gara, donostia
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Leire

Etorriai juergan, ahaztezina izangoek!», lagunaren azken whatsappa. Ez da haren mezua parrandan ateratzen konbentzitu duena. Ezta pentsatu ere! Gutxi behar du gautxoriaren gisan ibiltzeko, baina are gutxiago begiz jota duen emakumeak ea aterako den galdetzen baldin badio. Aspaldidanik dabiltza jolaskeriatan Leire eta bera, hurbildu ez hurbildu, orain bai, orain ez, elkar topatzera jolasten. Handitzen eta elikatzen ari diren suak ez du oraindik erretzen. Are gehiago ari dira epelera hurbiltzen, distantzia zehatzera dauden bi astroren oreka. Udaberri is in the air.

Erre egiten du plantxak, eta, larregi lisatuz gero, kiskaliko zaizkio txukun lisatutako jeansak. Bakarrik bizitzen hasi arte baino ez du ulertu armairuko arropa garbiaren misterioa. Independizatu izanaren ordainsaria. Merezi du, zer demontre! Nahi duen orduan iritsi, mahaia jaso gabe laga, gurasoen erretolikarik ez, presaren presaz ohea egin gabe utzi… horrela bai! Sutan mugikorra, mezuak jaso eta jaso: parrandarako tenorearen seinale. Arropa elegante oraindik umel beroak jantzi, orraztu, lurrina bota eta haren abestirik gustukoena ezustean mugikorrean: dei ezkutua.

Ez du hartu. Gehiegizkoa izan da azken bi asteetako spam-dei bonbardaketa. Nazkatu beharrean, belarriak gozatu dizkio gitarraren hasierako riff-ak, deiadarrak iraun bitartean. Hartu beharrekoak hartu, eta kalera. Lagunartetik lehena izan da iristen. Dardarka patrika. Deia mugikorrean: ezkutua. Azkenarekin, laugarren aldia da etxetik atera ostean jasotakoa. Leire izan daiteke, lagunetako bat edo asteak mikaztutako inozo horietakoa. Larunbata da, ezin gogaikarririk izan; gainera, Leire kinielan dago. Hartu du. «Bai?». Kaleko zaratotsa gainjarri zaio ahots ahulari. Leku gordean sartu, eta «bai?», saiatu da berriz, bestaldean kuadrillakoren bat edo Leireren arteko ahots nahasketaz, ez oso ezti ez oso garratz.

Sudurretik hartu eta botatako arnasaldi pisutsu pausatuak. Behin aditu du oso-osorik, mutu. Are ozenagoa bigarrena, erlaxazio-tekniketan ariko balitz bezala. Hirugarrenak hozkia hedatu dio lepo atzean, haren bizkarra ura eta arnasaldia elektrizitatea. Eskegi. «Birika-gaixotasundun agureren bat izango huen, euskaraz ulertu ez, eta blokeatu!», arrazoituz bere buruari. Kontua da ez dela lehen aldia azken egunotan berbera gertatzen zaiona. Eta ez da izango. Badaki.

Asteko ezinegonak kentzeko afaria egin dute. Horiek zenbait orduz estaltzeko gutxienez bai; itzuliko dira biharamunean itzuli behar badute. Akaso, zurrutari gehiago eman diote janari baino. Dena den, lagunarte horretan ez da albiste; haien esanetan: afaldu denbora galdu. Eta ez dute segundorik xahutu, gauaren onenean hantxe baitaude tabernan gorputzak musikarekin astintzen eta zintzurrak blaitzen. Erlojuaren abiadura biziagotu dela dirudi, minutuak istant baitira, garunera iltzatuak. Gertakariak gainjartzen, algarekin nahasten eta ametsaren forma hartzen. Gau gogoangarriaren trazua. Eta are gogoangarriagoa barran ikusi duen emakumea: Leire.

Harengana hurbildu da irribarretsu, taberna-zuloko zoru itsaskorra zapaltzen ez balego bezala, gauekoa ametsetik hurbilago errealitatetik baino. Erraietan daraman alkohol nahasketa baino nahasgarriagoa da haren sentsazioa, lotsatuta eta irmo sentitzen baita aldi berean. Elkarri eman dizkiote bina musu masailetan. Bi gazteen bisaia irribarretsuan ikus daiteke lotzen dituen hari ikusezina. Bi hari muturren arteko distantzia gutxitzen, bi gazteak hurbiltzen, abestitik abestira, garagardotik garagardora, txupitotik txupitora. Izarren distirazkoak dira haien begiradak tabernaren iluntasun mugagabean. Izar iheskorrak lez harrapatu du gozo Leireren aho bizkorrak. Muxu luzea. Argi-urtea, gazteen erlojuen orratzak luze izoztu dituena. Bata bestearen musuan, irrika basatienaren harmonian: mutilaren eskuak Leireren ilean; Leirerenak haren bizkarrean. Bi gorputzek, fisika tradizionalenari desafio egin nahiko baliote bezala, egiten dute bat, inguratzen dituen alkohol geruza finaren babesean. Ikara sorrarazi dion xuxurla egin dio Leirek belarrira, hotzikarak deseginez haren azala. Eskutik estu oratu dio neskak, taberna ilunetik at eramanez gaztea, mutiltxoa parkera daraman alaitasunez.

Parkeko argi epelek argitzen dute gazteen maitasuna, haurren jostailuzko etxolaren leiho-zulotik sartutakoa. Ahoa ahoarekin, lepoa ahoarekin, eskuak bularrekin, bularrak bularrekin. Kontrolik gabeko sutea piztu da jolastokiko haur-etxolan, baina ez da suhiltzailerik etorri. Eta ez dira etorriko. Gazteen esku irekiek nahi lukete bestearen gorputz osoa ukipen bakarrean sentitu. Ez zaie esku ahurretan sartzen hartu nahi luketen guztia. Korapilatzen gorputzak, suaren ederra, txinpartaren gorena. Gorputz gose-egarritsuak blaitzen. Leku gordeagora joateko unea: mutikoaren etxera.

Bidean, haren mugikorra kexaka: 13 dei galdu eta whatsapp mezu-oldea. Dei ezkutuak denak, eta ezezagun baten mezua eta argazkia pantailan. Irudiari sakatu dio duda-mudatan, eta belztu da pantaila. Gauaren argi ezak ez dio lagundu argazkia hobeto ikusten. Iluntasunetik iluntasunera ateratako argazkia dirudi. Gehieneko dirdiran jarri du gailua: ezer gutxi hobetu. Argi-itzalak baino ez, itzalak argiak baino gehiago. Armairu barrendik ateratakoa iruditzen zaio, apalen eta arropen tankerakoak. Dardarka mugikorra: dei ezkutua. Beldur irrazionalak hartu dio buru-agintea. Atzera begiratu du, norbait segika ote duten, izuz. Ez da hartzen ausartu, ezta Leireri ezer aitatzen ere. Telefonoa hartu gabe entzun dezake arnasaldi sakon sorgorra. Hotzikarak. Pausoa arindu.

Etxeko ate aurrean, oinetako-zolek garbitzeko alfonbra zapaldu. Babesa sentitu du, behingoz. Atariko atea ireki, eta etxeko giltzak eskuan. Muxu amultsu beroa eman dio Leireri, hark gogotsuago erantzun duena. Kitzikatzen hasia, beroaren beroaz, erori zaio giltzatakoa, atea bakarrik ireki eta esku batek barrura eraman dituenean.

Mikel Gartziarena San Policarpo

Donostian jaioa duela 26 urte. Lehen Hezkuntzako irakaslea, eta tesi-lanetan buru-belarri orain.