Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Chan-wook eta fabula beltzaren taupadak

Park Chan-wook «No Other Choice» filmaren aurkezpenean, 2025eko urriaren amaieran, Savannah-ko (Georgia, AEB) SCAD zinema jaialdiaren 28. edizioan.
Park Chan-wook «No Other Choice» filmaren aurkezpenean, 2025eko urriaren amaieran, Savannah-ko (Georgia, AEB) SCAD zinema jaialdiaren 28. edizioan. (Paras Griffin | Getty Images)

Donostiako Kresala Zineklubak eskaintzen duen programazio bikainaren barruan, atzerabegirakoek ere badute tokia. Iaz, esaterako, Park Chan-wook hegokorearrari eskainitako zikloa antolatu zuten. Zuzendariaren hainbat lanek jada bi hamarkada baino gehiago dituzte bizkarrean, eta askorentzat -bere garaian pantaila handian ikusteko aukerarik izan ez zuten ikusleentzat bereziki- oparia izan zen haren zinema atmosferiko eta bortitzaren munduan murgiltzeko aukera izatea.

Aurten, Park Chan-wooken unibertso pertsonala berriz ere gure zinemetan izango da. Otsailaren 13an iritsiko da Hego Euskal Herriko aretoetara “No Other Choice”, zuzendariaren lan berria. Filmak ikusmin handia piztu du nazioarteko zinema jaialdietan, eta berretsi egiten du zuzendariak bere burua etengabe berrasmatzeko duen gaitasuna, bere lanaren ezaugarri izan diren gaiak eta forma lerroak baztertu gabe. Oraingo honetan, thriller kutsuko komedia beltzean murgilduko da, satira eta gehiegikeria erabiliz lan merkatuaren egiturazko indarkeria eta kapitalismoaren deshumanizazioa erretratatzeko.

Abiapuntua, arrunta bezain asaldagarria: enpresa berean 30 urtez aritu ondoren kaleratua den gizon bat, sistemaren engranajean berriz sartzeko ezintasunaren aurrean. Lehiaren logika muturreraino eramatea erabakiko du, biziraupena joko ergel eta krudel bihurtuz. Kontakizun sozial errealista izan zitekeena fabula garratz eta zirraragarri bilakatzen da Parken eskuetan, non umore beltzak, biolentzia estilizatuaren eztandak eta eszenaratze milimetrikoak etengabeko tentsio dramatikoa ehuntzen duten.

Chan-wookek erakutsiko du artifizioa eta gehiegikeria ez dituela soilik ikuslea zirikatzeko erabiltzen; bere zineman hiperbolea gizartearen ispilu desitxuratua da, eta biolentzia, helburu bat baino gehiago, bazterketa eta prekaritatea normalizatzen dituen sistema baten sintoma gisa agertzen da.

“No Other Choice” lan berriak zuzendariaren filmografiarekin elkarrizketa bizi eta organikoa sustatzen du. Izan ere, Parkek beti arakatu ditu desiraren, erruaren eta indarkeriaren eremu ilunenak. Nazioarteko ospea “Mendekuaren trilogia”-rekin lortu zuen: “Sympathy for Mr. Vengeance”, “Lady Vengeance” eta “Oldboy” filmekin.

Gero, bere erregistroa zabaldu zuen “Thirst” pelikularekin -banpiro mitoaren berrinterpretazioa, fedeak eta desirak talka egiten duten lurraldean-, edota “The Handmaiden” lanarekin, egitura narratibo konplexuagatik eta diseinu bisual bikainagatik nabarmendu zen thriller erotiko sofistikatuarekin. “Decision to Leave” filmean, berriz, Parkek aurpegi malenkoniatsuago eta helduagoa erakutsi zuen, zinema beltza eta melodrama erromantikoa sentsibilitate bereziarekin uztartuz.

Ezinbesteko zinemagilea da Park Chan-wook. Otsailean, beraz, ezinbesteko hitzordua duzue zinema aretoetan: Parken begirada zehatz, bortitz eta liluragarriak berriro ere gure pantailak zeharkatuko ditu.