Alaia Martin
IRITZIA

Altxa eta eseri

Horrela hasten den esaldi bat sekula erabat zuzena ez denaren jakitun…). Bi pertsona mota ezagutzen ditut: beti pentsatzen dutenaz ziur daudenak, zalantzan bizitzen ez dakitenak; eta bigarren taldean, beti zalantzan bizi direnak, ziur egoten ez dakitenak. Lehen taldekoak, zalantzaren bat bularraldea hazkatzen hasi orduko, zalantzan duten ziurtasunerantz erradikalizatzen dira eta ez dute onartzen euren sistema bitarretik kanpoko ñabardurarik. Bigarren taldekoak, atseden hartzeko, ziurtasun baten erdian esertzear daudenean, kolpez altxatzen dira eta norabide guztietarantz korrika hasten, aukeratzeak ukatzen dituen aukera posible guztien posiblegarritasuna atzetik segika balute bezala.

Bi pertsona talde hauek ez dute hartu-eman erraza. Ziur daudenek ziur daudenekin hitz egiteko joera izaten dute, elkarri arrazoi emateko, edo elkarren arrazoiaren aurka sutsuki eta trazu lodiz jarduteko. Bi kasuetan indartu egiten da ziur dagoenaren ziurtasuna.

Zalantzan erosoago bizi direnek zalantzan erosoago bizi direnekin dute elkarbizitzarik erosoena. Orduak pasa ditzakete hizketan eta hizketan izan daitekeen guztiaz eta izan ez daitekeen guztiaz, eta aldi berean bi gauzak batera izan daitezkeen gauzez, eta tartean behin zalantzan jartzen dute zalantzan bizi ote diren edo euren ziurtasunak indartzeko autoengainu mekanismo bat baino ez den etengabe seguru daukatena zalantzan jarri behar hori bera ere. Ziur daudenak motzak dira zalantzati askorentzat, zuri-beltzekoak eta ziurrentzat zalantzatiak konplexuegiak, ez-errealistak eta grisak.

Batzuen bizitzan egoteko modua egotea eta irautea da, eta besteena, izatea eta puskatzea. Batzuen bizitzan egoteko lekua barra ertzeko erdigunea da eta besteena barra ertzetik urrunen dagoen mahaiaren pareta ertzeko aulkia. Batzuk mikrofono aurrean bekokia zimurtzen eta ozen hitz egiten abilak dira eta beste batzuek mikrofonorik gabeko gela baztertuetan egosten dituzte gero mikrofono aurrean ozen irakurriko diren hitzak. Batzuek uste dute ate guztietarako giltza euren eskuetan dutela eta beste batzuek zalantzan jartzen dute zein den bilatzen ari diren atea eta giltza behar den, kontaktu txartela edo atea bota behar ote den. Batzuek biziraupenerako ziurtasuna behar izaten dute, egindako hautua egin behar zuten hautua dela errepikatzea. Biziraupenerako, edo bizitzak lehen bezain leun iraungo duela ziurtatzeko. Beste batzuek etengabe jartzen dute euren biziraupena besteenaren aurretik eta gero ondoren eta gero aurretik eta gero parean eta diagonalean gero. Aurrera egiteko modu bakarra ez-ziurtasunean ez lokartzea balitz bezala. Behin lokartuz gero, amets guztiak galduko dituzten beldur. Lehen taldekoek oso ongi ezagutzen dute elkar, eta bigarren taldekoek askotan ez dakite beren taldeko jendea dagoenik ere. Deitu A edo B, deitu zuri edo beltz, deitu eskuin eta ezker…

Uste dut bi taldeok ez direla taberna berdinetan elkartzen. Taberna batzuetan ez dago ertzik eta dena da zutikako eta bat-bateko, eta beste taberna batzuetan pintxoak bakarrik egoten dira barran eta egunkariek hegalak zabaltzen dituzte mahaietan.