Jon GARMENDIA
Idazlea

Absentzia

Hala erran omen zuen Oteizak, hau da, «hutsunea ez dela betetzen, ez dela margotzen, baizik eta pentsatu egiten dela», eta berak «hutsuneari buruz pentsatu baino sentitu» gehiago egiten duela aitortu dizu, «absentziak beldurraren bazterrak handitu dizkidalako», eta «hutsunea eta absentzia ez ditut bereizten».

Ohartu zara bere ile kuskuildua ez dela askorik mugitu, gehienera, eskuineko belarriko orezta handitu zaiola, hala iruditu zaizu behintzat. Entzumena eta ikusmena paralelo desberdinetan zeneuzkan seinale. Etxean, hiztegia hartu, eta absentzia, «gabezia, falta» dela irakurri duzu, eta baita «ez egotea» ere, «aldentzea, urrunaldia». Hutsunea aldiz «zuloa» dela, «hutsik egotea», eta baita «amildegia» ere. Ordea, zeren absentzia ote du berak, zeren hutsunea, berea, ala besterena?

«Ir y quedarse, y con quedar partirse», Imanolek Lope de Vegaren sonetoari jarritako musika oroitu duzu orduan; orain laurehun urte madrildarrak idatzitako esaldia: «susmoak sinestea eta egiak ukatzea da munduan absentzia deitzen dutena, ariman sua ukaitea eta bizitzan infernua». Oroitu duzu bestalde, Puerto Ricotik Hector Lavoek saltsa pixka bat ezarri ziola gaiari, «no importa tu ausencia, te sigo esperando» kantatuta. Baina azkenik, Kusturikak «Underground» filmean baliatutako «Ausencia» malenkoniatsuak astindu dizkizu bazterrak, Goran Bregovicen musika eta Cesaria Evoraren ahots paregabearekin, «Ausencia, ausencia, si asa um tivesse pa voa na esse distancia...» alegia, hegalak balitu distantzia gaindituko lukeela, «orduan esnatuko nintzateke zure bular gainean, eta absentzia ez litzateke nehoiz gehiago gure errealitate izango». Bete ezin diren hutsunez beteta gaudelako. Pentsarazi ordez min egiten duen absentziaz, sentitu nahi ez den horrez. Kontuan hartuta, guk ere sortzen ahal dugula guk sentitzen dugun gauza bera, absentzia.