
‘Konfesio inkonfesableak’ aitzineko lanean bezala, ‘Hau ere gertatu zen’ obra berrian apaiz garaiko gertaerak oroitu ditu Xabier Amurizak, horiek izan zirelako, maiz erran duenez, bere bizitzako urterik emankorrenak gizartearentzat. Zergatik? «Autoritate bat nintzelako, gaztea nintzelako, idealismo baten aroa zelako… Ez dakit. Izan zen. Araberako mugida orokor baten barruan, apaizek ere parte bat osatu zuten. Gutxiengo bat, noski, baina gutxiengo handia, ordena ezberdinetako fraideak barne. Kopuru bat emateko, izan gintezkeen Euskal Herri osoan ehunka batzuk», azaldu du idazleak.
Sasoi hartan ezagutu zituen kide borrokalariei eta «beste maila bateko lagun maitagarriei» eskaini die 24 atalez osatutako lana. Ohi duen gisan, Amuriza.eus webgunean jarri du nahi duenak irakurtzeko eta jaisteko.
‘Zortzi eguneko meza bat’ da lehen kapitulua, eta Txabi Etxebarrieta lehen ETAkide hilari eskainitako mezaren gorabeherak kontatzen ditu. Meza soil bat eragotzi nahian, omenaldi ikusgarriena eskaini zioten guardia zibilek.
Bandera espainolarekin
Bigarren atalean, alkatea eta agintariak bandera espainolarekin mezatara sartzeko asmotan zirela-eta sortu ziren gorabeherak jasotzen ditu. «Horrelakorik gerta baledi –ohartarazi zioten apaizari herriko gazteek–, zin dagigu, mezerdian himno nazional espainola hasiz batera, baseliza airean joango dela». Don Antonek zer egin zuen eta egin zuenak zer ondorio ekarri zizkion agertzen du Amurizak, ‘Fuldain’ «frankista sutsu bezain asto-narruak» mendeku hartu baitzuen.
Apaiz izatetik aparte, «pertsonaia» batzuk aurkezten ditu idazleak, «euren mailan onerakoak izan zirenak, eta izaeraz maitagarriak»: Don Blas, ume guztien santua, gorreria abiatu zitzaionetik; Don Tomas, ameslari etsigaitza; eta Don Eustakio, independentzia beneratzen zuen izaki bakartia, bertzeren artean.
Amurizak (Etxano, 1941) iraultza ekarri zuen bertsolaritzara eta Euskal Herriko txapelduna izan zen bi aldiz. Idazlea, itzultzailea eta ikerlaria da, Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien irabazlea. ‘Nik ere badakit hiltzaile bat izaten’, honen espainolezko itzulpena, ‘Yo también sé matar’, eta ‘Konfesio inkonfesableak’ dira aitzinetik sarean argitaratu dituen lanak. Doan irakurri eta jaitsi daitezke denak.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»


