume txikiak sare sozialetan erakusten dituztenak. Hori ez da indarkeria bat? Txikiak erakusleihoan jartzea? Modu batean edo bestean, hori ere bada ziberindarkeria.
Pentsa dezakete hori dela ama edo aita on bat izatea, eta nire ume txikia modu batean portatu behar dela, superpozik egon behar dela eta gure familiak poztasuna ematen duela. Imajinario kapitalista bat eragiten ari gara, bizimodu bat, eta horrek ere arauak eta kodeak izaten ditu.
Galderara itzuliz, “Cyber-Resistance” ikerketan aztertu dugu 6-7 urteko umeak modu batean edo bestean mundu digitalean sartuta daudela, ez hainbeste telefonoaren bitartez, gehiago bideojokoen bitartez, eta hor ere ikusten ari gara ume txikiak oso hurbil daudela indarkeria matxistetatik eta kode sexistetatik eta horri buruz hitz egitea ere komenigarria dela.
Nerabezaroan sare sozial desberdinak erabiltzen dituzte, batez ere TikTok eta Instagram, eta bertatik indarkeria sinbolikoa jasotzen dute, eta gorputzen gaineko presioa aipatuko nuke, bai eta geolokalizazioa zenbat normalizatzen ari den ere. Kode batzuk sortu dira nerabeen artean, jakiteko zer egiten duen pertsona batek segun eta zer argitaratzen duen sare sozialetan. Egoera hau bikotera eramaten badugu, kontrolezko indarkeriak ematen dira.
Oro har, mundu digitalean misoginia zabaldu da, baina baita mugimendu feministak ere.
Zergatik gertatzen ari da hori?
2018aren ostean, -sanferminetako kasua gertatu eta gero, Me Too mugimenduaren ondoren- feminismoaren presentzialtasunak gora egin zuen. Matxismoaren sarea goratu egin zen horrekin batera, konfrontazio zuzen bat delako; bat igotzen bada, kontrolatu egin behar da. Zergatik dago matxismoa? Kontrol sozial bat egiteko, desberdinkeria hori mantentzeko eta arauak eta kode horiek, heteroarau hori, mantentzeko. Matxismoak beti egingo du gora, feminismoak gora egiten badu. Eta, beraz, noski matxismoa zabaldu egin dela, baina baita feminismoaren sare desberdinak ere.
Ezin dugu esan gero eta matxismo gehiago dagoela eta gero eta matxistagoak garela, zeren hori ez da egia. Misoginia edo manosfera, incel mugimenduekin, mundu digitalean daude, eta feminismoak ere badaude eta saretuak daude, eta oso desberdinak dira. Uste dut egin dezakegun bidea dela feminismoen saretze hori nola jarraitu, nola eraiki eta modu positiboan egin, sororitatearekin jarraituz.
Haurrez ari garenean, zein tresnaren bidez iristen da ziberindakeria haiengana?
“Cyber-Resistance” ikerketan mundu digitalean izaten diren genero sesgo motak, arauak eta kodeak aztertzen ditugu, eta zein motatako indarkeria matxistak proiektatzen ari diren haurren mundu digital horretan.
Mundu digitala edonon dago. Helduok gailu digitalekin elkarbizitzan gaude. Lanerako edo edozer gauza egiteko egoten gara mugikorrekin, baita ordenagailuarekin ere, eta gure txikiek ikusi egiten gaituzte, eta ikusten gaituzte smart TVa erabiltzen egunero, sare sozialetan publikatzen... beraz, haurrek oso normalizatua dute gailu digitalen erabilera. Egin beharko duguna da gogoeta bat: nola eta zertarako erabiltzen ditut nik gailu digitalak, eta nola eta zertarako erabiltzen ditut nik umeen aurrean; zer nahi diet nik nire umeei adierazi eta proiektatu erabiltzen ari naizen gailuekin.
Orain badaude guraso gazte asko bere garaian Tuentian sozializatu zutenak, eta oso normalizatua dute edozer gauza sareetara igotzea, eta «edozer» horretan gure adingabeak sartzen dira. Ari al naiz pentsatzen zertarako eta nola ari naizen erakusten ume hau mundu digitalean? Esaten al diot nik nire umeari zertarako aterako diodan argazkia? Jaio berri den ume bat egon ahal da Instagramen? Ez dakit horien guztien erantzuna dudan, baina gutxienez geure buruari galdetu beharko genioke, zeren horrela haurrari ere proiektatuko diot. Esan ahal diot zertarako eta nola erabiliko dudan gailua. Nik ez dut esaten argazkirik ez ateratzea baina, adibidez, esan ahal diot «aterako dizut argazki hau amamarentzat, zeren ikusi nahi zaitu» edo «une hau garrantzitsua da niretzat». Argazkiak aspalditik daude. Baina nahi al dut nire umea publikoki erakutsi? Zergatik, zertarako eta nola? Eta gogoeta hori egitean narratiba desberdinak sortuko dira eta gure umea babestuko dugu, zeren pedagogia egiten ari gara.
Euskadi mailan Altxa Burua mugimendua sortu da eta sakelako telefonoen erabilera atzeratzea ekarri du. Ikusten ari garen ondorioak positiboak dira. Ez dute sarbide hain zabala, baina badaude beste gailu batzuk, kontuan hartu ez ditugunak; adibidez, bideojokoak. Umeek kontatzen didate, oso txikiak izanik, gurasoekin (batez ere aitekin) bideojokoetara jokatzen dutela eta horiek dira indarkeriazkoak, matxistak, sexistak, arrazistak... sakelako telefonorik ez eta hori bai?
Bestalde, pornografiaren inguruan eztabaida zabala egon da, baina arazoa ez da ikusten duten ala ez, baizik eta hori ikusten dutenean nola erreakzionatzen duten, batez ere mutilek. Horrek erotizatzen nau? Zergatik? Hori lantzeko, hezkuntza, hezkuntza, hezkuntza behar da, eta hezkidetza, hezkidetza, hezkidetza, aspaldi entzuten ez den hitz hau berriro entzutea; hezkidetza afektibo sexuala, noski.
Ume txikien artean ikusten ari garena da babeserako kodeak badaudela mundu digitalean; honen inguruko tailer asko daude eta, beraz, babestuago daude orain eta hori oso positiboa da, baina ez ahaztu offline munduaz. Asko erreparatu diogu mundu digitalari, baina ez gure kode eta arauei, eta sortzen ditugun dinamikei, eta hor ikusi dugu indarkeria gertatzen dela. Lantzen ari garen txosten honetan ikusten dugu offline munduan indarkeria gertatzen dela eta hori heteroarauan oinarritzen dela; mutil batek maskulinitate kodeak apurtzen dituenean jasotzen duen indarkeria, arrazismoa, klasismoa, kapatizismoa... gertatzen diren diskriminazio horiek oraindik mantentzen dira umeen dinamiketan. Hor ere hezkidetza behar da.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
