MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Politikatik probiotikara

Politika mundua hilabete eta erdi barru Euskal Herriaren hegoaldean izango diren hauteskundeei begira dabilen bitartean (kanpaina luze honetan ari al da norbait erakundeen eguneroko martxa zaintzen?), itxura hartzen diot herritarrok aspertu samar gaudela dagoeneko eta beste interes arlo batzuk jorratzeko beharra ere badugula.

Opor egun hauetan, kroketa batzuk aurrean, garagardo bat eskuetan, askorentzat obsesio iturri bihurtzen den gai batek merezi du pare bat minutuko hausnarketa: zenbat kilo ditugu soberan? Prest al gaude udan, bikinia edo bainujantzia lasai ederrean janzteko? Modaren esklabo gara? Emakumeok gara presioa jasaten dugun bakarrak? Gizonezkoak ez al dira lotsatzen tripotxa handiegia dutela iruditzen zaielako, edo bularra jausiegia? Modeloak gara, edo gizon-emakume arruntak? Eta osasuna?

Dakitenek diote urte gutxitan sekulako iraultza biziko dugula jateko kontuetan. Seguruenik egiaztatuta geldituko da Feuerbachen esaldi famatua: «Zer jaten duen, huraxe da gizakia».

Gure gurasoen garaian, arrain urdina osasunerako txarra zela kontatu zieten (eta batzuetan, baita oliba olioa bera ere); guri kontrakoa esan digute, baina arrautzak gutxi jan behar direla, eta kolesterola neurri egokietan izan nahi bada, hobe dugula txerrikiak eta grasa saturatuak albo batera utzi. Orain arte egia izan diren kontu guzti hauek goitik behera alda daitezke denbora gutxian: hasteko, datorren udazkenean, ziurrenik, AEBetan bost urtean behin argitaratzen den Dieta Gidan, kolesterolaren inguruko aholkuak asko alda daitezke. Badirudi, kasu jakin batzuetan izan ezik, benetan arriskutsua dena gorputzak berak sortzen duen kolesterola dela, ez hainbeste jakiekin hartzen duguna. Zenbat etxetako afalorduetara itzuliko da tortilla naturala (frantsesa, Hegoaldekoentzat)?

Baina kolesterolaz harago, benetako iraultza, itxuraz, hesteetatik etorriko omen da. Diru publiko eta pribatuaz, mundu osoan ehunka ikerketa daude martxan (eta Europan ez makalak), hesteetan bizi diren milioika bakterioen benetako papera ulertzen saiatzeko. Gure zelula bakoitzeko, hamar bat bakterio bizi dira gurekin, eta gero eta ebidentzia gehiago dago esateko zerikusi zuzena dutela gure osasunean. Mikrobiota deitzen diote bakterio multzo horri adituek, eta itxuraz, gaitz neurologiko, kardiobaskular, immunologiko eta onkologikoetan paper handia jokatzen dute. Ikerketa hasi besterik ez da egin (probiotikoak, prebiotikoak...nork ez ditu entzun), eta medikuntzara sekulako iraultza ekar omen dezake. Itxuraz, jaten dugunak zuzenean eragiten die gurekin bizi diren bakterio horiei, eta askotan, jateko ohiturak aldatzea nahikoa izan daiteke bakterio horiek gure osasuna zaintzeko.

Jaten duguna omen gara, alajaina. Lastima da, ordea, hilabetetako kanpaina luze honetan ikerketa zientifikoaz ia inork ezer esan ez izana. Mitxelinak kentzea ondo dago, baina Euskal Herrian ere bada mikrobiota ikertzen ari denik. Eskerrak!