Surflari ernegatua

Landa Nazaren

Landa Surflari Ernegatu honen lagun txar bat da. “Lola”, Cicatrizen abestia bezala. Hau da, “Lola” Cicatrizen abesti txarrena da, baina hala ere ona da. Ba hori, lagun txarra, baina laguna. Igeltsero enpresa batean zebilen moto istripua izan zuen arte. Motoa, beste autoa eta inguruan zen guztia txikitu zituen bere buru handiarekin istripu hartan, baina zorionez, bere buruak egun, osorik jarraitzen du.

Beste edonor halako ostia hartu aurretik ere hilko litzateke, baina antza, zeruan ere ez zuten lekurik Landarentzat eta bueltan bidali zuten. Horrela, lepotik sabelera sendagileek ireki zioten kanala berriz josi eta osatu zenean kalera itzuli zen, aizkolariak gurtu, txuletak jan, patxarana edan eta ordu txikitako azken taberna zuloak ganoraz ixtera.

Iazko azaroan, Axi Muniain, bere txikitako laguna, Nazaren olatu erraldoiak hartzen ari zela jakin zuenean autobus bat hartu eta Portugalera abiatu zen. Lau ibilgailu aldaketa egin ostean iritsi zen helmugara, eta han zuen zain Muniain, hau ere, bera bezala, bi bider jaioa, eta mila bider bizitzeko gogoa duen sugarra. A ze bikotea!

Landak ez du surf egiten. Ia bi metroko altuera du, ez da inoiz kirolaria izan, orain igerian nagusi badabil ere, eta tipo baldarra da, zentzu guztietan. Hala ere, Muniainek berekin itsasoratzeko proposamena egin zionean ez zuen bi bider pentsatu. Hobeto esanda, ez zuen pentsatu, eta, kartoizko neopreno bat eta zapatila parea jantzita, uretako motoaren atzealdean eseri zen, inguruan zuen jendeak ez joateko egiten zizkion erreguei jaramonik egin gabe.

Hortik aurrerakoa film bat egiteko modukoa da. Han doa Landa bizitza jokatzera irribarre zabal batekin, sagardotegira joaten den patxada berarekin. Gerturatu dira Nazareko urautsira, eta han, mundu mailako dozena bat surflariren artean, Landa, denei «hello» esaten. Munianek olatuaren gainaldetik zer ikusten den erakutsi nahi dio, eta baita gertutik erakutsi ere. Eta horrela ibili dira, jolasean, etxe baten altuera duten olatuen gainaldean gandorrak lerratzen. Bat-batean, olatu erraldoi batek azpian antzeman dituen arte. «Baaaaaaaaarkatu Laaaaaaanda!», oihu egin dio Muniainek. Landak, bularraldean zirujauek utzi zioten orbain beretik bihotza ateratzeko zorian duela sentitu du, baina milioika litroko ur masa oso gertu izan arren, onik atera dira. Muniainen trebeziari esker.

Moilara itzultzeko ordea, berriz itsaso zabalera itzuli behar da, eta Muniainek, hondartzan geratzeko aukera luzatu zion arren, Landak, portura oinez itzultzeko batere asmorik ez zuela erantzun zion. Ia ordu bat behar izan zuten berriz ere apar erraldoiei iskin egiten urautsia zeharkatu eta ubidetik lehorreratzeko. Iristear zirela olatu munstro batek antzematen zituen eta berriz hondartza aldera itzuli behar izaten zuten. Horrela, behin eta berriz saiatu ziren, baina lortu zuten.

Orain, Landa munduko olatu handien komunitatean ere ezaguna da, surfik egiten ez badu ere, eta GARAk surfari eskaintzen dion atal honetan ere bere lekua irabazi du. Lastima, irakurleek istorio hau berari zuzenean entzuteko aukerarik ez izatea, Surflari Ernegatuak heroi ospetsuei garrantzi handirik zergatik ematen ez dien ulertuko zenukete.