Gurutze Anduaga
IRUDITAN

«Erregeari» gorazarre

Legendak halaxe dio. Bazela XVIII. mendean Brasilen «errege» izendatu zuten esklabo bat. “Chico Rei” izenarekin egin da ezagun bere inguruko historia, nahiz horren benetakotasuna frogatzeko nahikoa bermerik ez izan egun. Kongon jaiotako gizasemea ei zen “Chico Rei”, bere lurretan errege izandakoa, “Calanga” izenez ezaguna. Kontakizunak dio esklabozale portugaldarrek bereganatu zutela emazte, alaba eta semearekin batera eta Rio de Janeirora eraman zituztela esklabo. Itsasontziz egindako bidaian ekaitzak jo zuen itsasoa eta emaztea eta alaba itsasora jaurti zituzten marinelek, jainkoak lasai zitezen, enbata akaba zedin. Brasilen Francisco izenarekin bataiatu zuten eta bera eta semea Ouro Pretoko meategi batean lanean jarri zituzten, esklabo. Gerta zitekeenaren aurka eta martirioari lekurik utzi gabe Chico-k –halaxe deitzen zioten– lanean jardun zuen goizetik gauera semearen eta bien askatasuna erosteko nahikoa diru lortu arte. Esaten denez, urrezko meategi hartan bere ile harro eta kizkurren artean gordetzen zuen “Chico Rei”-k meategitik ateratzen zuen urre hautsa. Nahikoa diru irabazi ei zuen haien bien askatasuna ez ezik Kongotik etorritako hainbat esklaboren askatasuna ere lortzeko. Hortik, bere «errege» lizentzia. Goiko irudiko oinak esklaboen hankak izan litezke, baina urtero Brasilen bere omenez egiten den jaialdi batean hartutako argazki batekoak dira. «Erregeari» gorazarre egiten diotenekoa.