Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
MADDI AGIRRE EPELDE
Arabako Bertsolari Txapelketako finalista

«Gure txapelketa ere garrantzia hartzen ari da, hemen ere badago zer esana eta maila»

Gasteiz, 2005. Hirugarren txapelketan, final-laurdeneko eta finalaurrekoko saioak irabazita iritsi da lehen aldiz finalera. Ez zuen espero eta pozarren dago.

(Endika PORTILLO | FOKU)
Zorionak!! Zer moduz zaude?

Ilusio handiz. Urduritxo, baina batez ere gogoz.

Final-laurdena eta finalerdia irabazita sailkatu zara.

Ez nuen batere espero hain ondo joaterik. “Uau!” izan da. Asko poztu nauen zerbait eta nire konfiantzarentzat sekulako bultzada.

Goazen errepaso bat egitera, Izarrako saiotik hasita.

Oso urduri egon nintzen. Aurreko txapelketan final-laurdenetan gelditu nintzen eta langa hori gainditu nahi nuen. Saioa nahiko ondo joan zen eta ariketaren bat nabarmentzekotan zortziko txikia esango nuke, Asier Otamendirekin egin nuena.

Eta Dulantzin zer moduz?

Askoz lasaiago nengoen, nire helburuak beteta zeuden eta gerrara joan nintzen, motibatuta, ezer galtzekorik gabe. Bertsotan ondo ibili nintzen. Ez dakit bereziki nabarmendu nintzen ariketa zehatz batean. Bakarkakoa nahiko ondo irten zitzaidan, baina esango nuke oso konstante ibili nintzela, erori gabe, eta horregatik izan nintzela irabazle. Sekulako poza hartu nuen!

Irabazteko asmoa bazenuen. Hala azaldu zenuen agurrean.

Bai, argi neukan behin horra iritsita ez nuela ezer galtzeko eta bai ala bai finalean sartzen saiatuko nintzela. Final-laurdenetako eta finalerdietako puntuak batzen zirenez, banekien aukera bat bazegoela eta ondo egiten banuen pasa nintekeela. Abisua eman nuen eta pozik nago bete nuelako.

Finalerako helbururik jarri diozu zure buruari?

Helburu bezala dut finaleko giroak ez gainditzea. Agertokira igo eta bat-batean hainbeste jende ikusten dudanean jakitea behintzat hori kudeatzen eta ez ibili behar izatea bertso guztiei tiraka eta nekatuta. Gero, amesten hasita, jakinda aurten Euskal Herriko plazak daudela jokoan txapelketan eta finaletik lau pasatzen direla, helburu idiliko bat litzateke lau horietan sartzea.

Bertsolaritzak komunitate oso bat eman dizula aipatu izan duzu. Zer leku betetzen du orain zure bizitzan?

Nire bizitzan nahiko leku okupatzen du, batez ere inguruko lagun hurbilenen artean asko direlako bertsoak emandakoak eta azkenaldian bertso eskolan nahiko denbora igaro dudalako. Plaza aldetik kurtso hasiera intentsoa izan da, baina neurrian, nire edadeko gazte batek eduki ditzakeen saioak izan ditut. Pozik eta aseta nago.

Zer bide egin nahiko zenuke bertsotan?

Oso argi daukat bertsotan jarraitu nahi dudala eta oso gogotsu nabilela oraintxe bertan. Geroaz ezer esatea zaila da, ze egoera pila bat aldatzen da txapelketa batetik bestera eta urte batetik bestera. Baina hor egoten jarraitu nahiko nuke eta nire izena agertu dadila tarteka kartelen baten.

Zer moduz doaz Matematika ikasketak?

Ondo. Orain pixka bat albora utzita, txapelketaren zurrunbilo honekin guztiarekin. Suposatzen dut finala eta gero jarriko naizela berriro topera ikasten. Ez da erraza bateratzea, denbora asko eskatzen duelako, baina saiatzen naiz gauzak estresatu gabe eta nire erritmoan egiten.

Musika ikasketak ere badituzu eta zure kantaera ederrean sumatzen zaizu.

Bai, hori jende askok esaten dit. Argi daukat kontserbatorioagatik dela, eta abesbatzan ere ibili nintzelako. Asko eskertzen dut, doinuak ikasterakoan erraztasun handia baitut. Ez nuke esango sekulako ahotsa daukadanik ere, baina bai tinbre polit bat, afinatzea erraza egiten zait... Nik asko eskertzen dut eta kanpora begira uste dut jendeari ere gustatzen zaiola.

Arabako txapelketa indartzen ari da, ezta?

Bai. Nire lehenengo txapelketa 2022an izan zen, lau urte bakarrik igaro dira eta mailan sekulako gorakada nabaritu dut. Plazak gero eta garestiago daude. Pozgarria da, guretzat zailagoa, baina hori da jarraitu beharreko bide naturala. Eta uste dut beste lurraldeetako jendea ere ohartzen ari dela gure txapelketa ere garrantzia hartzen ari dela, ze sentsazioa izan dugu beti Arabakoa ez dela hain garrantzitsua. Orain nik uste dut benetan ari direla ohartzen hemen ere badagoela zer esana eta maila.

Nolako finala espero duzu?

Inoizko final gazteena izango da. Zaharrena Iñaki Viñaspre da eta hurrengoa Peru Abarrategi, 28 urterekin. Eta horrek asko pozten nau. Ez dakit berrikuntza, baina freskotasun bat behintzat espero dut bertsotan. Kideak lagunak edo hurbilekoak dira, orduan, nik uste oso erosoa izango dela, oso freskoa. Esango nuke publikoak preziatuko duela, eta publiko gazteak bereziki.