«Finala beste saio berezi bat izango da eta Aramaioko arantza kendu nahi nuke»
2001ean Aramaion jaioa, Peru anaiari segika hasi zen bertso eskolan eta izugarri gustatu zitzaion. Orain biak dabiltza gaztetxo talde bati irakasten. 2024an kantatu zuen txapelketan aurrenekoz, eta lehen finala izanen du.

Zorionak! Zer moduz zaude?
Ondo. Poz galanta hartu nuen finalean kantatuko nuela jakin nuenean, ordutik ospakizun batzuk egin ditugu eta orain gogotsu nago.
Txapelketaren errepaso bat eginen dugu? Zer sentsazio izan zenituen Oionen?
Gustura geratu nintzen. Sarritan ez dugu izaten egindako saioarekin erabateko poza sentitzeko aukera, baina Oionen konforme geratzetik oso gertu ibili nintzen. Ale txukun batzuk utzi nituen, orokorrean lasai disfrutatu nuen, eta esango nuke hein handi batean saio horrengatik nagoela finalean.
Ariketaren bat nabarmenduko zenuke?
Zortziko nagusian oso gustura ibili nintzen Aroa Arrizubietarekin itsasoaren egoeraz.
Aramaioko saioa hagitz berezia izan zen.
Sei herrikidek kantatu genuen batera, hiru anaiok ere bai, eta arantzatxoa geratu zitzaidan ez nintzelako gai izan disfrutatzeko. Sentsazioa izan nuen pixka bat lotuta nenbilela bertsotan, freskotasun eta ideia handirik gabe, eta sufritu nuen. Finalean beste saio berezi bat izango dugu eta aukera izango dut arantza hori kentzeko, beraz, pozik.
Hori izanen duzu finalerako helburua?
Bai. Finalean saio txukun bat egitea gustatuko litzaidake, nire buruarekin gustura eta pozik gelditzea egindako bertsoaldiekin, eta Aramaioko arantzatxo hori kendu badezaket, ezin hobeto.
Nolako finala espero duzu?
Finaleko argazkia inoiz baino gazteagoa da. Bertsolarien artean konplizitate handia dago eta hori saioan ere nabaritu daiteke. Peru anaia oholtzan izateaz aparte, oso gertuko jendea eta lagun handiak ere izango dira eta hori alde positibo bat izan daiteke. Bestalde, bakoitzak bere mailarik onena plazaratzeko ahalegina egingo du, eta, batzuek lortuz gero behintzat, maila oneko finala izan daiteke.
Etxetik datorkizu zaletasuna?
Gure etxean lehenengo anaia nagusia hasi zen bertsotan. Ni ere animatu ninduen bertso eskola probatzera eta asko gustatu zitzaidan. Aramaion bertso eskola indartsua dugu eta horrek harreman berriak sortzeko eta bertsotan gustura aritzeko aukera ematen du.
Nola bizi duzu bertsoa?
Boladak izaten ditut. Batzuetan oso presente egoten da; besteetan ez diot kasu handirik egiten. Txapelketa motibo bat izaten da berriro lehen planora ekartzeko eta azkenaldian bolada horretan nabil.
Bertso irakasle ere ari zara.
Aramaion Peru eta biok gaztetxoen talde bat daukagu, astearte arratsaldeetan elkartzen gara eta gustura.
Hantxe egonen dira finalean, zuek animatzen.
Finalaurrekora etorri ziren. Gainera, egokitu zaizkigun gonbidapenak eskaini dizkiegu eta esango nuke pozik etorriko direla. Agian luzetxo egingo zaie, baina seguru txalo fuerte joko digutela.
Arabako maila gora doa.
Finaleko argazkia bada adierazgarri bat, inoiz baino final gazteagoa izango delako. Azken urteetan baino aramaioar gutxiago egongo gara, azken urteetan hiru edo lau egon izan dira eta hori ere bada seinale on bat. Aurten, Euskal Herriko txapelketarako Arabako lau bertsolari sailkatuko dira, orain arte bi sailkatu izan dira, eta hori bada sari bat.

Gazte bazkari jendetsu batekin, indar betean jarraitzen du Topaguneak Abadiñon

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

Detenido un hombre de 45 años por matar presuntamente a su pareja en Basauri

Asuntos Internos investiga si la Ertzaintza pudo evitar el ahogamiento en la operación de Irun






