INFO
Elkarrizketa
Mikel Labaka
Futbolari ohia eta Euskal Selekzioko bigarren entrenatzailea

«Euskal Selekzioa lehen lerroan, besteen pare, jarri nahi dugu»

Euskal Selekzioak hitzordu historikoa egin du Palestinarekin datorren larunbaterako, San Mamesen. Elkartasun keinu honi neurria hartu eta ofizialtasunaren borroka aztertzeko, Mikel Labaka (Azpeitia, 1980) gonbidatu du NAIZ Irratiak. Jagoba Arrasate hautatzailearen laguntzailea da azpeitiarra.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ilusioa ezin ezkutatuta dabil Mikel Labaka, Euskal Selekzioa-Palestina partidaren atariko egunetan. Hilabete batzuetan berdeguneetatik urrunxeago ibili ostean, aulkira itzuliko da, Jagoba Arrasate lagun duela. Euskal Selekzioaren bigarren hautatzailea izango da. Dei honek «apur bat astindu» diola onartu du eta «ardura handiz» onartu du eskaintza, «profesionaltasunez eta serio egin nahi ditugulako gauzak». «Niretzat Euskal Selekzioaren parte izatea futbol mailan bizi izan dudan gauzarik politenetakoa da», dio, ezbairik gabe. 

Futbolarien kasuan ere hala izaten da?

Denetarik dago. Gizartean modu askotako sentimendu eta pentsaerak dauden bezala, aldageletan ere hala daude. Oro har, ilusio hori sumatu du.

Guk garbiak izan nahi izan dugu jokalariekin. Etorri nahi ez dutenekin, ezberdintasun bat egingo nuke: etorri nahi ez badu bere agendak ez diolako kuadratzen, Euskal Selekzioa dela eta aurrerapausoak eman nahi baditugu, denon pausoak beharrezkoak direla. Eta bestalde, norbaitek ez badu sentitzen Euskal Selekzioa bere selekzioa dela, inolako arazorik ez daukagu jokalari horrekin hitz egiteko, errespetatzeko bere aukera. Aldi berean, eskatu nahi genuke beste selekzioei ere berdina egitea.

Zoritxarrez, Euskal Herrian naturalizatzen ari gara gurea ez den beste selekzioekin lehiatzen duten jokalari horien parte-hartzea. Edozein aukera errespetatzen dut baina nire ustez naturalena izan beharko luke bakoitzak bere herriko selekzioarekin jokatzeko aukera izatea; aukera hori ez dagoen bitartean, besteak ez ditut nik naturalak ikusten.

Zerk animatu zaitu Euskal Selekzioari baietz esatera?

Arrazoi ezberdinak izan dira. Sorpresaz harrapatu nau. Ikerrek [Goñi, Euskal Futbol Federazioko presidentea] deitu zidan duela pare bat hilabete, esanez partida hau antolatzeko asmotan zeudela eta ea prest nengokeen zerbaitetan laguntzeko. Eta baita ere kontsultatzeko zer iruditzen zitzaidan. Ilusioz hartu nuen dei hori. Jagoba Arrasate hautatzaile izango zela ere esan zidan. Euskal Selekzioa nire sentitzen dut eta ilusioa egiten dit hor egoteak. Oraindik ofizialtasunaren bidean urrats asko eta inportanteak emateko daude. Eta bestetik, Palestinaren aurka dela.

«Zoritxarrez, Euskal Herrian naturalizatzen ari gara gurea ez den beste selekzioekin lehiatzen duten jokalari horien parte-hartzea»

Jagobarentzat garrantzitsua izango da zu alboan egotea.

Nik azpimarratuko nuke Jagobaren konpromisoa. Lehen Mailako entrenatzaile batek daukan lan karga horrekin, eta kasu honetan emaitzak ere ez direla nahi bezala ateratzen ari, oso erraza litzateke Jagobarentzat ezetz esatea. Jagobak konpromiso erraldoi bat erakutsi du.

Zein izan da deialdia osatzeko oztoporik handiena?

Denetarik dago. Noski lesioak izaten dira normalean oztoporik handiena. Klubekin zuzenean hitz egin dugu eta jarrera ona erakutsi dute. Hala eta guztiz ere, hizketaldi hauetan saiatu gara klubei ere ulertarazten konpromisotaz hitz egiten ari garela eta Euskal Selekzioak aurrera egingo badu, klubek ere konpromiso hori hartu behar dutela. Beste selekzioekin joatea bultzatzen duten era berean, Euskal Selekzioa indartzeko beraien ale hori ere jarri behar dutela.

Bide orri batetaz ere hitz egin behar dugu. Baina, era berean, gure selekzioa bigarren maila batean jarri eta beste selekzioetara joatea naturalizatu egin nahi duen bide orririk ez dugu nahi. Gure selekzioa ere lehen lerroan besteen pare jarri nahi dugu.

«Lehen Mailako entrenatzaile batek daukan lan karga horrekin, gainera emaitzak laguntzen ari ez direnean, oso erraza litzateke ezetz esatea. Jagobak konpromiso erraldoi bat erakutsi du»

Nolako harremana izan duzue Palestinako Federazioarekin?

Telefonoz beraiekin hitz egiteko aukera izan dut eta helarazi izan didatena da ilusio handiarekin daudela. Bi ikuspegietatik: bata, oihartzun handia izango duelako, Palestina sufritzen ari denarekin, elkartasun keinu hau beraientzat ilusionantea da. Nahiz eta elektrizitaterik ez egon, Gazan bertan ere jendeak ahal duen guztia egingo duela partida ikusteko; futbolak, han ere, egoera muturrekoenean ere dimentsio hori badauka. Eta bestalde, futbol ikuspegitik, Asiako Kopa prestatzen ari dira, ez da lagunarteko partida soil bat beraientzat.

Mikel Labaka, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Euskal Herrian ere partidak ilusioa piztu edo berpiztu du. Zer giro espero duzu?

Giro ona espero dut. Gorabeherak tarteko, Euskal Selekzioaren partidetan beti egoten da giro oso ona. Palestinarekiko elkartasuna Euskal Herrian arlo guztietan ari da zabaltzen eta indartzen. Hain azkar zelaia betetzea sintoma ona da. Eta bestalde, espero dut baita ere Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunarekiko beste bultzada bat emango duela. Euskal Selekzioa jokatzen ikusteak gazteenei ematen die helduleku bat ikusteko beraien herria ere ordezkatu daitekeela selekzio baten bidez.

Federazioak egin du apostu bat baita ere Euskal Herriko klubetara gutuna bidaliz eta iradokiz larunbat arratsaldeko partidak, ahal bada, ostegun edo ostiralean jokatu eta jendea Bilbora joan dadin. San Mames ez ezik, Bilbo ere arratsaldetik betetzeak esanahi handia dauka.

Bi aldarrikapen nagusiak aipatu dituzu: ofizialtasuna eta Palestinar herriarekiko elkartasuna. Nola uztartu daitezke bi aldarri hauek?

Fokuan jarri behar da Palestina jasaten ari den genozidioa. Hori da gako nagusia, beraiei elkartasuna adieraztea eta genozidioari ‘Stop’ esatea. Hortik aurrera, Euskal Herriko historia dakien edozeinek badaki nazio bezala gure egiturak ez ditugun eta selekzio ofiziala onartzen ez zaigun herri bat garela eta uste dut, pilotan eta beste arlotan urratsak ematen ari diren bide horretatik joan beharko genukeela guk ere.

«Palestina sufritzen ari denarekin, elkartasun keinu hau beraientzat ilusionantea da. Elektrizitaterik gabe ere, Gazan jendeak ahal duen guztia egingo du ikusteko; egoera muturrekoenean ere futbolak badauka dimentsio hori»

2012an jokatu zenuen azken aldiz Euskal Selekzioarekin. Nola oroitzen duzu?

Futbolean partida gehienak Realarekin jokatu ditut, azpeitiarra, gipuzkoarra naiz eta Realean jokatzea niretzat gauza handi bat izan da. Baina egia da Euskal Selekzioarekin jokatzeak beste modu batera betetzen zaitu. Sentitzen duzu zure herria ordezkatzen ari zarela, urteetako ibilbidean jende askok konpromiso asko jarri duela herri hau atera dadin, pausoak eman daitezen... Guri orain arte futbol munduan ibiltzea egokitu zaigu eta nahiko genuke gure tokitik ekarpen hori egitea.

Mikel Labaka, eskuinean, Koikili eta Xabi Alonsorekin, Euskal Selekzioaren partida batean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Guztira zortzi partida jokatu zenituen; gainera, ofizialtasunaren aldarrikapena oso bizi zegoen garaian. Oraingo garaiarekin zein desberdintasun nabaritzen duzu?

Beste garai batzuk ziren. Esango nuke, garai hartan, herria aktibatuta zegoela selekzioaren ofizialtasunari bultzada emateko, herri nahi hori oso presente zegoen baina ez zitzaion Federaziotik horri bide ematen. Garbi dagoena da, honek aurrera egingo badu, garrantzitsuena herriak eskatzea da, herriak bultzatzea, herria presente egotea eta esatea, era guztietara, gure herriak kiroleko mapa horretan ordezkatua izan behar duela. Iniziatiba duen Federazio bat beharrezkoa da indar hori kanalizatzeko, eta politikoek ere horretara egon behar dute, korapilo hori beraiek askatu beharko dutelako. Hiru hankatako bat edo bi beste alde batera begira baldin badaude, oso zaila da.

Askotan gustatzen zaigu atzera begiratzea eta orduko kontu batzuk hobeak zirela pentsatzea. Esaterako, jokalarien konpromisoa. Ados zaude?

Ni ez naiz jokalariak jo puntuan jartzearen aldekoa. Jokalariei egin behar zaiona da testuinguru hori lagundu. Gizartean guk norberak, banaka, ikusi behar dugu baita ere selekzioen inguruan zer egiten dugun eta nola bizitzen ditugun Mundialak, Eurokopak eta abar. Herrietan ere badago hausnartu beharra Euskal Selekzioa presente ez dagoenean beste selekzio batzuk nola animatzen ditugun eta nola naturalizatzen ari garen beste selekzio batzuk, gureak balira bezala.

«Iniziatiba duen Federazio bat beharrezkoa da indar hori kanalizatzeko, eta politikoek ere horretara egon behar dute, korapilo hori beraiek askatu beharko dutelako»

Geldirik egon zarenean zenbateraino jarraitu duzu futbola?

Ez dut gehiegi deskonetatu. Reala utzi nuenean, ez nuen erreta edo aspertuta bukatu. Dinamikak eramaten zaitu eromen batera eta tira, distantzia bat hartu nahi izan dut. Futbol partida asko ikusi ditut. Reala, Sanse, nesken partidaren bat, Eibar, Cadiz, Arsenal, Amorebieta... Lehen ez nuen denborarik hartzen lagunen partidak ikusteko. Gure alaba ere futbolean dabil eta hori ere ikusten dut, eta hortik ere ikasten da zerbait.

Imanol Alguacilekin Arabiara joateko aukera sortu zitzaizun?

Bai.

Eta zergatik aukera baztertu?

Arrazoi ezberdinak daude. Realeko ibilbide horretan gauza askorekin disfrutatzen nuen, eta gustora nago lortu eta egin ditugun gauza askorengatik, baina nire bizitza ez da hori bakarrik. Bikote bat daukat, bi alaba ditut eta beste inguru bat daukat; futboletik aparte ere beste gauza batzuetan ere badaukat interesa. Sentitzen nuen behar nuela futbolarekiko distantzia bat hartu eta beste gauza askori, batez ere familia eta ingurukoei, denbora gehiago eta kalitatezko denbora eskaini.

Mikel Labaka, Zubietan, Realeko lan-saio bat gidatzen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Elkarrizketa batean aipatu zenuen futbola ez zela ezinbestekoa. Etenaldi laburraren ostean, futbolera itzuli zaren honetan, bihurtu al da ezinbesteko?

Ez, ez dut sentitzen ezinbesteko denik. Bai sentitzen hasi naiz nahiko natural nagoen mundu bat dela. 45 urte ditut eta beti esaten ari naiz futbolik gabe bizi naitekeela baina beti futbolean nago. Egia esan, pentsatzen dut futbolik gabe bizi naitekeela eta ondo bizi naitekeela. Azken hilabete hauek hori berresten dute. Bestalde, futbol munduan nahiko natural sentitzen naiz eta horregatik, ez diot uko egin nahi futbolari. Ez nago itsututa futboleko eskaintzen bila, ez eta dena baztertzen.

«Agian 12 urteko seme-alaba bat ez dago prest egunero ikastolara joan eta bere gurasoak ez duela hamaikakoan sartu jokalari konkretu bat... Horrek ekarri diezazuke karga emozional handi bat eta sufrimendua ere bai»

Desgaste handia al da entrenatzaile izatea?

Desgastea ekartzen du zure ingurukoek sufritzen duten horrek. Zu hor zaude, jokalari edo entrenatzaile izan, eta asumitzen duzu horrek ekarri ditzazkeen ondorio guztiak: kritikak, on eta txarrak. Baina askotan ez diezu zure ingurukoei galdetzen ea beraiek prest dauden karga hori asumitzeko. Zuk seme alabak baldin badituzu, agian 12 urteko gazte bat ez dago prest egunero ikastolara joan eta bere gurasoak ez duela hamaikakoan sartu jokalari konkretu bat... Horrek ekarri diezazuke karga emozional handi bat eta sufrimendua ere bai.