«Ederra da aurrekoekin kantatu izana eta oraingoekin kantatu ahal izatea»
Abetxuku, 1984. Finaleko beteranoa da, adinean eta final kopuruan. Hamalaugarren aldiz jokatuko du finala eta 2019an txapelduna izan zen.

Finaleko beteranoa, adinez eta final kopuruan.
Bai, zalantzarik gabe beteranoena. Hamalaugarren finala izango dela uste dut.
Hamalaugarrena, baina finala beti da finala, ezta?
Bai, eta aurtengoa aldaketa askorekin datorrela esango nuke. Aretoa aldatuko da, parte-hartzaileen erdiak berriak izango dira eta beste bi duela ez hainbeste urte sartutakoak... Final guztiek dute ezaugarri propioa eta oraingoan belaunaldi aldaketa baten lekuko izango naizela uste dut.
Lehen lerroko lekuko.
Bai, niretzat ederra da aurrekoekin kantatu izana eta oraingoekin kantatu ahal izatea. Plazera da. Oso maila altuko gazteak dira eta denok genekien aurten garesti izango zela finalean sartzea.
Zu nola sentitu zara txapelketan? Kanpotik begiratuta, eskarmentuz eta erregular ematen du.
Bai, ostean entzunda agian bai, baina saioetan bertan ez nintzen oso gustura geratu. Hala ere, kontziente naiz puntuazioari begira eta bertsokideei begira, saio nahiko txukunak egin genituela.
Finalera begira, zein etxeko lan jarri diozu zure buruari?
Uste dut denok antzerako etxeko lanak izango ditugula. Hasteko, saio ona egin eta bertsokideekin gozatu. Txapelaren itzala beti hor dago eta denok joango gara horren bila. Baina zuk egiten duzunaz gain, besteek egiten dutena ere kontuan izan behar da.
Zuk probatuta duzu txapela, 2019an. Pentsatzekoa da gorputzaren memorian jasota geratzen dela gailur hori.
Bai, baina beste gailur batzuk ere gogoan ditut. Txapela irabaztea beti da ohore bat eta plazer bat, baina baditut beste une berezi batzuk. Adibidez, lehen aldiz bigarren geratu nintzen urtea oso ederra izan zen. Edo lehen aldiz kantatu nuenekoa... Ibilbidea luzea izan da eta une eder asko ditut gogoan.
Inbidiarik ematen al dizu lehen aldiz kantatuko duenak?
Ez, gauza bakoitzak bere unea dauka. Lehenengo finala oso berezia da, baina hurrengoek badaukate lehen horretatik zerbait; beti aldatzen da egoera, nor daukazun inguruan... beti bada zerbait berria, final bakoitza desberdina egiten duena. Finaleko tentsioa ez da galtzen. Egia da lehenengoan ez daukazula ezer galtzeko, baina urteek aurrera egin ahala presioa areagotu egiten da, eman izan dugun mailari eusteko nahia izaten baita.
Finalaren tokia aldatuko da.
Niri Principal antzokia asko gustatzen zait. Baina tokia aldatzeak badauka gauza berri bat probatzearen xarma hori.
Txapelketa Nagusirako lau txartel banatuko dira finalean. Pizgarri indartsua.
Bai, bai. Finalisten artean, Peru da Euskal Herrikoan abestu duen bakarra. Pizgarri eta indargarri izango da, denok motibatzen gaituen gauza bat da.
Arabako bertsogintzaren bidea barrutik bizi izan duzu azken bi hamarkadetan. Zein unetan ikusten duzu?
Berritzeko momentu batean ikusten dut. Gazte mordoa datoz oso indartsu, ez bakarrik finalean daudenak, finaletik kanpo geratu diren eta maila oso altua duten gazte asko daude. Aurten txapelketa bereziki gaztea iruditu zait eta bertsolari gazte hauek badaukate gose berezi bat. Arabako bertsogintza gora doa zalantzarik gabe, bai kopuruan eta bai mailan.
Azken hiru edizioetako txapeldunak eta hiru finalista berri. Horrela geratu da finala.
Egia da bestelako finala ere gera zitekeela. Kanpoan geratu diren asko finalean egon zitezkeen, bai beteranoak eta bai gazteak. Baina espero genuen finala berrituko zela eta horrela gertatu da. Iruditzen zait bakoitzak badugula zer eskaini finalari. Nahiz eta oso desberdinak izan, elkarrekin ondo konpontzen gara eta hori igarriko da finalean.
Finalista asko, zure ikasle izandakoak.
Lau finalista nire ikasle izan dira uneren batean. Maddi Agirre kenduta, gainontzekoak. Pozgarria da zure ikasle izandakoak kantukide izatea, nolako maila duten eta zein gaitasun duten ikustea. Beste batzuen ikasle ere izan dira. Gozatzeko finala izango dela iruditzen zait, seguru ikusten ditut guztiak.

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia






