NAIZ

Elorrioko Haurreskola arrisku larrian jarri zuen sutearen ondoren ardura eskatu du Udalak

Elorrioko Udalak hausnarketa egiteko eta arduraz jokatzeko deia egin du Haurreskolan piztutako sute baten ondorioz. Eraikin osoa erretzeko zorian egon zela aipatu du.

Haurreskolan izandako kalteak agerikoak dira.
Haurreskolan izandako kalteak agerikoak dira. (Elorrioko Udala)

Joan den ostiralean jazo zen gertaera, abenduaren 5ean, 19:00ak aldera. Elorrioko Haurreskolako kanpoaldean sute bat piztu zen. «Dirudienez, sua nahita eragindakoa izan zen eta ondorioz, fatxada osoa kiskalita geratu zen. Suhiltzaileen lehen balorazioaren arabera, bi minutuko atzerapenarekin iritsi balira, suak barrualdeari ere eragingo zion, instalazio osoan zehar hedatuz, eta gaur ez genuke haurreskolarik izango. Suak Musika-eskola eraikina ere arriskuan jarri zuen», zehaztu du.

Udalak «gertakariak irmoki »gaitzetsi ditu eta azpimarratu du halako ekintzak arrisku larrian jartzen dituztela bai instalazio publikoak, bai herritarren segurtasuna. «Gure herriko haur txikienen hezkuntza-gune bati eginiko erasoa da hau, eta ezin da inolaz ere onartu», adierazi du Julene Lazkanok, EH Bilduko Elorrioko alkateak​. Gertatutakoaren aurrean, gogoeta egiteko eskatu die komunitate osoari, familia guztiei eta, jakina, gertatutakoaren arduradunei.

«Suhiltzaileen esku-hartze azkarrari esker, sutea garaiz itzali zen eta ez zuen eraikinaren gainerakoa kaltetu», nabarmendu du Udalak.

Honen ostean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa zabalik dute gertatutakoaren erantzuleak identifikatzeko asmoz. Udalak herritarrei gogorarazi die segurtasunarekin loturiko edozein gertakari susmagarri berehala jakinarazteko deitu dezatela 112ra edo Udaltzaingora.​