«Gure esperantza guztiak elkarlan zail baten pean daudela onartzean datza erronka»
Uharte Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria da Oskia Ugarte (Iruñea, 1978). Arte historialaria eta kultur kudeatzailea, Oteiza Museoa, San Telmo Museoa edo Kursaal Elkargunea bezalakoetan aritu da aurrez. Arteak zubiak eraikitzen dituela sinetsita, zentroaren norabide aldaketaren lemazaina da.

Uharte Arte Garaikideko Zentroa Nafarroan arte garaikideari eskainitako azpiegiturarik handiena da, baina 4.500 biztanleko Iruñerriko herri txiki batean dago kokatua. 2007an inauguratu zuen udalak ekinbide propioz eta 2009az geroztik lagapen moduan kudeatzen du izen bereko fundazioak; Foru Komunitateko Administrazioaren babespean dago eta Kultura eta Kirol Departamentuak kudeatzen du. 2016an zentroaren proiektuak eraldaketa bide bati ekin zion.
Bira asko eman ditu zentroak bere ibilbide laburrean.
Pentsa dezakegu Uharte Zentroa modu ez egoki batean jaio zela. Udal txiki batek holako tamainako proiektu bat sustatu zuen eta, nola ez, handik urte batzuetara Nafarroako Gobernua sartu behar izan zen ekuazioan jasangarria izan zedin. Artean, bereziki arte garaikidean, oso ohituak gaude halako erabakietara. Eta hala ikusten du gizarteak, erokeria moduan. Hego Euskal Herrian hainbat adibide daude zeinetan lehenik edukiontzia dugun eta ostera zentzua eman behar zaion. Hemen ere arazo hori dugu eta lehen lerroan bizi dugu galga hori. Uharteko biztanleekin harremana askotan horrek markatu izan du.
«Gizartea edo herriaren eta Uharte Zentroan gertatzen diren gauzen artean lotura bat ezarri nahi badugu, haien historiaren parte bihurtu behar gara»
2016an Elisa Arteta, Nerea de Diego eta Betisa Ojangurenekin batera zuzendaritza talde berria osatu zenuten. Nolako giroa egin zuen proiektuak?
2015ean aldaketa politikoa izan zen Nafarroan eta ate berriak ireki ziren. Arte garaikidea beti ibili izan da apur bat noraezean eta erakunde publikoetatik at geratu izan da. Garaia zen komunitate artistikoan zer gertatzen zen begiratu eta nola lagundu pentsatzeko eta 2016an Patronatuak ateratako lehiaketan parte hartu genuen. Bertan zehazten zen baldintza edo ikuspegia hori zen: ez dezagun soilik erakusketa une horretan arreta jarri eta beha dezagun balore-kate hori guztia, zer gertatzen den aurretik eta ondoren. Zer gertatzen da prozesu artistikoarekin? Zer behar du artistak? Nola lortu dezakegu komunitate artistiko sendo eta kritikoa izatea? Lantalde bat hasi ginen pertsona bakarrak betetzen zuen kargu horretan modu kolektiboan lanean eta aldaketa oso handia izan zen. Zentroa benetako laborategi bihurtu zen, kultur kudeaketari dagokionez baina baita eraikinaren erabileran.
Uharteko herritarrekin harremanak orduan hobetu ziren?
Elkar-ulertze desberdin bat lantzen hasi zen. Argi dugu afera hori ez dela modu bakarrean ebatziko, denbora beharko da. 9 urte pasa dira eta pozik gaude emaitzekin baina lanean jarraituko dugu berdin. Orube honetan betekiak egiten dituen lantegia egon zen 40 edo 50 urtez. Jaten eman zion herriari. Enpresak porrot egin zuen eta eraikina bota zuten. Herriko idearioan zeuden gauza guztiak bat-batean akatu ziren eta, leku berdinean, arte garaikidearentzako gauza bat sortu zuten. Jendeak ez zuen ulertzen zertarako zen. Gizartea edo herriaren eta Uharte Zentroan gertatzen diren gauzen artean lotura bat ezarri nahi badugu, haien historiaren parte bihurtu behar gara. Beraiek izan behar gara, herria izan behar gara.
Udalak, zentroarekin batera luxuzko spa bat eta izotz pista bat eraiki zituen. Jendean hemen ez du inongo tradiziorik izotzean patinatzeko, ez dago ur termalik. Ez zioten herritarrek zituzten beharrei. Kultur eskubideak ez dira bermatzen egitasmoa kanpotik badator. Ez du funtzionatuko. Kultur eskubideak bermatzen dira kultura ikusi, erabaki eta parte izateko ditugun beharrak asetzen direnean. Zurea sentitzen duzunean mobilizatzen zara, bestela oso zaila da. Guztiok kultura egiten dugunaren kontzientzia piztu beharko genuke. Ez da hain beharrezkoa jakitea zer diren zehazki kultur eskubideak, baina bai argi izan beharko genukeela sortzen dugun hori kultura dela, gobernuek babestu behar dutela eta bermatu behar dutela momentu horiek gertatzea. Nik uste horretan datzala gehienbat gaur egun kultur kudeaketan eta eskubideak kulturaletan gabiltzanok kontutan izan behar duguna.
2019an Nafarroako Legebiltzarrak kultur eskubideei buruzko foru legea onartu zuela. Nola baloratuko zenuke egindako ibilbidea?
Nik uste urrats garrantzitsua izan zela. Une horretan Kultur departamenduak egin zuena ia bisioanarioa izan zen, oraindik ez baitzen gehiegi entzuten kultur eskubideen afera. Orain 2025ean gaudela, interesgarria litzateke lege honek izan izan ahal dituen aplikazioak garatzen hastea eta ikustea. Bestela asmo oneko deklarazio hutsa izango da. Euskarari dagokionez, esaterako, legean ez du ezer zehatzik proposatzen, baina legearen bidez zerbait zehatza egin daiteke. Erakusketa bat Tuterara eramaten bada, erakusketa elebiduna izatea oso garrantzitsua iruditzen zait, badagoelako portzentaia txiki euskaraz hitz egin nahi duena, euskaraz bizi nahi duena. Beraz, zergatik ez diegu bermatuko pertsona hauei haien kultur eskubideak? Eta hori lege honen bidez egin daiteke.
EAEn ere aurreikusia dago 2026an Kultura Sistema arautzeko lege-proiektua aurkeztea. Nola eragiten du lurralde zatiketak?
Erronka handiena elkarlana da. Ez baldin bagara jartzen oso ametsari eta pentsatu etorkizunean herri bakar bat izango garela, oraintxe bertan lanerako daukaguna bide bakarra elkarlana da. Elkarlana, beti, zerbait deserosoa bezala. Elkarlana egitea ez da erosoa. Niretzat hor dago oraintxe bertan erronka handiena: gure esperantza guztiak elkarlan zail batean daudela onartzean.
Kultura eta hizkuntza bat partekatzen dugu eta hori ez baldin badugu konpartitzen erakunde publikoetan, ez dago lan handirik egiteko. Gizarteak, herriak, beti egingo du. Beti egin izan du eta horregatik iritsi gara iritsi garen tokira, baina egia esan, aurrera egin nahi baldin badugu erakundeen arteko kolaborazioan ikusten dut erronka handiena eta aldi berean aukera politena.
Kultur bitartekaritza defendatu izan duzu tresna gisa.
Bai, bitartekaritza da nire ustez arteak duen tresna handiena. Kultura zubiak eraikitzea da. Egun erakusketen eredua agortua dago, baina badira bestelako modu hurbilago eta lasaiagoak. Jatorrizko artista eta ikuslearen artean dagoen hierarkia deseraikitzen baldin badugu, beste agente batzuk sartzen baditugu, eta zu artista zaren bezala ikusle bazara eta alderantziz, nik uste dut hor badagoela bitartekaritzarako oso eremu emankorra.
Berriki patronatuak ezezkoa eman dio Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuari. Zer ondorioztatu liteke?
Berri pozgarria da, alde batetik, kanpotik datozen proiektuak lurralde txiki batean bonba bat izan daitezkeelako. Uharte zentroa hori zen neurri batean, kanpotik zetorren amets bat. Udaletxeak hartutako erabakia zen, baina kanpotik datorren eredu bati erantzuten dio eta ez horrenbeste hemengo beharrei. Urdaibain gertatu behar zena hori horixe bera zirudien. Eta zur aski ez zion bertako biztanleen beharrei erantzuten. Turistifikazioaren aurkako hausnarketa ere nahasten da kasu honetan.
Arteari begiratzen badiozu arteari, sorkuntza prozesuak dira horrela gertatzen. Bilbora joanez gero, mugimendua ez dago Guggenheimen, Guggenheimen turistak daude. Mugimendua dago Okelan, Bulegoan, La Taller, Consonni, Iruñean La zurda izan zenean… Halako espazio txikietan sortzen ari da gure kultura eta artea.
«Geruza guztietan sortu behar ditugu arte erakunde eta mugimenduak. Eta ez gaude puntu horretan, beste aldean gaude»
Nolako kultur erakundeak behar ditugu?
Arte erakunde asko eta mota askotakoak behar ditugu. Pribatuak eta publikoak, ekimen handiak eta txikiak, auzokoak eta hirikoak. Artea ez baita gertatzen toki edo modu bakar batean. Geruza guztietan sortu behar ditugu arte erakunde eta mugimenduak. Eta ez gaude puntu horretan, beste aldean gaude. Uharte Zentroak harremanei ematen diegu garrantzia. 2016an egin genuen lehen gauza jantoki bat egokitzea izan zen. Bazkaltzeko momentu hori oso anekdotikoa gerta daiteke, baina errealitatera eramaten gaitu askotan. Garrantzitsua da prozesuari, ikerketari eta esperimentazioari tokia ematen. Akatsa hor dagoelako eta akatsa oso interesgarria da. Uste dut besteak beste horrek Uharte Zentroa zer den definitzen duela eta oso esportagarria dela beste toki batzuetara.
Ekitaldi handien garaian, non gelditzen dira egitasmo txiki edo autogestionatuak?
Beste maila batean gelditzen ari dira eta oso garrantzitsuak dira. Gauza interesgarriak gertatzen ari dira Iruñean zein Euskal Herrian. Hemen adibidez La zurda gunea edo DLC Kultur plataforma daude. Guretzat seinalerik hoberena da halakoak sortzea. Baina egia da garai ilunak direla eta halako proiektuek ez dutela babes handirik. Erakundeen babesa falta zaie espazio horiei.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

