Ane URKIRI
Kazetaria

Konplexurik gabe, eredugarri

Arrakasta zenbakietan neurtzen da: garaipen kopuruan, garaikurretan, gol kantitatean... Alba Menendezek eta Esther Arrojeriak horretan ere ez lukete konplexurik izan behar, Bera Berarekin 25 eta 23 titulu lortu baitituzte, hurrenez hurren. Europa mailan ere, beren kemenez, ekinaren ekinez, historia egin dute. Baina Menendez eta Arrojeriaren ekarpena tituluez gaindi doa. Konplexurik gabe, eredugarri izan dira, porrot zein garaipenetan, aldarrikapenetan, aldagela egiten, zale eta prentsarenganako arretan... «Bera Bera zer den» ongi baino hobeto transmititu diete taldera batutako jokalari berriei, bai eta zaleei ere, nortasuna inoiz gal ez zedin. Euskararen normalizazioan ere aritu dira, eta, kirol profesionalean joera zein den ezagututa, ez da makala.

Donostiako kluba babeslekua izan da beraientzat eta beraiei esker, beste batzuentzat ere babesleku bilakatu baitute kluba; gune seguru. Umezurtz geratuko da Bera Bera, iparrorratza apur bat lausotuta -ziur Maitane Etxeberria lekuko ona izango dela-. Zaila izango da 8 eta 3 zenbakien atzean Menendez eta Arrojeria ez ikustea, une zailenetan taldea bizkarrean hartu eta hauspotzen, garaipenerako gosez baina porrotean ere duintasunez. Bi kapitain, Bera Beraren bi alma materrak.