NAIZ

Min hartuta badago ere, Araskiko Tamara Seda pibotak ez du belauneko lesio larririk

Kanaria Handiaren aurka belauna bihurritu zuen pibotak, eta pasa den igandean ez zuen Gironan jokatu. Azterketa medikuek «lotailu zein meniskoko lesiorik» baztertu dute, baina bere itzulera «progresiboa» izango omen da. Beraz, ez dirudi larunbatean IDK Euskotrenen aurkakom derbia jokatuko duenik.

Lesio larririk ez omen duen arren, ez dirudi Tamara Seda larunbateko IDK Euskotrenen aurkako derbirako prest izango denik.
Lesio larririk ez omen duen arren, ez dirudi Tamara Seda larunbateko IDK Euskotrenen aurkako derbirako prest izango denik. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aurrekontu oso mugatua dauka Kutxabank Araskik eta hargatik bederatzi jokalarik osatzen du Made Urietak zuzentzen duen taldea, harrobiko gazteen laguntzaz gain. Bederatzi horietako bat da Tamara Seda Mozanbikeko pibota. Kanaria Handiaren aurka hilaren 16an belauna bihurritu zuen mugimendu txar baten ondorioz, eta ez zuen partida hura amaitzerik izan, ezta pasa den igandean Gironaren kontra jokatzerik ere.

Talde gasteiztarrak aditzera eman duenez, hala ere, jokalari afrikarraren lesioa ez da espero bezain larria. Azterketa ezberdinen ostean ikusi ahal izan dutenez, «lotailu eta meniskoak» sano omen ditu eta, beraz, kantxara itzultzeko lanean hasiko da.

Alabaina, zaila da noiz itzuliko den jakitea, Kutxabank Araskiren prentsa oharraren arabera Seda «progresiboki» itzuliko da eguneroko lanera eta, beraz, errekuperazio lan horien «garapenaren arabera» erabakiko omen da noiz itzuliko den kantxara.

Ondorioz, ezinezkoa ez bada ere, zaila dirudi zapatuko euskal derbirako prest egongo denik. Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek larunbatean 19.00etan jokatuko dute Mendizorrotza kiroldegian Emakumeen Endesa Ligari dagokion bederatzigarren jardunaldiko partida eta goiztxo dirudi Tamara Sedarentzat.

Arabarren zorionerako, Kanaria Handiaren aurka eta baita Gironaren aurka ere garaipenak kateatu zituzten pasa den astean, aurrez hilaren 3an Vigon garaipen lehortea behingoan eten eta gero. Ondorioz, sailkapen nagusiko hamargarren postura igo dira, 3-5 balantzearekin, seigarren postuan dagoen IDK Euskotrenek baino bi garaipen gutxiago dituela eta laugarren kokatuta dagoen Lointek Gernika Bizkaiak baino hiru gutxiagorekin.

Bradford, ordezko bikaina

Bestalde, Lointek Gernika Bizkaiak ostegunean Emakumeen Eurocupeko partida jokatu behar du Montpellierren, aurreneko faseko ligaxka bukatzeko falta zaizkion bi neurketetatik aurrenekoa.

Talde frantsesaren aurka partida bikaina egin arren, 69-70 galdu zuen azken unean, Montpellier taldeko Tourek azken orduan hirukoa sartu eta Crystal Bradfordek erantzunik ezin emanda. Astebete beranduago, berriz, Poloniako Zaglebie Sosnowieci 78-59 irabazi zion eta, bada, hilaren 29an Polonian jokatu beharreko azken neurketari begira puntu alde polita hartu zuten D multzoko bigarren postua gutxienez bermatu eta hurrengo fasera sailkatu nahian.

Neurketa bietan Crystal Bradford izan da Lucas Fernandezek zuzentzen zuen taldeko jokalari onenetakoa. Bere lekuan hasiera baten Maya Dovson pibota fitxatu zuen talde bizkaitarrak, baina Dovson min hartura dago eta Bradford espero baino maila handiagoa ari da ematen.

1,83 metro neurtzen ditu Bradfordek eta hegal-pibot postuan aritzeko ez da handiegia; hau da, Dovsonen profilaz batekoz besterakoa da. Alabaina, jokalari ezkertia uztaipean zein hiruko marraz atzetik oso arriskutsua da eta talentu hori bikain erabiltzen ari da Lointek Gernika Bizkaiaren alde.

«Crystalek bikain ordezkatu du Maya, baina talde-lana azpimarratuko nuke. Talde luzea eratu dugu eta guztien lan horri esker eman diogu buelta Mayaren lesioari edo Angie –Bjorklund– joan izanari», adierazi du horren harira Lucas Fernandez entrenatzaileak «Radio Euskadin» egindako elkarrizketa baten.

Emakumeen Endesa Ligan batez beste 10,6 puntu eta 6,5 errebote ari da pilatzen 30 urteko hegal-pibot estatubatuarra, hasierako bostekoan ia sekula ez badago ere. Emakumeen Eurocupean, aldiz, 15,5 puntu eta 8,5 errebote lortu ditu batez beste Bradfordek. Bada, azken orduko fitxaketa egin bazuen, egin, talde bizkaitarrak, bete-betean asmatu zuen.