MIREN AMURIZA
IRITZIA

Angela Davis Atharratzen

Angela Davis Atharratzeko maskaradan egon zen otsailaren hasieran. Agenda publikotik kanpo joan zenez gero, inork gutxik jakin zuen, baina iragan astean argazki bat publikatu zuen Facebooken eta berehala hedatu zen sarean. Irudian Davis eta zamaltzaina (emakumea) ageri ziren Pirinio elurtuen magalean elkarri gerritik oratuta. Gerora Kazeta.eus atarian irakurri nuenez, Euskal Herriaren ikuspegi osotuagoa irudikatu gura zuelako joan zen Zuberoara gure lagun Angela. Orain hilabete izango zukeena baino askoz oihartzun apalagoa izan du notiziak egunotan, izan baitugu titular eta txioak borobiltzeko aurreragoko izenik. Erretratu hura ikusi nuenean, ordea, kontatzeko, partekatzeko beharra sentitu nuen.

Gisako zerbait sentitu zuten milaka internautak 2011ko otsailean, Siriako gatazka lehertu berritan, “A gay girl in Damascus” bloga agertu zenean. Amina Arraf zelako emakume batek homosexualitatea nola bizi zuen kontatzen zuen bertan (Sirian penalizatuta dago) eta aho-bizarrik gabe kritikatzen zuen Al-Assaden erregimena. Aste gutxi batzuen buruan, milaka jarraitzaile batu zitzaizkion. Udaberrian, atxilotze arriskuan zegoela eta ezkutatu egingo zela publikatu zuen Arrafek eta ekainaren hasieran jakinarazi zuen bere lehengusina batek bahitu egin zutela. Nazioartean oihartzun handia izan zuen eta “Free Amina” kanpaina jarri zuten martxan, LGBT komunitateak bultzatuta; hain entzutetsua izan zen, ezen BBC eta “The Guardian”-eko zenbait kazetarik buru-belarri ekin baitzioten ikerketari. Baina hari muturrei tiraka, uste bako matazarekin egin zuten topo: Amina Arraf ez zen existitzen, Tom Mcmaster izeneko historialari batek eraiki zuen den-dena bere Edinburgoko bulegotik. «Mendebaldeak Siriara begiratzea» omen zuen helburu, baina bertakoen sinesgarritasuna mehetzea eta bien bitartean benetan jazo ziren sarraskiak oharkabean pasatzea besterik ez zuen lortu. Nahiz tupustean sinesgaitza egin, apur bat pentsatuta, ez litzateke hain zaila horrelako bat asmatzea, ezta? Komunitate egituratu batek babestuko lukeen pertsonaia bat hartzen duzu, ipintzen duzu bere profilarekin kontraste nabarmena egiten duen testuinguru batean, idazten duzu horri buruz eta hedabide fidagarri samar batek retweeteatzen badu… eginda dago!

Tira, orain gure artean, onartu begiak (edo azpiak) umeldu zaizkizula Angela Davis zamaltzainarekin irudikatzean eta birritan pentsatu barik partekatuko zenuela argazkia; aitortu azken asteotan aukera presentatu den bakoitzean bota duzula «Angela Davisek dioen moduan…», baina urrian ez zenekiela nor zen ere. Biba maskaradak eta #FreeAmina! Barkatu, #FreeAmina… eta beste guztiak!