Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Bozkarioa

Hau irakurtzen duzuenerako (asko izango zaretela imajinatu nahi dut, dozena erditik gora behintzat), “demokraziaren festa” igarota izango da. Hemendik aurrera, musean bezala, handira, txikira, jokoa eta 31 mahaiaren gainean izango dira. Enbido asko eta hordago gutxi ziur aski. Mus jokalari onak eta txarrak daude, irabaztearren trikimailuetan aritzen direnak. Badute hauteskundeak musetik asko; bietan, estrategiak eta parekoaren jokoa asmatu behar, nork bere jokoa egiteko. Baina pasa berri den kanpainan batzuk, muserako eskasak izanik, tranpetan aritu dira, joko arauak lokazten. «Zer zerikusi du honek ipuin kontaketekin?», ariko zarete zuen buruari galdezka.

Behin bazen muslari amorratu bat, galtzea arras gorrotatzen zuena. Deabruarekin tratua egin zuen eskutik beti 31 izango zuela. Ordainez, deabrua haren arimarekin geratuko zen. Sekulako arrakasta izan zuen. Heldu zen, ordea, deabruak bere ordaina jasotzeko ordua. Eta jokalariak, betirako bozkario horretan egongo zela usteta, ezin zuen sinistu. Deabrua engainatu nahi izan zuen. Honek, berriz, «Zure denbora amaitu da», esan zion. Muslari harroputza pixkanaka desagertzen joan zen, hondartza marean gora nola.

Hala gertatu ohi da bozkario zuriarekin. Faltsua eta erositakoa denean, itsas mareak eramaten du. Benetako bozkarioa tranparik gabe datorrena izan ohi da. Bozkaren bozkarioa hala izango ote? Hala bada, hala bedi.