
Nafarroako Gobernuak 0 eta 3 urte arteko hezkuntza zikloaren hitzarmena eta aurrekontu konpromisoak ez ditu betetzen, LAB, ELA, Steilas, Afapna, UGT eta CCOO sindikatuek osatzen duten intersindikalaren arabera.
Intersindikalak asteazken honetan Hezkuntza Departamentuaren aurrean egin duen elkarretaratzean gogora ekarri duenez, 2023ko martxoan sinatu zuten hitzarmena Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak. Orain, hitzarmena bukatzeko urtebete falta denean, ezartzen zituen bi betebeharrak burutu gabe daude, sindikatuen arabera.
Lehenik eta behin, udaleko haur eskola guztientzako kudeaketa komuna. «Oraingoz ez da aurrerapausorik egon, ez proposamenik, ez ibilbide orririk sare publikoaren koherentzia, zuzentasuna eta kalitatea bermatzeko», salatu dute sindikatuek.
Bigarrenik, sindikatuen parte-hartzea bermatuko duen sistema bat. Gaur egun horrelako mekanismorik ez dela sortu azaldu dute, nahiz eta berariaz jasota dagoen. «Ez digute informaziorik eman eta ez gaituzte integratu 0-3 zikloaren lan etorkizuna, antolamendua eta ikuspegi pedagogikoa erabakitzen den guneetan ere», esan dute.
Gainera, hitzarmena sinatu zenetik, kudeaketa komunik ez dagoela, eskaintza publikoaren plangintzan eta eskola mapan aurrera egin ez dela eta sindikatuen parte-hartzea bermatzeko sistemarik ez dela sortu deitoratu du intersindikalak.
Aurrekontu akordioak
Horrekin batera, Nafarroako Gobernuak iazko eta aurtengo aurrekontu akordioetan hartutako konpromisoak gogorarazi dituzte. 2024an kudeaketa eredu homogeneizatu berri bat ezartzea erabaki zuten eta 2025ean, berriz, ikuspegi pedagogikoa eta kudeaketa eredua definitzeko ibilbide orria finkatzeko konpromisoa hartu zuten. Ez dira gauzatu ezta garatu ere, adierazi dutenez.
«Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat eta lau aurrekontu konpromiso sinatu ditu jarraian. Bada konpromiso hauek behingoz betetzeko garaia», adierazi dute sindikatuek. «0-3 zikloa funtsezko zerbitzua da, aukera berdintasuna eta kalitatezko hezkuntza helburu dituena. Nafarroako langileek eta familiek ezin dute gehiago itxaron», gaineratu dute.
«Bi urte eta erdi daramatzagunez inolako aurrerapenik ikusi gabe; 0-3ko intersindikalak Haur Hezkuntzako 0-3 Batzordean berehala sartzea eskatzen du. Kudeaketa komunaren eredua premiaz garatzea ezinbestekoa da, bai eta gardentasuna, parte hartzea eta 0-3ko sare publiko sendoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzea ere», aldarrikatu dute.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte
