NAIZ

OPA: «Aurrekontuek Osakidetza ahuldu duen eredu pribatizatzaile bera finkatzen dute»

Osakidetzaren «erabateko ziaboga» eskatu du OPA herri plataformak, «prebentzioan oinarritutako eredu baterantz, Lehen Mailako Arreta indartsu baterantz, Osasun Publiko gehiago eta kudeaketa publiko zuzen, garden eta parte-hartzaile baterantz».

OPA herri plataformak Barakaldon egindako elkarretaratze bat.
OPA herri plataformak Barakaldon egindako elkarretaratze bat. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

2026ko Osasun Aurrekontuak «kontinuistak» direla adierazi du OPA Herri Plataformak ohar baten bidez. Osasun publikoaren aldeko taldearen arabera, «ez diete aurre egiten egiturazko erronkei» eta «Osakidetza ahuldu duen eredu pribatizatzaile bera finkatzen dute».

Ostegun honetan nabarmendu duten moduan, «iragarri den hazkundea % 4,1ekoa bada ere, engainagarria da». Izan ere, osasun-aurrekontua 5.327 milioikoa izango da, 2025 ixteko aurreikusitako gastua baino milioi bat gutxiago. «BPGan duen pisua % 5,17tik % 4,97ra jaitsi da», azpimarratu dute.

Osasun-aurrekontu osotik, Osakidetzak 4.276 milioi jasotzen ditu (% 80a), baina 46 milioi galdu ditu 2025erako aurreikusitako gastuarekin alderatuta. «Osasun Itunak egonkortasuna eta baliabideen hazkundea saltzen dituen arren, horri lotutako partidak 6 milioi baino ez dira gehitzen, kopuru erabat testimoniala», plataformaren arabera.

Uda hasieran Euskal Osasun Ituna onartu zen. «Ituna sortu zenetik urtebetera, osasun publikoaren arazo nagusiak konpondu gabe daude oraindik. Pribatizazioak aurrera egiten du bere forma ezberdinetan, ez dago jada pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzeko borondaterik eta Lehen Mailako Arreta ahultzen duen eredu ospitalozentristan sakontzen da. Lantalde murriztuek eta lan baldintza prekarioek, langileen ihesa errazten jarraitzen dute», adierazi du OPA Herri Plataformak.

Eta bide horretan kokatu ditu 2026ko Aurrekontuak. «Pribatizazioa egiturazko elementu gisa finkatzen da. Enpresa pribatuekin sinatutako kontzertuak, 294 milioira iristen dira, horietako asko iraupen luzeko konpromisoen bidez, 2030  urtera arte». Horren eredu jarri dituzte arnasketa-terapiak, dialisia, etxeko ospitalizazioa, Tolosako Asuncion klinika, edota Gipuzkoako Osasun Mentala. «Sailburuak ez du inolako borondaterik externalizazio hauei Osakidetzako baliabide propio eta publikoekin erantzuteko».

«Guzti honi beste 250 milioi euro gehitu behar zaizkio, externalizatutako zerbitzu "ez-sanitarioetara" bideratuak (sukaldeak, garbiketa, informatika, garbitegia, garraio sanitarioa, aholkularitzak...). Guztira, 500 milioi baino gehiago,  aurrekontu guztiaren % 13 inguru, sektore pribatuan amaitzen du. Sailburuak ziurtatzen duen % 6tik oso urrun», arbuiatu dute.

Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa

Zentzu berean, Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa ez direla indartuko kritikatu du. «Osasun Publikoa esaterako, ez da aurrekontuaren % 1,54ra baino iristen, osasun-, gizarte-, genero- edo ingurumen-baldintzatzaileetan eragin aha izateko gomendaturiko %5etik urrun». Lehen Mailako Arretari dagokionez, berriz, «bideratuko den gastu espezifikoa ez da zehaztu ere egiten, jasaten ari den etenik gabeko azpifinantzaketa ezkutatuz, baina agerian utziz Lehen Arreta ez dela lehentasun bat».

Modu berean, langileen «egoera bereziki larria» azpimarratu dute, «ia % 50eko tenporalitatearekin, Europak ezartzen duen %8ko muga baino sei aldiz handiagoa; horrek arriskuan jartzen ditu asistentziaren kalitatea eta segurtasuna». «Iragarritako LEPek (4.500 plaza baino gehiago), ez dute behin-behinekotasun handi hori jaitsiko, aplikatutako birjarpen-tasa eta prozesuen moteltasuna direla eta».

Aurrekontuko hazkunderik handiena Azpiegitura eta Ekipamenduen ataletan eman da, 202 milioirekin (+%23). «Adreilua, industria elektro-medikoa eta ospitale-zentrismo eredua are gehiago sendotuz;  Gero ordea, ez dago zentro hauek artatzeko langile nahikorik».

Era berean, «gastu farmazeutikoak gora» egiten jarraitzen duela nabarmend dute eta prebentzio atalean, adibidez, txertoen inbertsioa handitzen den arren, «zoster herpesaren inbertsioa murrizten dute, eta uko egiten dio era berean bularreko minbiziaren behaketa 74 urtera arte zabaltzeari, edota 2027ra arte atzeratzen du 45 urterainoko zabaltzea».

«Laburbilduz, aurrekontu hauek ez dira eraldatzaileak. Ez diete erantzuten biztanleria oso zaharkitu baten benetako premiei, zeinak  kronikotasun gero eta handiagoa duen, patologia anitzekin, osasun mentaleko arazoen gorakadarekin, hazten doazen gizarte desberdintasunekin. Interes pribatuak lehenesten dituen eredu neoliberalaren jarraipena dira, herritarrek itxaron-zerrenda luzeak, behar adina langile gabeko zentroak, larrialdi aseak eta kalitatearen gainbehera orokorra sufritzen duten bitartean», adierazi dute.

Horregatik Osakidetzaren «erabateko ziaboga» eskatu dute, «prebentzioan oinarritutako eredu baterantz, Lehen Mailako Arreta indartsu baterantz, Osasun Publiko gehiago eta kudeaketa publiko zuzen, garden eta parte-hartzaile baterantz».