Iturria, tropeleko dieselik onena
Urnietarrak garaipen bikaina eman dio Euskadi-Muriasi Urdazubin, helmugatik 20 kilometrora jotako erasoari zukua ateraz.

Mikel Iturriak sekulako garaipena eskuratu zuen Vueltako hamaikagarren etapan, Donapaleu eta Urdazubi lotzen zituen etxeko aurreneko hitzorduan. Urnietarrak poz galanta eman zion euskal afizioari eta, batez ere, Euskadi-Muriasi, taldearen etorkizuna kolokan dagoen une honetan. Iaz Oscar Rodriguezek Los Machucos gainean lortutakoa ederra izan bazen, zer esan atzo egindako balentriaz.
Iturria eguneko ihesaldian sartu zen, eta gorabehera askoren ostean, azken 20 kilometroetara inguratzen ari zirela eraso bikaina jo zuen, aurkariak zalantzan harrapatuz. Urnietarrak 40 segundoko aldea ere izan zuen une batzuetan, baina asko sufritzea tokatu zaio azken txanpan. Sarako aldapa gogorrean 10 segundo eskaseko aldearekin zegoen, oraindik zazpi kilometroren faltan, baina zorionez atzetik zuen boskotea ez zen erabat ados jarri lan egiteko eta Iturriak bikain baliatu zuen hori helmugara bakarrik iristeko.
«Ez dut profesionaletan inoiz garaipenik lortu eta aurrenekoa hemen lortzea, Vueltan eta etxetik horren gertu, sekulakoa da niretzat. Ametsa egia bihurtu da», adierazi zuen urnietarrak amaieran, egindakoa oraindik asimilatu ezinik. «Oraindik ezin dut sinetsi, nik uste gauean etapa lasai ikusten dudanean konturatuko naizela lortutakoaz».
«Etapa ikustera etorria nintzen», onartu zuen gipuzkoarrak. «Ihesaldian sartzea zen asmoa, baina hortik etapa irabaztera sekulako aldea dago. Azken metroetan ahotsak entzuten nituen, ezagunak asko, eta saiatu naiz atzera asko ez begiratzen. Zorionez dena ongi atera da eta garaipena lortu dut», gaineratu zuen azken metroetan izandako sufrimenduaz.
Taktika erabakitzeko modua ere azaldu zuen Iturriak: «Aurreneko erasoetan atzean geratu naiz. Oso diesela naiz, sentsazio onak nituen baina erritmo aldaketak ezin nituen jarraitu. Azkenean aurrekoekin bat egitea lortu dugu eta apur bat lehenago Odrik [Jon Odriozola zuzendaria] esan dit ‘egin hilda bazeunde bezala eta harrapatzen dituzuenean jo erasoa’».
Ihesaldi jendetsua, tropela lasai
Eguneko ihesaldi jendetsua hamargarren kilometro inguruan sortu da eta guztira 14 gizonek osatu dute, tartean lau euskal txirrindularik: Gorka Izagirre (Astana), Mikel Iturria (Euskadi-Murias), Alex Aranburu eta Jonathan Lastra (Caja Rural). Eurekin batera multzoan sartu direnak Jorge Arcas (Movistar), François Bidard (Ag2r), Lawson Craddock (EF), Damien Howson (Mitchelton), Amanuel Ghebreigzabhier eta Ben O' Connor (Dimension Data), Matteo Fabbro (Katusha), Angel Madrazo (Burgos), Remi Cavagna (Deceuninck) eta Benjamin Thomas (Groupama) izan dira.
Tropelak oso lasai hartu zuen eguna eta aurrekoen abantaila handitzen joan zen nabarmen. Izpegi igotzen hamar minutuko aldearekin hasi ziren iheslariak eta argi zegoen garaipena aurrean zegoela. Une horretan hasi zen, hain zuzen ere, euskal ziklisten erakustaldia.
Mendatean gora Alex Aranburu eta Gorka Izagirre izan ziren aurrera egin zutenak, eta tarte politarekin igaro zuten gaina. Zenbait kilometrotan biak egon ziren lasterketa buruan, baina Otxondoko igoeran atzetik zetozen txirrindulariek bat egin zuten beraiekin. Borroka berriz ere hutsetik hastear zegoen.
Baina egoera hori ongien baliatu zuena Mikel Iturria izan zen. Urnietarrak asko sufritu zuen ibilbideko azken igoeretan, puntuagarriak izan ez arren oso gogorrak zirelako. Remi Cavagna lehenik edota Damian Howson gero gipuzkoarra harrapatzetik gertu ibili ziren, baina Iturria gai izan zen une zailenetan ere tarteari eutsi eta helmugaraino bakarrik iristeko.
«Ilusioaren eta sinismenaren garaipena izan da. Badakigu Iturria oso txirrindulari diesela dela, eta irabaztekotan urrunetik jo beharra zeukala. Horretara animatu dugu eta behin aurrera egin ondoren autotik ahal izan dugun bultzada osoa ematen saiatu gara», esan zuen Jon Odriozolak pozarren garaipena erdietsi eta minutu gutxira.
«Iaz Oscar Rodriguezen garaipenean emozioz hilko nintzela pentsatu nuen, eta aurten berriz gertatu da. Argi dago guk garaipenak horrela lortzen ditugula. Horregatik bereziki eskertu nahi dut jarraitzaile guztien bultzada eta animoa, beraiek eman digutelako garaipena lortzeko behar genuen derrigorrezko segundo gehigarri hori».
Atzetik, gainera, Jonathan Lastra bizkaitarrak bigarren postua eskuratu zuen azkenean. «Irabaztea oso zaila da, baina garrantzitsua lehian sartuta egotea da. Alex Aranburuk txispa gehiago duenez ni saiatu naiz urrunetik jotzen. Uste nuen harrapatuko gintuztela, baina azkenean bigarren postua lortu ahal izan dut», eskertu zuen.
Gorka Izagirrek bederatzigarren amaitu zuen, eta Aranburuk hamaikagarren. «Azken kilometroak kaos hutsa izan dira. Eraso asko egon dira eta zaila zen kontrolatzea. Orain hanka apur bat altxa beharko da eta beste aukera bat bilatu», izan ziren ezkiotarraren hitzak.
Tropelak gero eta lasaiago hartu zuen etapa, 2016an bezala, eta helmugan 18 minutu eta 35 segundora sartu zen, sailkapen nagusian aldaketarik gabe.
Hiru igoera oso gogor 35 kilometroan
Vueltak Euskal Herrian jarraituko du gaur, Los Arcosen kokatuta dagoen zirkuituan abiatu eta Bilbon amaituko den hamabigarren etaparekin. Guztira 171 kilometroko ibilbidea izango du eta azken zatia oso gogorra izango da.
Lehen kilometroetan Azazeta igoko dute txirrindulariek (4,9km, %3,9), baina benetako festa azken 35 kilometroetan hasiko da, hiru mendate jarraian aurkituko dituztelako ziklistek. Lehenik Urruztimendi igoko dute (2,5km %9,2), ondoren Vivero (4,3km %7,7) eta azkenik Arraiz (2,2km %12,2). Hirurak mendate motzak dira baina oso pikoak, eta berritasun nagusia azkenengo igoera da, Arraizkoa. Antza denez, itzuliko antolatzaileek Roberto Laisekari eskatu zioten Bilbo inguruan mota horretako aldaparen bat aurkitzeko eta txirrindulari bizkaitarraren proposamena ezin egokiagoa iruditu zitzaien.
Lasterketa ikustera bertaratu nahi dutenek jakin dezatela etapa 13.12an hasiko dela Los Arcosen, Azazeta gainetik 14.15 aldera igaroko dela, Gasteiztik 14.35 aldera, Otxandiotik 15.20 inguruan, Urruztimenditik 16.30 aldera, Viverotik 16.45 aldera eta amaiera 17.30 inguruan dago aurreikusia.A.A.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
