40 minutu, 8.000 taupada elkartasun eskean

Gazteentzako ezinbesteko jaialdi horietakoa bihurtu da 40 Minutu Rock, agerikoa da hori eta hor eragiten eta espetxe politikak sortzen duen drama gizarteratzen dabiltza sorreratik. Izan ere, argi dute belaunaldiz belaunaldi gure errealitatearen zati bat transmititzea garrantzitsua dela.

Gazte indarra agerian Landakon.
Gazte indarra agerian Landakon. (Aritz Loiola | Foku)

8.000 pertsona bat eginda izan dira Durangoko Landako Gunean hiru urteren ostean bueltan etorri den 40 Minutu Rock jaialdian. Goizean goizetik nabaritu da jendea jaialdiaren egarriz zegoela, izan ere goizeko 10:00etarako sarreran pultsera trukean pilatu dira hainbat eta hainbat pertsona, tartean NAIZek eskainitako harpidetzak gauzatzeko QR bila zebilenik ere bazen ordurako.

Asko izan dira jaialdirako herrietako mugimenduetatik antolatutako autobusetan Anbotopera iritsi direnak, tartean Alex Altuna NAIZ Irratiko lankidea. Hark kontatu digunatik autobusean bertan dagoeneko sumatu zitekeen jaialdirako irrika, musikak lagunduta kantari gerturatu direlako Donostiatik Durangora.

Eguerditik mikroa eskuan dela ibili gara Landakoko erreakzioak jasotzen eta denetarik kontatu digute bertaratuek. Rotten XIII eta Brigade Loco ziren galdegin diegunen artean gehien aipatu dituzten taldeak. Jatorriari erreparatuz, berriz, Mendaro, Lekeitio, Iruñea, Deba… eta Mallorcako jendearekin egin dugu topo. «Kultura sustatzeko eta preso eta senideei gure babesa erakusteko egin beharreko jaialdia» dela aipatu du batek. Espetxe politikaren kaltea gertutik tokatu zaionik ere izan da NAIZ Irratiko mikroaren aurrean eta «zeinen gogorra den espetxe politikak preso eta senideei sortzen dieten mina» azpimarratu dute.

Hori bai, guztiek argi zuten zein den jaialdiaren helburua, sufrimenduarekin behingoz bukatu eta azken festa egun handi bat ospatzea, «ahal bada, datorren urtean, preso eta iheslari guztiak etxean eta kalean direla».

Goizetik topera

Ateak ireki eta gutxira hasi da Bengo artista oiartzuarra bertaratu den publikoa berotzeko lanetan. ‘Sayek’ kantuarekin hasi eta zaletuak dantzan jarri ditu lehen unetik. Esan zigun zuzenean eta bandarekin bere proposamena desberdina zela ‘4 taupada’ aurkezten zuenetik ‘Bizirik’ aurkeztera igo denera, eta bai, erabat horrela da. Ordubete aparta eskaini du Bengok.

Aurtengo Durangaldeko talde bakarra izan da segidan testigua hartu duena, Iheskide. Gogoratu behar dugu Ihesbide deitzen zela taldea aurretik, baina hauek ere kartzelaren gordina eta espetxe politika ankerra zer den ezagutu zuten eta hortik Iheskide izatera pasa izana. «Tinko gurean, azkena atera arte!» oihukatu eta kantu bat bestearen atzetik jo dute, etenik gabe. Landakon geroz eta jende gehiago biltzen zen bitartean.

«Musika eta elkartasuna jorratzen etorri gara» esan dute, jaialdia zertarako den gogoraraziz eta mezu zuzen bat bota dute jarraian: «Argi eduki borrokak eramango gaituela askatasunera». Publikoa etengabe izan da abesten, eta jaialdiaren gauza nabarmenenetako bat hori izan da gaurkoan, hasi eta buka publikoa abesten aritu zela. «Presoak gogoan ditugun honetan, iheslariei besarkada, herria delako beren arnasa eta herrira itzultzea haien ametsa», egin du aldarri Elorrioko hirukoak.

Umorea bikain erabili dute Unidad Alavesakoek, belaunaldien arteko talka lotura bilakatzeko: «Zuen gurasoekin saskibaloian jokatu nuen!»

 

Unidad Alavesakoak izan dira atzetik jarraitu dutenak. ‘Made in Germany’ izeneko lana eskuartean dutela etorri badira ere, Euskal Herrian sortu eta euskal komunitatearekin erabat lotuta daudela erakutsi dute. Umorea ere bikain erabili du Artola taldekideak, belaunaldien arteko talka haien arteko lotura bihurtzeko. «Zuen gurasoekin saskibaloian jokatu nuen» edota «suabe gazteak, egun luzea duzuela aurretik-eta» bezalako mezuak bota ditu, publikoa poltsikoratuz. Horretarako behar handirik ez zuen arren, haien kantuen hitzek erakarrita-edo, ordubetez oihuka egon delako Landakoko publikoa. «Kausa honen alde ea azken kontzertua den, baina ez gure azkena», gogoratu dute Unidad Alavesakoek.

Rock doinu gogorragoetara itzuli da festa bazkalorduarekin batera, Lukiek taldeak hartu baitu oholtza. Ping-pong partida moduan ibili dira egun guztian ikusleak, oholtzatik oholtzara. Ginger taldearen indar eta energia deskargaren ostetik Brigade Locoren txanda izan da. Txantreako Martin izan dute gaur bosgarren kide bezala, gainera, Mikel Sotoren osteko lehen gitarra-jotzailea. Bergararrekin lehertu egin da guztia eta publikoaren erantzuna ere tamainakoa izan da, Skabidean taldeko Idoia Tapia ere igo da oholtzara ‘Gaztelu baltza’ elkarrekin abesteko.

Perlata talde arrasatearraren ordua iritsi da gero. Ordubetez dena eman ostean, ekitaldiaren garaia iritsi den arte.

Asko borrokatzeko

Ekitaldia bi zatitan banatu dute 40 Minutu Rocken. Performance moduan egin dute lehen zatia, kartzelatik atera den presoarekin bere umeak izandako elkarrizketa bat irudikatuz. «Gogoan duzu lehenengoz topo egin genuen aldia? Beira-xafla batek banatzen gintuen eta azalpean senti genezakeen erlojua lasterka» hasi da emanaldia, baina beste gogoeta sakon batekin bukatu dute ikuskizuna: «Nahi dugunean ikusten dugu elkar. Aurrez aurre gaude orain. Hau ote da askatasuna?», zer pentsatua ematen duen galdera.

Igor Gonzalez Sola, Asier Aginako, Txetxu Urteaga... errepresioaren ankerkeria irudikatzen duten izenak entzun dira ekitaldian

 

Bideo proiekzio bat izan da segidan eta bertan egun presoen egoerak ankerra izaten jarraitzen duela azpimarratu dute. Badirela dispertsio politika pairatzen dutenak, azken orduetan hirugarren gradua atzera bota eta berriz ere espetxera itzuli behar dutenak gogoan izan dituzte, iheslariak ere bai. Halaber, 2020ko irailean Puerto de Santa Mariara bidean istripua pairatu zuten 7 senide eta bi gidariak, edota ordutik hona zendu diren Igor Gonzalez Sola Martutenen zegoen preso politikoa; hilabete beranduago, 9 hilabetez soilik aske eta larriki gaixo zegoen hil zen Asier Aginako eta, urte berean, Caracasen hildako Txetxu Urtiaga Repulles erbesteratua ere gogoan izan dituzte.

«Euskal jendartearen inplikazioa erabakigarria izan da urruntzea eta sakabanaketa amaitze aldera. Baina hemen jarraitzen du salbuespenak, injustiziak: gure inguruan, lagunen, auzokoen, senideen edo gure haragietan. Hemen. Bada. Asko dugu borrokatzeko, baita aurrera begira ere», mezu argi utziaz bukatu dute ekitaldia.

Goizaldera arte

Ekitaldiaren ostean goizaldeko ordu txikietaraino luzatuko da festa. Party&Tiza, DJ Reimy, Bulego, Rotten XIII, Merina Gris, Huntza eta Dupla izango baitira Landako gunea itxi bitartean festa eta aldarrikapena aurrera eramango duten taldeak.

Skabidean taldea ezin ahaztu ordea. Iruñerriko taldeak ‘Begiak kliskatuta’ kantua sortu baitu 40 Minutu Rock jaialdirako propio eta Landakon abestu duten unea berezia izan da. Ea begi kliska gutxi behar ditugun 40 minutuen drama behingoz ahazteko, denak etxean eta aske edukita. Izan bedi azkena.