Jon GARMENDIA
Idazlea

Estuasuna

Nartziso zuriak aipatu nituen aitzinekoan, zalantzan, erreferente ditudanei galdetzea besterik ez neukala. Garbiñe Larreari galdetu nion, eta baietz, beti horiak ezagutu ditudanak zuriak ere izan daitezkeela izena galdu gabe. Erran zidan Jakoba Errekondok zerbait idatzi duela berriki nartzisoei buruz, leitu behar dudala; nola ez! Pello Zabala nuen beste kuttun bat, fraide frantziskotarra, altxorra gordetzen duen kofrea bera ere. Zenbat jakinduria hil zen berekin! «Ez zaidazu galdetu gauza ilun guztien arrazoi gordea, nora ote dihoan, denbora aldakorrak daraman bidea». Tira, Nartzisoren mitoa kontatu behar dudala ekarri dit honek guztiak, eta hurrengo astean bukatuko dudanez, hauxe sarrera: Ovidio poetak eman zuen ezagutzera Nartzisorena, “Metamorfosiak” liburuan eta, seguruenik, hura baliatuko zuen Pedro Calderon de la Barcak ehunka urte berantago “Eco y Narciso” antzerki drama idazteko. «Seguruenik» frogatutzat emateko era izango da, baina nahiago dut irudimenari bidea libre uztea eta pentsatzea balizko faktoreetan. Poema liburua latinez idatzi zela, eta Calderon apaiza ere bazela, haiek zekitela garai haietan gure garaiotan itzalia dagoen hizkuntza… eta abar. Gaztetan ia behartu egin gintuzten Calderon ikastera, baina “La vida es sueño” plazerez irentsi nuela oroitzen dut beti. Gizakia bere askatasunean, bizitzaren ibilbide zehatz bati jarraitu gabe, estuasunean erori gabe. Hobe genuke guk ere. Gutxienez, amets gehiago egin.