Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eliza, bustitzen bakarra

Eraikinaren ate nagusiaren aurreko jende ilara imajinatzen nago. Beheko Estatuaren hiriburuko etorbide nagusian dut orain irudimena. Igande goiza da. Bederatzietan puntuan bozgorailutik txunta-txunta hasi eta hara! ate nagusia kolpez zabaldu eta ilarakoak arrapalada batean sartzen dira, ukondoka, izeneko saltoki handi bateko hilaren hasierako merkealdia balitz bezala. Nahasian sartu, bai, batzuk toga besapean, beste batzuk uniformea aldean eta ahuntza arrastaka, beste batzuk sotanaz, eta badira kalez jantzitakoak ere, tertuliakoez aparte. Politikari batzuk ere hurbildu dira atera, birakaria delakoan. Auzitegi Konstituzionalaren eraikina da, azkenaldi honetan Estatu hartan lanpostuak sortu dituen gobernu-enpresa bakarra; prekarioan betiere. Dirudienez, hamabietan berriro zabalduko dute ate nagusia, Ejertzitoak erreserbatik deitutakoak sar daitezen. Ez, ez dirudi angelusa ospatzeko denik, baina Estatu hartan zeinek jakin? Bitartean, hurrengo ikasturteari begira argitaletxeak hasiak dira kolore gehiago erosten, penintsulako mapa politiko berrirako.

Egun berean, Kantauri aldeko lur hauetan, politikak ohiko bazterretatik segitzen du, erdiko bidea libre utzita. Batzuek lehengo bietan jarrai utzi eta beste batzuek dietan jarrai segitzen dute, ariketa egin bai baina izerdia bota gabe, badaezpada ere. Izan badira aldeak, batak alde bateko bidearen alde; alde bikoaren aldeko, besteak. Eta pentsatzen hasita, zer gauza handia izan behar duen aldebikotasunak, alde bi baleude behintzat! Ez dakit, baina kaiku ikusten ditut nik batzuk, kilometro zero hain estu hartuta non mugitu ere ez diren egiten. Egia esanda, foru-nazioan bustitzen bakarra Eliza da, galdetu bestela euri egunetan San Mameseko katedralera doazen fededunei! Hurrengo sinodoa Bilbon baietz!