«Etorriko dena gaur daukaguna eta eduki duguna baino hobea izango da»
Ametzaga, Zuia, 1999. 2019an kantatu zuen estreinakoz txapelketan, eta 2022an finalera sailkatu zen ia. Laugarren txapelketa eta lehen finala du.

Zorionak! Zer sentsazio eta gogo dituzu finalera begira?
Ez nuen espero finalera pasatzea, baina gogotsu nago. Kristoren lagun talde polita batu gara eta, beraz, irrika handiarekin nago ea zer gertatzen den.
Nola ikusten duzu seikotea?
Ze esango dut, denak betiko lagunak, oso bertsolari onak. Oso-oso final ona geratu da, jende batekin badaukana gaitasuna ez bakarrik kantatzeko, baizik eta esan nahi duen hori transmititzeko.
Orain arteko txapelketaren zein balantze eginen zenuke?
Balantzea ona da ezinbestean. Baina lehenengo saioan, Oionen, ez nintzen solte ibili, akaso urduritasunak jan ninduen eta ez nuen lortu nahiko nukeena edo espero nuena egitea. Horrek ekarri zuen finalerdian nire burua aukerarik gabe ikustea eta orduan askoz solteago aritu nintzen Dulantzin; saio dezente hobea egin nuen. Bertatik, Maddi Agirrerekin egin nuen zortziko handia nabarmenduko nuke. Aski ongi ibili ginen biok, bilatzen genuen hori ondo transmititzen. Oionen, ez nuen sentsazio eskasik izan, baina ezta guztiz onik ere; ez nuke ariketarik botako zakarrontzira, baina ez nuke bakar bat ere nabarmenduko.
Finalerako helbururik jarri diozu zure buruari? Ariketarik landu duzu bereziki?
Finalerako ariketak landu ditugu, izan ere, seiko motza, adibidez, bakarrik finalean egiten da. Baina ariketa konkretu bati begira egon baino, gehiago sakondu nahiko nuke esan nahi dudan horretan, gai bakoitzaren inguruan dudan ikuspuntua transmititzean. Ez dut helbururik jarri postuarekiko, ze finalean nago eta horrekin aski eta sobera daukat. Kontua da finalean disfrutatzea eta pozik eta ondo egotea beste kideekin.
Nola bizi duzu bertsoa? Nola zabiltza plaza aldetik?
Niretzat nahiko garrantzia du bertsoak, bereziki bidean egin ditudan lagunengatik. Ia astero batzen gara bertso eskola egiteko eta bertsoak eta txapelketak ematen duten gauzarik politena da hori, saioetatik eta puntuetatik harago. Bertsoak zentralitate nahiko handia hartu du nire bizitzan batez ere bertso eskolen bitartez eta jende batekin gustura egotearen bitartez. Plaza aldetik ere ez dut uste kexatu naitekeenik, kantatzeko aukera daukadalako.
Bertso irakasle zabiltza, ezta?
Bai, Legutioko bertso eskolan nabil eta Gasteizko bertso eskolan ere hasi naiz gazteekin. Legution sekulako harrobia dago oraintxe bertan. Denbora batez ez da bertso eskolarik izan, eta orain gazte pila bat dago, nahiko motibatuta. Batek Arabako Txapelketan ere parte hartu du eta paper ona egin du, gainera. Oso jatorrak dira denak eta oso gustura nago irakasle bezala. Badago etorkizuna Legution, eta Gasteizen zer esanik ez.
Nola dago Arabako bertso mugimendua?
Etorkizun polita dagoela esango nuke. Gazte pila bat ari dira Eskolarteko Txapelketan parte hartzen, izan bertso eskoletan, izan Peru Abarrategirekin eta beste kideekin hezkuntza arautuaren bidez. Gazte pila bat ari da bertsolaritzan murgiltzen, bertsotan egiten, eta nire ustez etorriko dena gaur daukaguna eta eduki duguna baino hobea izango da.
Maila igotzen ari dela sumatzen da.
Nik hori sumatzen dut, bereziki nire inguruko bertsolariengan. Orain Aroa Arrizubietak, Maddi Agirrek eta Peru eta Martin Abarrategik egiten dutena oso maila altukoa iruditzen zait. Nire ustez maila asko igo da. Eta esperantza daukat gehiago igoko dela harrobian dauden gaztetxoekin.
Zer erronka pertsonal eta kolektibo aipatuko zenituzke?
Pertsonalki, pentsatzen dudana edo ikuspuntu kritikoago bat oholtzan islatzen saiatzea, publikoarekin konektatzen dudan bitartean. Eta kolektiboki hazten, gazteak bertsolaritzara engantxatzen eta maila igotzen jarraitzea.
Nolako finala nahiko zenuke izatea?
Nahiko nuke izan dadin final bat dibertigarria, entretenigarria publikoarentzat, lagunartekoa, azkenean hori baikara oholtzan gaudenak, lagun talde bat, oso gertukoa, eta uste dut hori nabarituko dela eta nabaritu behar dela. Espero dut jendearentzat entzuteko erosoa izatea. Araba beste lurralde batzuekin konparatuz nahiko txikia da, bertso munduan gabiltzanok ez gara hainbeste, orduan oso gertuko sentitzen da dena eta hori nabaritzen da. Oso final polita gelditu da eta espero dut publikoak ere bero hartzea.

Agentes encañonan a un joven y amenazan a una testigo en la Kutxi: «Deja de tocar los cojones»

Pandas de Euskal Herria

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

«Tras 50 años, en Montejurra sigue vigente la impunidad»






