Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gerra hotzaren hotsak

Panorama ez dago batere argi. Ez, ez nago gure beheko Estatuan antzezten ari diren nahi eta ezin horretaz, munduaz nago, Bilbo Handitik kanpoko munduaz. Hara! Azken egunotan handik eta hortik ditut entzunak gerra hotz berri baten hotsak.

Nonbait, hango Europako Sirian muntatu duten gerra zibilaren aurrean batzuek eta besteek dituzten aurreiritziek hemengo Europa bera gerra hotzaren bidean utzi dute. Hala esan du, errusieraz, mahaien bueltan izaten den buruetariko batek. Gerra hotzaren hotsak, ostera. Hau kolpea! Noiz eta beroketa globalaren garaian etorri gerraren hotza! Ama, ama!

Total, gerra hotzaren aldeko gas-emisioek jarraituko bide dutenez, distantzia luzeko oliobideetan batez ere, hasiak dira batzuk eta besteak hesietan pentsatzen. Nonbait, mundu honetako mugek nahikoa mugatu ez –ez nago salgaiez orain–, eta mugez gain hesiak ere altxatu nahi! Zerezkoak eta altzairuzkoak altxatu! Ostera ere!

Litekeena da Berlingo haren hondakinak oroigarri modura etxeratu zituztenei, bideoek grabatuak, orain bueltatzeko exijitzea, berriz hesi osoa izateko. Baina bada ere hor, burtsaren talaiatik, negozio aukera ikusi duenik, Europako altzairugintzarako irtenbidea ikusi ere! Sindikatu klase batzuentzat altxatu nahi diren hesiak altzairuzkoak balira gaitz erdi! Ekoizpenerako bermea bederen. Amen.

Tira, gatozen behingoz harira! Titiriteroak gogoan, harietatik tiraka hasi eta aska dadila mataza! Lekuan lekukoa. Euskal Herrian berezko agenda dug u, hesiak bota nahian, panoramaren aldaketa bidean. Gehienok behintzat, abian. Edo. Jelkideak ere. Horra hauen azken apustua, mugaz gaindiko Nafarroatik egina, gizarte segurantza sistema aldatzea. Txalogarria benetan, bazuten garaia Ertzaintza eredua aldatzeko! Gauza bat gutxiago aldatzeko diren gauzen zerrendan.