NAIZ

EH Bilduk salatu du Miramar parkea «interes pribatuengatik» itxi duela Donostiako Udalak

Interes pribatuak interes orokorraren gainetik jarri dituela Donostiako udal gobernuak salatu du EH Bilduk. Izan ere, Miramar parkea egunero dago arratsaldeetan itxita urtarrilaren 5era arte, argi ikuskizun bat dela eta. Parkea irekitzeko eskatu du EH Bilduk, aisialdi doakoa aldarrikatzearekin bat.

Argi ikuskizun pribatu bat dago Miramar Jauregian eta horregatik 17.30etik aurrera itxi egiten dute..
Argi ikuskizun pribatu bat dago Miramar Jauregian eta horregatik 17.30etik aurrera itxi egiten dute.. (EH Bildu)

«Interes pribatuak interes orokorraren gainetik jarri ditu beste behin Udal Gobernu honek», argi salatu du Donostiako EH Bilduk. Izan ere, Miramar parkearen erabilera «pribatizatu» duela adierazi du, ‘Miramar Magikoa’ deritzon argi-ikuskizunaren harira. Parkera sarbidea debekatuta dute herritarrek abenduaren 4tik urtarrilaren 5era bitarte, egunero, 17:30etik aurrera. 

EH Bilduk kezka eta ezinegona azaldu ditu. «Miramar bezalako espazio libre eta publiko bat jarri da interes pribatuen mesedetan. Gainera, Gobernuak parkearen sarreran jarri duen ohar baten bidez baino ez ditu eman azalpenak herritarren aurrean», gaitzetsi du. 

Gertatutakoa kezkagarria dela nabarmendu du, «honen atzean hiria egiteko modu bat dagoelako», gehitu du: «Nola da posible espazio publiko hau errendimendu ekonomikoa lehenetsiz erabiltzea herritarron aisialdirako aukeren gainetik?». 

Ekitaldia Donostia Sustapenak antolatu duela adierazi du, eta enpresa arduraduna ez dela aipatzen, baina EH Bildu ‘Naturaleza Encendida’ delakoan dago. Aurrez Madrilen bost urtez egin da argi-ikuskizun hori eta bizilagunen zein ekologisten kexa ugari jaso arren Udalak entzungor egitea salatu du alderdi subiranistak. 

«Gune horiek pribatizatu eta komertzializatzea saihesteko eskatzen diegu Donostiako espazio publikoen kudeatzaileei, auzotarren erabilera libreari lehentasuna emanez. Uste dugu denona den espazio publiko bat itxi eta sarrera kobratzeak herritarren arteko arrakalak baino ez dituela areagotzen», ohartarazi du EH Bilduk, eta aisialdiak doakoa eta librea izan behar duela aldarrikatu.