Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Zaldi-azienda, barazkiak eta taloak, Santa Lutzi azoka jendetsu baten protagonistak

Urretxu eta Zumarragan ospatzen den Santa Lutzi azoka jendetsua egiten ari dira gaur, eguraldia lagun. Zaldi-azienda ikusi ostean, nekazarien produktuak erosteko aukera egoten da, baita artisauek egindako lanak ikusteko aukera ere, askorentzat gabonetako opari apropos bilakatzen direnak.

Zaldiak izaten dira Santa Lutzi azokako elementu bereizgarria.
Zaldiak izaten dira Santa Lutzi azokako elementu bereizgarria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Goizean bazirudien larunbata izanda eta eguraldi ona egin arren, ez zebilela hainbeste jende Urretxu eta Zumarraga herrien artean urtero abenduaren 13an ospatzen den Santa Lutzi azokan. Eguerdi partean, berriz, momentuan jatekoak saltzen zituzten postuetan jendea pilatzen hasia zen.

Zumarragako Urdaneta kalea zeharkatzea beti izaten da zaila hor baitago denek –batez ere haurrek– ikusi nahi duten zaldi-azienda. Pottokak, ponyak, astoak edota Euskal Herriko arrazadunak. Gainera, antolatzen duten argazki rallyrako ere modelo dotoreak izaten dira. Aurten, berrikuntza bezala, zaldiak zeuden pareko espaloian, moxal haragiz egindako hanburgesa pintxoak saltzen ari ziren, euro batean. Sekulako arrakasta izaten ari zen, eta tapoia sortzen ari zen kalearen tarte horretan.

Moxalaren ordez, txekorra nahiago zutenek, Urretxuko Labeaga kalean zeuden burduntzi erara aurreko egunetik prestatutako pintxoak banatzen, 3 eurotan, Katxalin bularreko minbizidunen elkartearen alde.

Lasaiago zegoen La Salle-Legazpiko ikastetxeko patioa, non nekazaritzarako makina eta ibilgailuen erakusketa zegoen. Artisauak, ordea, Urretxuko Iparragirre kalea eta Zelai Arizti frontoi inguruan zeuden, mimoz sortutako ilustrazioak, poltsoak, bitxiak, jostailuak edota esku-pilotak saltzen.

Oilaskorik ez, idiak bai

Zumarragako Euskadi plazan zein Urretxuko Gernika enparantzan zeuden tokiko produktuak. Sagarrak eta barazkiak, eztia eta arrautzak saltzen zituen baten bat ere bazegoen, baina argi dago hegazti gripearen ondorioz ezarritako murriztapenek arrautzen eskaintzak behera egin duela. Izan ere, murriztapen horiek ere azokan bertan eragina izan dute, Areizaga-Kalebarren plazan egon ohi ziren oilaskoen erakusketa eta sariketa ezin izan dutelako antolatu. Espazio hori nahiko hutsa zegoen gaur, jatekoa prestatzen zuten postu batzuekin soilik.

Hegaztiak ez, baina idiak bai egongo dira arratsaldean ospatuko den idi-proban. Izan ere, Katalunian izan zen abelgorrien dermatosi brotea ondo kontrolatzea lortu dutenez, orain arte egon den debekua altxatu du Lakuak, eta Eibar zein Gernikan animalia hauek egon ezin bazuten ere, Urretxu-Zumarragara eraman ahal izan dituzte.