INFO

Gernika-Palestinak kalejira iragarri du Euskal Selekzioa eta Palestinaren partidaren egunean

Azaroaren 15ean Bilboko kaleak elkartasunaren agertoki izango dira Gernika-Palestina ekimenari esker: Arriagatik San Mamesera kalejira egingo dute Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partidaren aurretik. Aldi berean, urriaren 15ean burrunbak egitera deitu dute udaletxeen aurrean.

Ibon Meñika eta Eneko Gerrikabeitia, asteazken honetako agerraldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gernika-Palestina herri ekimenak kalejira bat antolatu du azaroaren 15ean Euskal Selekzioak eta Palestinak San Mamesen jokatuko duten partidaren aurretik. Gainera, urriaren 17rako udaletxeen aurreikusita zeuden burrunbak urriaren 15era mugitu dituzte sindikatuen lanuzte deialdiekin bat egiteko.

Bilbon asteazken honetan egindako agerraldian, Ibon Meñika Gernika-Palestinaren bozeramaileak iragarri ditu bi ekimen horiek. Azaroaren 15erako, bi futbol federazioekin harremanetan egon ondoren, baita beste eragile batzuekin ere, herri ekimenak kalejira bat egingo du Arriaga plaza eta San Mames artean. «Euskal Selekzioa eta Palestinako selekzioaren arteko partidak duen garrantzia badakigu. Euskal Herritik Palestinarekin batera adieraz genezaken argazkirik esanguratsuenetarikoa izango da, eta gu horrekin oso pozik gaude», nabarmendu du Meñikak.

Helburua da «mobilizazio jendetsua, aldarrikatzailea eta ‘festazalea’ izatea, testuingurua zein den ulertuta eta bi herrien arteko samurtasun hori elkartzen duen adierazpena» irudikatzeko asmoz. Horrela, Meñikaren ustez, bi sentimendu horiek Yaser Hamed jokalari leioztarraren pertsonarengan «eszenifikatu zitekeen».

Bestalde, aurreko egunetan urriaren 17rako iragarritako mobilizazioak, azkenean, urriaren 15ean gauzatuko dituzte. Hain zuzen, udaletxeen aurrean burrunbak egitera deitu du Gernika-Palestinak 19.30ean, sindikatuek antolatutako hirugarren lanuztean (19.00etatik 22.00etara).

Gatazkaren balorazioa

Urriaren 7an bi urte bete ziren Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren azken atala hasi zenetik. Horren inguruan, Eneko Gerrikabeitiak egungo Gazako egoeraren balorazioa egin du: «Gazako elikagaien segurtasun egoerari eraginkortasunez erantzuteko erakunde humanitarioen gaitasuna mugatua da oraindik ere jarduera humanitarioetarako ingurune egokirik ez dagoelako, bonbardaketa jarraituak, lekualdatze aginduak eta sarbide mugak barne».

Era berean, Palestinako Emakumeen Batzordeen Batasuna (UPWC, ingelesezko sigletan) eta Nekazaritzako Langileen Batzordeen Batasuna (UAWC) bezalako erakundeen «lehentasun berehalakoak» azpimarratu ditu Gerrikabeitiak: «Langileen segurtasuna bermatzea, oinarrizko larrialdi programak mantentzea –janaria, ura, aterpea eta osasuna–, eragiketetarako beharrezkoak diren gutxieneko baliabideak mantentzea eta egoera dokumentatzea nazioarteko sustapenerako».

Halaber, UAWC eta UPEC-ren arabera, biztanleriaren «beharrik larrienak» hauek dira: «Janaria, ur garbia, aterpea, larrialdietako arreta medikoa, oinarrizko biziraupenerako elementuak eta laguntza psikosoziala».