NAIZ

John Cabang Irurako atleta filipinarrak urrezko domina lortu du Asiako Hego-Ekialdeko Jokoetan

110 metro hesietako lasterketako finalean 13,66 segundoko denboraz gailendu da Madrilen jaio, hiru urte zituela Iruran bizitzen jarri eta Filipinetako selekzioarekin ari den atletak. 2024ko Olinpiar Jokoetan min hartu ostean, bere buruaren «errebantxa» hartu duela adierazi du Cabangek.

Irurako John Cabang, 110 metro hesietako finalean nagusi.
Irurako John Cabang, 110 metro hesietako finalean nagusi. (POC Media)

Thailandiako hiriburu den Bangkok hirian ari dira jokatzen hilaren 9tik 20ra bitartean Asia Hego-Ekialdeko Jokoak –SEA, ingelesezko akronimoa jarraituz– eta bertan John Cabang Irurako atletak Filipinetako selekzioarentzat urrezko domina eskuratu du 110 metro hesietako finalean, 13,66 segundoko denbora eginez; hau da Jokoetako errekorra eginez.

24 urte ditu John Cabangek eta Madrilen jaio bazen ere, hiru urte zituela Irurara joan zen bizitzera gurasoekin. Filipinetako selekzioarekin Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, baina errepeskako lasterketan min hartu zuen. Handik aurrera lesioekin eta emaitzekin ez du nahi bezalako emaitzarik lortu. Ondorioz, 2025a uste baino askoz hobeto amaituko du, Parisen pairatzen hasi zen gainbehera horri gain hartuz bere «errebantxa» lortu baitu atleta gipuzkoarrak.

«Urte petrala izan da niretzat, ezin izan baitut Asiako Txapelketan parterik hartu, ezta Filipinetako Txapelketan ere. Baina aurrerapauso bat ematea lortu dut eta maila onean iritsi naiz SEAra. Asiako Jokoetan ere nabarmentzeko prest nagoela uste dut», gaineratu du Cabangek, abenduan aire libreko atletismoan nabarmentzea zaila dela azaldu arren.

«Garai honetan pista estalian aritu ohi gara –60 metro hesietan, alegia–, baina SEArako prestatzeko distantzia luzean gogor entrenatu dut. Indartsu sentitzen naiz orain, eta datorrenari aurre egiteko moduan», azpimarratu du.