Askatasuna
Egitasmo xumea izatekoa zen, antolatzaileek –unibertsitate ikasle eta komunitateko kideak denak– iragarri zutenez. Hiru orduz “Askatasun doinuak” lelopean musika jotzea, abestea, poemak irakurtzea zen helburua. Eta hala egin zuten ekimenera lotutakoek: geografia, kultura, hizkuntza, talde etniko ezberdinetako gizabanakoak, askatasun ororen defentsa aldarrikatzearen beharrak bilduta. Azken hilotan Indian jazotako gertakariak aintzat hartuta –Modiren gobernu faxistak unibertsitatearen eta prentsa askatasunaren kontra egindako erasoak–, kolonialismo garaitik hona beren herrialdeak aurre egin behar izan dien arazo politiko, ekonomiko eta sozialak hizpide zituzten kantuak abestu zituen gazte talde batek hindi, bangla, urdu, marathi, tamilera eta Indiako beste zenbait hizkuntzatan. Ijito jazzak ere izan zuen bere tokia ekitaldian, Parisko aldirietan ijito kanpamentu batean jaio eta hazitako Django Reinhardten teknikaren zale amorratu batzuen eskutik. AEBetako gerra zibilaren garaian borrokatzera behartu zuten gazte batek guda-zelaian bertan idatzitako kantuak ekarri zituen gogora beste musikari talde batek. Gabriel Arestiren “Gizonaren ahoa” poema ere –“ez ezazue tapa/ gizonaren ahoa/ Hitzaz bali dadin,/ hitza zerbitza dadin”– izan zen entzungai. Italiako partisanoek iragan mende erdialdean abestu zuten “Bella ciao”-k itxi zuen saioa. Hizkuntzak, jatorriak, talde etnikoak, adinak, sexuak, klaseak, ez zuten garrantzirik izan egun hartan. Une batez borroka bat eta bera zen. Hemen eta han.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
