GARA
BILBO
Profila

Unibertsitatean eta kalean, askoren irakasle

Antxon Mendizabal, EHUko irakasle eta militante nekaezina bihotzeko gaitz batek jota zendu zen iragan astelehenean, 70 urte betetzear zituela, Basurtuko ospitalean. Berria atsekabez hartu zuten bera ezagutzen zutenek, eta egun osoan sare sozialak dolu mezuz bete zituzten Unibertsitatean zein beste hainbat zereginetan kide izan zutenek. Izan ere, campuseko mugetatik at ere jende askok irakasle gisa hartu du Tonino urte askotan, maisu bezala.

Mendizabal 1946an jaio zen Arrasaten, eta bertako San Viator ikastetxean eta Eskola Politeknikoan ikasi zuen. Oso gazte zela, oraindik hemezortzi urte betetzeke, ETAn sartu zen, herriko beste hainbat gazterekin batera. Erakundeko beste kide batekin goi-tentsioko kable batean ikurrina jartzen ari zela, laguna atxilotu eta berak ihes egin zuen. Edonola ere, gero epailearen aurrean aurkeztu eta kartzelan sartu zuten denbora laburrez. 1968an Ipar Euskal Herrira alde egin zuen, gero Parisera eta azkenik Lovainara. Unibertsitate sonatuan Ekonomia ikasketak egin zituen.

Bere herrira ia hamarkada bat beranduago itzuli zen, 1977an, eta, besteren artean, Euskadiko Kutxan jardun zuen lanean zenbait urtetan. 80ko hamarkadaren erdialdean EHUko Kazetaritza eta Gizarte Zientzien Fakultatean irakasle hasi zen, Ekonomia klaseak emanez. Gainera, Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko kide ere bazen. Bere ikasle askok ere gogoan izan zuten atzo.

Militante eta langile fina, hainbat ekimenetan murgilduta ibili da azken hamarkada luzeotan, betiere independentzia eta sozialismoaren xedean bere ekarpena emateko asmoz. Belaunaldi desberdinetako jende askok eta askok bere hitzak entzun izan dituzte eman dituen hamaika hitzalditan.

GARA eta NAIZeko Iritzia sailean ere hainbat kolaborazio argitaratu zituen, hala nola ekonomiari edo autodeterminazioari buruzkoak.

Aldizkari espezializatuetan artikulu ugari argitaratu zituen eta, besteak beste, “Ekonomia sozialaren erronkak kapitalismo globalean” eta “La globalización: perspectivas desde Euskal Herria” liburuen egile ere bazen.

Bere azken ekarpenetako bat “Ametsen Liburua”-n topa daiteke, bere ametsetako bat olerki moduan utzi baitzuen bertan.