Etxeparek frankofoniaren eremuan hizkuntza gutxituek dituzten erronkez hausnartuko du Parisen
Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitate ospetsuekin lankidetzan, bederatzi unibertsitatetako 20 hizlari bilduko ditu Etxeapre Euskal Institutuak Parisen azaroaren 19an eta 20an, hizkuntza gutxituen erronkez mintzatzeko.
‘Langues minorisées en contexte francophone: traduire, transmettre, transformer’ (‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan: itzuli, transmititu, eraldatu’) nazioarteko biltzarra egingo da Pariseko Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibertsitatean, Etxepare Euskal Institutuak bi erakunde hauekin lankidetzan antolatuta.
Topaketak Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurrenarekin bat egiten du, eta Ça colle au basque ekimenaren testuinguruan kokatzen da, unibertso frankofonoan euskararen eta euskal sorkuntzaren proiekzioa indartzeko abiatutako egitasmoa.
Biltzarrean bederatzi unibertsitatetako 20 hizlarik hartuko dute parte, testuinguru frankofonoan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronken inguruan hausnartzeko. Hala, Parisko bihotz akademikoan egoera diglosikoan daude hizkuntzen funtzio soziala eta hizkuntza aniztasuna ikusarazi eta aldarrikatuko dira.
Euskara abiapuntu eta inspirazio iturri hartuta, eremu frankofonoko hizkuntza gutxituen arteko elkarrizketa abiatuko da biltzarrean. Hiru mahai-ingururen eta bi hitzaldi nagusiren bidez, hizkuntza horien itzulpen-, transmisio- eta aintzatespen-dinamikei buruz jardungo dute, baita haien eskubideen aitortzari buruz ere.
Besteak beste, hizkuntzalaritza, itzulpengintza, literatura konparatua, zientzia politikoa, soziologia, antropologia eta kultura-ikasketen esparruko nazioarteko irakasle eta espezialistek hartuko dute parte kongresuan.
Euskara, unibertso frankofonoko beste hizkuntza gutxitu batzuekin batera —hala nola Guyana Frantseseko hizkuntza indigenak, Antilletako kreolera edo bretoiera—, hizkuntza gutxituen inguruko eztabaidaren erdigunean jarriko duen lehen mailako topaketa akademikoa izango da.
Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiaren hitzetan, «kongresu hau Parisko bihotz akademikoan egiteak balio sinboliko handia du: hizkuntzen eremuan euskarari bere lekua aitortzea eta hizkuntza-aniztasuna Europako balio gisa onartzea esan nahi du. Normalean periferian kokatzen diren hizkuntzak elkartuz, topaketak erdigunearen eta bazterren arteko harremana irauliko du zenbait egunez, hizkuntza gutxituen eginkizun soziala eta indar bizia lehen lerrora ekarriz».
Itzulpena, transmisioa eta instituzionalizazioa
Euskarak protagonismo berezia izango du kongresuan, ikergai zein eztabaidagai gisa. Gainera, Ipar nahiz Hego Euskal Herriko dozena erdi hizlarik hartuko dute parte. Frankofoniaren eremuan hizkuntza gutxituek gaur egun dituzten erronkak hiru eztabaida-zati nagusitan aztertuko dira.
Lehen zatia hizkuntza gutxituetako itzulpenari eskainiko zaio, eta itzulpen-politikak eta -praktikak aztertuko ditu hizkuntza horiek ikusarazteko edo baztertzeko tresna gisa. Bigarren zatiak komunitateek beren hizkuntzak eta praktika kulturalak berreskuratzeko, eraldatzeko eta transmititzeko dituzten moduak aztertuko ditu. Eta hirugarren eta azken zatiak arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen instituzionalizazioak dakartzan kontraesanak eta erronkak aztertuko ditu.
Aurten 15 urte bete dira Etxepare Euskal Institutuak bere jarduera abiatu zuenetik, eta urteurren hori ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan kokatzen da kongresua. Ospakizun ekitaldi nagusia ordea azaroaren 19an egingo da, Frantziako Liburutegi Nazionalean (Bibliothèque nationale de France, BnF).