Kluba indartsuagoa egiteko begirada berria

Realak ofizialki aurkeztu du Maider Castillo, eliteko emakumezkoen futbolaren arduraduna. Fitxaketa berria, postu berria eta helburu garbia: emakumezkoen atala indartu, orain arte izan duen hazkundeari bultzada berri bat emateko.
«Pausoak ematen jarraitzen dugu -adierazi zuen Joseba Ibarburu kontseilariak-. Emakumezkoen taldeen eraikin esklusiboa inauguratu berri dugu, atalerako medikua fitxatu berri dugu... Klubaren asmoa gero eta indartsuagoa izatea da, egitura hobea, talde gehiago, teknikari gehiago, jokalarien detekzio gehiago, begirada gehiago barruan eta kanpoan... Eta hor kokatzen dugu Kirol Zuzendaritzaren barnean sortu dugun figura berria».
Oso ezaguna da karguan arituko den emakumea. «Eibartarra, gipuzkoarra, jokalaria, gero Levanteko Kirol Zuzendaria. Jokalariren bat edo beste ‘lapurtu’ digu noizbait», esan zuen Ibarburuk. «Baita zuek niri ere», erantzun zion Castillok, barreka.
Hori izango da bere lana, neurri batean, lehen taldearen ardura hartuko baitu batez ere, Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin elkarlanean. «Maider sendotzera dator, indartzera -azaldu zuen Etxeberriak berak-. 21 denboraldi daramatzagu hazi eta hazi, baina ikusten genuen beste behar batzuk bagenituela, eta inkorporazio honek are indartsuago bihurtuko gaitu». Esperientziak eta prestakuntzak eman dioten ezagutzaz gain, Castillok «begirada berri bat» eskainiko dio Realari. «Kanpotik datorren begirada bat. Hazten jarraitzeko zer behar dugun ikus dezala eta lagun egin diezagula bide horretan, denok batera lan egin dezagun ahalik gorenen egoteko, elite taldearekin zein prestakuntza futbolarekin».
BALIOA EMAN
Erronka anbiziotsua eta polita da, eta horregatik Castillok ez zuen «inolako zalantzarik izan» baiezkoa emateko. Horregatik eta Realak eskaintzen dionagatik, lan egiteko baldintza bikainak, alegia. «Proiektu egonkorra aurkitu dut, sendoa, baliabide onekin, emakumezkoen futbolerako instalazio berri eta esklusiboekin, talde tekniko on batekin, egitura on batekin, klubaren egituran erabat integratutako lan-metodologia batekin... Hori guztiari balioa eman behar zaio, emakumezkoen talde guztiek ez baitute halakorik. Taldean lan egiteko eta profesional eta pribilegiatu sentitzeko leku ezin hobean nago», esan zuen.
Etxeberriarekin osatzen duen lantaldearen helburuei dagokienez, honako hau adierazi zuen: «Garapen mailan, erreferentzia izatea Gipuzkoan eta inguruetan orain bezala. Zubietako jokalaria arlo guztietan prestatzea lortu behar dugu -tekniko-taktikoki, baldintzapean, kognitiboki...-, Liga profesional batek duen exijentziari erantzuteko. Eta kanpoko jokalariek etorri nahi izatea».

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
