Nekane Diez aurrelariak beste urtebeterako berritu du Athleticekin

Hamalau denboraldi eman ditu aurrelari bizkaitarrak kamiseta zuri-gorriarekin eta beste urte baterako kontratua sinatu du Athleticekin. Bibiane Schulzek, bestalde, utzita jokatuko du Valentzian, lehen taldean aukera gutxi edukiko duela ikusita

Nekanek 350 partida jokatu ditu kamiseta zuri-gorriarekin 2007an debuta egin zuenetik. (Aritz Loiola/Foku)
Nekanek 350 partida jokatu ditu kamiseta zuri-gorriarekin 2007an debuta egin zuenetik. (Aritz Loiola/Foku)

Nekane Diezek Athleticen jarraituko du. Aurrelari bizkaitarrak 15. denboraldia emango du kamiseta zuri-gorriarekin bere kontratua urtebeterako berritu ondoren.

Abuztuan 30 urte egingo dituen futbolariak 2007an egin zuen debuta Athleticekin, Mariño utzi ondoren. Harrez gero, 350 partida jokatu ditu, 158 gol sartuz. Zenbaki apalenak azken bi denboralditan izan ditu –27 partida bien artean–, lesioen eraginez.

Lau dira denboraldia amaitu zenetik kontratua berritu duten zuri-gorriak: Nekane Diez, Erika Vazquez, Andrea De la Nava eta berriro Ligako jokalaririk beteranoena izango den Vanesa Gimbert.

Zazpi dira, berriz, alde egin duten jokalariak: Andere Leguinak eta azken denboraldia Alavesen utzita eman duen Leia Zaratek erretiroa hartu dute, kontratua ez dute berritu Andrea Sierrak, Jone Ibáñezek –Deportivon jokatuko dute biek–, Cirauquik eta Marta Pereak eta, azkenik, Amaia Peñak eta Nerea Nevadok Eibarren eta Alavesen jokatuko dute, hurrenez hurren, biak ala biak utzita.

Lezamara, berriz, hiru jokalari etorri dira: Mariasun Quiñones eta Itxaso Uriarte Realarekin kontratua bukatu ostean eta Ainize Barea "Peke" Deportivotik.

Schulze, Valentziara utzita

Athleticek, bestetik, Bibiane Schulzek datorren denboraldian Valentzian utzita jokatuko duela adierazi du. Orain dela bi urte fitxatu zuen klub zuri-gorriak Alemanian jaiotako atzelaria bigarren taldean jokatzeko, polemika handia sortuz. Lehen taldearekin ere egin zuen debuta Schulzek 2020an baina partida hura besterik ez du jokatu eta orain, Athleticek Valentziari uztea erabaki du, lehen taldean aukera gutxi edukiko duela ikusita.

Bigarren taledan bere taldekideak izandako zortzi futbolari deitu ditu, berriz, Iraia Iturregik aurredenboraldia lehen taldearekin egiteko. Dagoeneko «nagusiekin» debutatzeko aukera izan duten Paula Arana, Mariana, Estefa, Clara Pinedo, eta Naia Landaluze eta Maite Zubieta, Ane Elexpuru eta Paula Esteban, hain zuzen ere.